Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eider Rodriguez, Yolanda Mosquera eta Santos Zunzunegui dira aurtengo Euskadi Literatura Sarien lehendabiziko hiru irabazleak

EuskLiter222.jpg

2018.eko urriak 01

 

  • ‘Bihotz handiegia’, ‘La pequeña Roque’ eta ‘Bajo el Signo de la Melancolía’ izan dira saridunak Euskarazko Literatura, Literatura Lanaren Ilustrazioa eta Saiakera Gaztelaniaz modalitateetan, hurrenez hurren.
  • Gainontzeko lau modalitateetako irabazleak bi aste barru emango dira ezagutzera.

Donostia, 2018/10/01   

Eusko Jaurlaritzak aurtengo Euskadi Literatura Sarien lehen hiru irabazleak eman ditu aditzera gaur, Donostiako Mandasko Dukearen Liburutegian. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak ezagutzera eman dituzte saridunak Euskarazko Literatura, Literatura Lanaren Ilustrazioa eta Saiakera Gaztelaniaz modalitateetan.                                                                                                                           

  • Euskarazko Literatura: Eider Rodriguez, Bihotz handiegia.
  • Literatura Lanaren Ilustrazioa: Yolanda Mosquera, La pequeña Roque (Guy de Maupassant).
  • Saiakera Gaztelaniaz: Santos Zunzunegui, Bajo el Signo de la Melancolía.

Gaurko prentsaurrekoan Eider Rodriguez, Yolanda Mosquera eta Santos Zunzunegui izan dira, eta pozik agertu dira errekonozimendu honengatik. Zupiria sailburuak Euskadi Literatura Sarien bi helburuez hitz egin du: “Alde batetik, Sari hauek gure sortzaileen lana aitortzeko aukera ematen digute; bestetik, lan hori agerikoagoa egiten laguntzen digute. Sari hauek gure letrek eman duten onena albiste bilakatzeko beste aukera bat ematen digute, egileen lana gizarteari ezagutaraziz, eta, era berean, sortzaileei erakundeen zein gizartearen aitortza helarazten zaie”.

Sailburuak hiru epaimahaiek hartutako erabakien berri eman du, eta emandako arrazoietako batzuk ere irakurri ditu. Gainontzeko lau irabazleak bi aste barru emango dira aditzera: Gaztelaniazko Literatura, Euskarazko Saiakera, Euskarazko Literatura Itzulpena eta, azkenik, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura. Sariak azaroaren 27an banatuko dira, Gasteizko Artium Museoan egingo den ekitaldi batean.

Irabazleen inguruko informazioa eta epaimahaiek azaldutako merituak dokumentu honetan kontsulta daitezke.