Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuak 346 intzidentzia erregistratu zituen 2017an, aurreko urtean baino 230 gutxiago

Argitalpen-data: 

Elebide_1.jpg
  • Guztien artean, 289 kexak izan ziren eta horien % 98tan urraketa euskara erabiltzeko eskubidearekin loturik egon zen.

Vitoria-Gasteiz, 2018/07/18            

Eusko Jaurlaritzak Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren 2017ko memoria onartu du aste honetan. Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak azaldu duenez,  2017an hizkuntza eskubideen urraketekin loturiko 346 intzidentzia erregistratu ziren, aurreko urtean baino 230 gutxiago.  Izapidetutako intzidentzia guztien artean, 289 kexak izan ziren, eta horien artean 283tan (% 98) urraketa euskara erabiltzeko eskubidearekin loturik egon zen; eta, 6 kasutan, eskubide-urraketa gaztelaniarekin lotuta egon zen. Kexa guztien % 83 (241 kexa) esparru publikoan gertatutako eskubide urratzeak ziren, eta % 17 (48 kexa) esparru pribatuari zegozkion.

Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua 2007an jarri zen abian eta helburua da hala eskatzen duten herritarrei beren hizkuntza-eskubideak babesten laguntzea, informazioa eta aholkularitza eskainiz. 2015 eta 2016 urteetan intzidentzien kopurua nabarmen hazi bazen ere (789 eta 576, hurrenez hurren), orokorrean egonkor mantendu da urteko intzidentzien kopurua. 2017. urtean Elebiden izapidetu ziren intzidentzien % 86 kexak izan ziren (herritarrek uste izan dute hizkuntza eskubideak urratu zaizkiela) eta gainontzekoak kontsulta (2), iradokizun (4) edo eskaerak (29) izan ziren.

Kexak esparruz esparru

Kexa guztien % 83 (241 kexa) esparru publikoan gertatutako eskubide urratzeak izan ziren, eta % 17 (48 kexa) esparru pribatuari zegozkion. Herri administrazio eta erakundeen kasuan, aurkeztutako kexen % 53 EAEko sektore publikoari zuzendu zitzaizkion, guztira 127 kexa (2016an baino 148 kexa gutxiago). Kexa hauen artean, 39 Eusko Jaurlaritzaren aurka izan dira eta 88 Jaurlaritzaren erakunde eta sozietate publikoen kontra. Entitate publiko hauen aurkako kexei dagokienez, 64 Osakidetzaren aurka izan ziren (iaz 208 izan ziren) eta 10 Lanbideren aurka. Jaurlaritza eta haren menpeko entitateez harago, Foru administrazioei 22 kexa zuzendu zitzaizkien; toki administrazioei,  51 kexa; Estatuko administrazioei, 25 kexa; eta bestelakoei, 16 kexa (normalean erakunderen baten baino gehiagoren menpe dauden entitateak dira hauek; hala nola, Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoa, BEC edota Metro Bilbao).

Esparru pribatuan jasotako 48 kexak honela banatzen dira: zerbitzu orokorretan, 14 kexa; merkataritzari lotuta 11 kexa jaso ziren; kultura eta aisialdia, 10 kexa; finantzak eta aseguruak, 5 kexa; irakaskuntza, 2 kexa; ostalaritza, kexa bat; eta, azkenik, gainontzeko arloak, 5 kexa. Esparru pribatuan irabazi asmorik gabeko erakunde zein elkarteak eta jarduera profesionalei lotutako erakunde eta enpresak hartu dira kontuan. Kexak onartzeko orduan kontuan izan diren arlo pribatuko hizkuntza-eskubideak bermatze aldera argitaratu ziren abenduaren 22ko 6/2003 Legea -Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena-, eta uztailaren 1eko 123/2008 Dekretua –Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko Dekretua-, horietan ezartzen baita zein erakunde edo enpresa dauden legez behartuta eta zein hizkuntza-eskubide bermatu behar dituzten.

Kexen tipologia

Iaz Elebiden izapidetu diren 289 kexak lau multzo nagusitan sailkatzen dira: idatzizko harremanetan gertatzen diren urraketak, ahozko harremanetan izaten direnak, hizkuntza-paisaian antzeman daitezkeenak (errotuluak, seinaleak…) eta internet eta sare sozialetan ikus daitezkeenak. Idatzizko harremanei erreparatuz, 108 kexa jaso ziren, kasu gehienetan salatzeko erakundeek gaztelania bakarrik erabili zutela herritarrekiko harremanetan. Ahozko harremanei dagokienez, 42 kexa izan ziren; horietan herritarrek nagusiki adierazi zuten euskaraz artatuak izateko eskubidea urratu zaiela.

Halaber, 27tan salatu zuten hizkuntza eskubideak, bietara, ahoz zein idatziz urratu zirela. Hizkuntza-paisaiarekin loturiko kexak 84 izan ziren. Kexa horiek bideetan eta jendaurrean gaztelania hutsean jarritako kartelei, kale zein laneko seinaleei, eta trafiko seinaleei egiten zieten erreferentzia gehienbat; eta 5 kasutan salatu zen erakunderen batek urraketa egin zuela, bai  herritarrekiko harremanetan bai hizkuntza-paisaian. Azkenik, Internet eta sare sozialetan gertaturiko arau urraketak 23 izan ziren, 2016. urtean baino bi gehiago.

Inzidentzien egoera

Elebidek izapidetutako 334 intzidentzietatik, 328 itxita zeuden 2018ko udaberrian: 317 kasutan herritarrari helarazi zaio erakunde urratzaileak bidalitako informazioa; eta gainerako 11 kasuetan, intzidentziaren itxiera, erakundearen erantzunik jaso ez baita. Aldiz, 6 intzidentzia itxi gabe daude eta euren bidea egingo dute 2018an zehar.  Kexen kasuan, 283 kexa daude itxita, eta gainerako 6 izapidetzen lanean ari da zerbitzua. Kontsulten kasuan, jasotako 12ak itxita zeuden urte amaieran; izan ere, Elebidek kontsulta bat jasotzen duenean, hori aztertu eta informazio gehigarria eskuratzen du, halakorik behar izanez gero. Txostena egindakoan, eskatzaileari helarazten zaio eta intzidentzia itxi egiten da. Izapidetutako 4 iradokizunei dagokienez, 4rak itxita daude.

Kexei erreparatuz, hiru kasu gerta daitezke: kexak irtenbide egokia izatea, alegia, konpontzea edo konponbidean egotea; kontrakoa, irtenbiderik ez izatea (herritarra erantzunarekin pozik ez geratzea edo erakundeak ez erantzutea); eta, azkenik, izapideen ondorioz, indarrean dagoen araudiari erreparatuta, urraketarik ez dela egon ondorioztatzea. Iradokizunaren hartzaile den erakundeari helarazten dio herritarrak azaldutakoa, horren inguruan hausnarketa egin eta erantzun edo txosten bat presta dezan. Elebidek, erantzun edo txosten hori jaso bezain laster, herritarrari jakinarazi egiten dio, eta, herritarrek kontrakorik esan ezean, intzidentzia itxi egiten da. 2017. urtean, 29 eskaera erregistratu ziren; guztiak itxita daude. Beraz, arau urraketa egon dela ondorioztatutako 260 kexa horietako % 89k irtenbide egokia izan du.

Aurkezteko era

Intzidentzia guztietatik 224 (% 65) webgunearen bidez aurkeztu ziren, eta 109 (% 31) posta elektronikoaren bidez. Guztira, herritarren % 96k bide telematikoen alde egin zuten, eta gainerako % 4ek bestelako bideak erabili zituzten. Bide ez telematikoei dagokienez, 7 intzidentzia aurkeztu ziren telefonoz, 2016. urtean bezala, eta 2 posta arruntez, aurreko urtean baino 15 gutxiago. Horretaz gain, 4 intzidentzia aurkeztu ziren Eusko Jaurlaritzako Zuzenean zerbitzuaren bidez.

2017. urtean zehar Elebidera jo zuten herritarren % 92k (318k) euskara erabili zuten zerbitzu honekin harremanetan jartzeko; eta beste % 8ek (28k), gaztelania. Azken kasu horietatik, 7 hizkuntza eskubideen araudiaren inguruko kontsultak izan ziren; eta beste 21, kexak (nahiz eta 13tan euskara erabiltzeko eskubidea urratu zitzaiela adierazi zuten). Emakumezkoek aurkeztu zituzten 2017. urtean zehar Elebide zerbitzura zuzendu ziren intzidentzien % 21 (74 intzidentzia), eta gizonezkoek % 79 (272 intzidentzia).