Donostia Unibertsitate Ospitaleak erresonantzia magnetikoko azken belaunaldiko ekipo berria eskuratu du

2018.eko abenduak 13

  • Iñigo Urkullu lehendakariak diagnostiko hobeak eta eraginkorragoak egiteko teknologian inbertitzearen garrantzia azpimarratu du
  • Erresonantzia magnetikoko ekipo berriak 10.000 miaketa egingo ditu urtean, eta 1.300.000 euroko inbertsioa egin da ekipamendu horretan

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, Osasun sailburu Jon Darpón eta Osakidetzako zuzendari nagusi Juan Luis Diego lagun dituela, erresonantzia magnetikoa egiteko Donostia Unibertsitate Ospitaleko azken belaunaldiko ekipo berria ikusten izan da gaur goizean.

Ekipo horrek ezaugarri tekniko gorenak ditu; hala, Donostia Unibertsitate Ospitalea irudi bidezko diagnostikoaren abangoardian kokatzen du, izan ere, digitaliazizio-sistema berriarekin, kalitate handiagoko irudiak hartu ahal izango dira denbora gutxiagoan. Horrela, Osatek eta Osakidetzako profesionalek errazago izango dute azterketa are egokiagoak modu eraginkorragoan egitea.

Iñigo Urkullu lehendakariak gaur goizeko bisitan adierazi bezala, “inbertsio garrantzitsu honi esker Osakidetzak gipuzkoarrei eskaintzen dien irudi bidezko diagnostikoaren zerbitzua hobetu ahal izango da; izan ere, urtean 10.000 miaketa egin ahal izango dira”.

Halaber, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak azpimarratu du euskal herritarren osasunaren zerbitzurako teknologia berrietan inbertitzen jarraituko dela. Ekipo berria Osatekek erresonantzia magnetikoa egiteko Donostia Unibertsitate Ospitalean lehendik dituen hiru ekipoei gehituko zaie. Iñigo Urkullu lehendakariak esan bezala, “punta-puntako ekipamendu berri honek 1.358.616 euroko inbertsioa egitea eskatu du, eta urtean 10.000 paziente artatuko direla aurreikusten da”.

Erresonantzia magnetikoaren teknikak eremu magnetiko bat, irrati-uhinak eta sistema informatiko bat erabiltzen ditu gorputz-egituren irudiak ekoizteko, eta irudi horiei esker espezialistek beren diagnostikoak egin ditzakete. Erresonantzia magnetikoaren ezaugarri nagusia da sentikortasun berezia duela garuna edo bihotza bezalako ehun delikatuak aztertzeko. 

Erresonantzia magnetikoaren ekipo berriak azken berrikuntza teknologikoak ditu; berrikuntza horiek aukera ematen dute, besteak beste, anatomia antzematen duten sintonizadoreei esker sistema paziente bakoitzaren fisiologiara egokitzeko, eta paziente kritikoetara ere egokitzen dira.

Halaber, bere punta-puntako gailuei esker, bereizmen handiko irudiak hartu daitezke gorputz osoan. Bere sentsoreek arnasa detektatzen dute, pazienteak arnasa hartu eta botatzean gorputzeko ehun eta organoen mugimenduak eragindako inpedantzia-aldaketa neurtuz; eta bere taupada-sentsoreari esker, bihotz azterketak egin daitezke larruazalean elektrodoak jarri beharrik gabe.

Gainera, irudiak denbora gutxiagoan hartzen ditu, eta hori onuragarria da pazienteentzat, azterketa luzeak egin beharra eta horrek dakarren estresa ekiditen baitute; eta baita zerbitzuaren antolaketarentzat ere, pertsona gehiago artatu baitaitezke.