Egin egunkariaren dokumentu-ondarea Euskadiko Artxibo Historikora mugitzea amaitu da, zortzi lanegunen ondoren

Egin23.jpg

2018.eko martxoak 14

-          Dokumentu-funtsak, guztira, 950 kaxa behar izan ditu; neurri horren helburua da horien kaltetze konponezina ekiditea.

Lan handiko zortzi egunen ondoren, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendaritzak Egin egunkariaren dokumentu-ondarea bere lehengo Hernaniko erredakziotik Bilbon dagoen Euskadiko Artxibo Historikora mugitzea amaitu du. Funts horiek lekualdatzeak, guztira, 950 kaxa behar izan ditu eta, orain, desinfektatu egin behar dira ikertzaileek dokumentu-ondare gisa erabili ahal izateko.

Mikel Aizpuru Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondareko zuzendariak adierazi duenez, Egin-en instalazioak “erabat abandonatuta” zeuden eta, beraz, “funtsen % 40 baino ez dago ikerketa-lanetarako erabiltzeko moduan”. “Hain zuzen ere, dokumentu-ondarea Artxibo Historikora mugitzeko arrazoia zen, ondare hori zegoen egoera ikusita, kalte konponezina ekiditea. Egun hauetan egiaztatu ahal izan dugunez, materialaren zati batek jasan du kalte hori; hala ere, hainbat dokumentu eta argazki ikertzaileek erabiltzeko moduan daude”, adierazi du.

Era berean, adierazi du Kultura Ondarearen zuzendaritzaren lana dela historia- eta dokumentu-ondarea babestea, jatorria edozein delarik ere, eta ekimen horri esker ekidin dela “Frankismoaren ondoko Euskadiren historia ulertzeko zalantzarik gabeko interesa duen” materiala desagertzea. Hernaniko Eginen instalazioetatik lekualdatutako kaxak apirilean zehar desinfektatuko dira.

Eginen dokumentu-ondarea Euskadiko Artxibo Historikora lekualdatzea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen zuzendaritzak Orain SAren (Egin egunkariaren enpresa editorearen) dokumentu-artxiboa eta argazki-funtsaren egoerari buruzko kezka Auzitegi Nazionalari igorri zionean hasi zen. 

Kultura Ondarearen zuzendaritzatik neurriak hartzeko beharra adierazi zen, kalte konponezina ekiditeko, eta Eusko Jaurlaritzak funts horiek Euskadiko Artxibo Historikora mugitzeko aukera eskaini zuen.

Eginen itxiera

Egin egunkaria eta Egin Irratia, ETArekin kolaboratzea leporatuta, Garzón epailearen aginduz itxi zituzten 1998ko uztailaren 21ean, “Persiana operazioaren” baitan. Auzitegi Gorenak nulu ebatzi zuen 2009an Eginen itxiera; Orain SAk enbargatuta jarraitzen du. Itxiera burutu eta jarduerak eten berritan, epaileak Hernaniko Eziago industria-poligonoko nabearen zaintza poliziala agindu zuen.  1.500 metro karratuko eraikina da, eta 2.600 metro ditu erabilgarri altuera bikoitza baitu; 278,75 milioi pezetako balioa zuen, 1,67 milioi eurokoa.

Pabiloiak egunkariaren erredakzio nagusia, irratia eta administrazio-gunea zituen.  Bertan gordetzen ziren, beste ondasun batzuen artean, errotatiba, erredakziorako eta administraziorako sistema informatikoa, fotokonposiziorako ekipamenduak, prozesamendu-sistema, bobinetan gordetako paper-prentsa tonak, altzariak, artxiboa, fonoteka, estudio eta  irratsaioak igortzeko ekipamenduak eta komunikazio-talde batek ohiko duen bestelako dokumentazioa. Itxi zutenetik, pabiloia eta ondasunak kaltetzen joan dira, eta Kultura Ondareko teknikariak bertaratu ondoren frogatu den moduan, kasu batzuetan konponezina da kalte hori.