Delituek % 1,67 egin zuten gora Donostian 2017an

01.JPG

2018.eko martxoak 09

Apur bat gelditu egin da azken bost urteotako beheranzko joera

Donostiako delitugintzaren azken bost urteotako joera positiboa apur bat gelditu egin zen 2017an, arau-hausteek % 1,67 egin baitzuten gora aurreko urtearekin alderatuta. Goranzko aldaketa hori gorabehera, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko jarduera bateratuaren ondorioz epailearen aurrera eramandako ustezko delitugileen kopuruak ere nabarmen egin zuen gora –% 8,76–.

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 11.863 arau-hauste penal ikertu zituzten 2017an, eta aurreko urtean, berriz, 11.668., % 1,67 gehiago, alegia. Igoera hori irregular samarra izan zen, eta batez ere kasu gutxien dituzten delituetan izan zen, estatistikoki delituen ehunekorik handiena ondarearen aurkakoetan izaten baita, eta horiek ez ziren askorik aldatu. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak delituen suspertze txiki horri emandako erantzuna irmoa izan zen: % 8,76 gehiago izan ziren arrastatuak eta epailearen aurrera eramandako ustezko delitugileak. Adierazi behar da 2017an delituetan izandako igoera apal hori, neurri batean, hiriko turismoaren azken urteotako eklosioaren ondorioz espero zitekeena baino txikiagoa izan dela, kontuan hartuta nabarmen egin duela gora biztanleria mugikorrak, eta ez uda garaian bakarrik.

2017an ez zen hilketarik izan

Deliturik larrienetan, homizidioetan, alegia, ez zen inolako aldaketarik izan 2017an, hirian ez baita bakar bat ere gertatu, aurreko urtean bezala. Hilketa-saio gisa sailkatutako delituak, aldiz, 4tik 7ra igo ziren.

Ondarearen aurkako arau-hausteak

Kode Penalean “ondarearen aurkako" arau-hauste gisa sailkatutakoak delituen % 80 izaten dira normalean. Donostian, arau-hauste mota horrek apur bat gora egin zuen 2017an, % 0,4, alegia, nahiz eta era horretako delituetan ohikoa izaten den banaketa apur bat aldatu egin zen: indarra erabiliz egindako lapurretek gora egin zuten (% +6,6) eta ebasketek behera (% -5,0); indarra erabiliz etxebizitzetan egindako lapurretek behera egin zuten (% -5,5), horiexek izanik, gizartean sortzen duten alarma dela eta, Europar Batasunak “estrategikotzat” jotzen dituen delituak. Indarkeria erabiliz egindako lapurretek, berriz, gora egin zuten (% +11,5). Beste delitu estrategiko batek, motordun ibilgailuen lapurretak, gora egin zuen (% +24,5), iruzurrek bezala (% +9,55).

Lesioak eta tratu txarrak

“Lesioak” delituen kapituluak behera egin zuen 2017an (% -3,3), baina bilakaera ezberdina izan zen kapitulu horren barruan: gora egin zuten tratu txarrek (% +17,7) eta behera lesioek (% -6,6) eta gainerako arau-hausteek (% -12,5).

Sexu-askatasunaren aurkako delituak

Sexu-askatasunaren aurkako delituek gora egin zuten orokorrean (% +27,6), 47 kasuetatik 60ra, alegia. Horien barruan, indarkeria fisikoa erabiliz egindako sexu-erasoek astungarri hori erabili gabe egindakoek baino gutxiago egin zuten gora (% +10,5 eta % +39,2, hurrenez hurren). Adierazi behar da igoera hori ez dagoela lotuta delitu gehiago izatearekin, salaketa gehiago jarri izanarekin baizik, hain zuzen ere, biktimak eta gizartea oro har gehiago kontzientziatuta daudelako.

Gainerako delituei dagokienez, gora egin zuten droga-trafikoarekin zerikusia dutenek (% +4,1) eta ordena publikoaren aurkakoek (% +38,1).

Gora egin zuten atxiloketek eta ikerketek

Arau-hauste penalek % 1,67 egin zuten arren gora 2017an, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak epailearen aurrera eramandako pertsona-kopuruak askoz ere gehiago egin zuen gora: 2016an 2.909 eta iaz 3.164, eta hori % 8,76ko igoera da.

Delitugintza urtaroen arabera

Donostian ohikoa den moduan, udako hilabeteetan –eta bereziki abuztuan– izan ziren delitu gehien, eta gainerako urtaroetan banaketa orekatuagoa  izan zen.

Prebentzio-jarduerak

2017an zehar, Donostiako Udaltzaingoak guztira 81.020 prebentzio-jarduera egin zituen eta herritarrek eskatuta 51.038 esku-hartze eta jarduera horien ondorioz guztira 6.818 atestatu bideratu ziren eta bidali ziren Agintaritza Judizialera.

Bestalde, Ertzaintzak orotara 83.236 prebentzio-jarduera egin zituen urte osoan, eta 168.170 ordu eskaini zizkion prebentzio-lanari, horien % 15,78 oinezko patruilei dagozkie (korrikak). Guztira 6.245 polizia-atestatu abiarazi ziren, eta 862 espediente herritarren segurtasunerako legearen aurkako arau-hausteengatik.

Taldelana

Bestalde, 2017an Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko operatibo bateratuak sustatzen jarraitu zen, besteak beste, etxebizitzetako lapurretei, adineko pertsonei edo merkataritza guneetan egindako lapurretei, gaueko aisialdian egindako lapurretei eta Aste Nagusian, Danborradan, Jazzaldian, estropadetan, Zinemaldian eta halako ekitaldietan izandako sexu-erasoei aurre egiteko.

2018rako aurreikuspenak

Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren 2018rako helburu estrategikoa oinarritzen da bi kidegoen arteko koordinazioa hobetuko duten prebentzio-plan bateratuetan, eta lan-sistema eraginkorragoa eta herritarrengandik hurbilagokoa, inteligentziak gidatutako oinezko patruilak eta analisi tekniko poliziala sustatuko dira.

Une hauetan, bi ekintza-plan daude abian gaueko aisian eta gune itxietan izaten diren lapurretetan jarduteko. Urtean zehar beste batzuekin osatuko dira. Neurri handi batean oinez nahiz autoetan egiten diren patruilak izango dira ardatza, delitu-arriskuen bilakaeren analisi etengabeak lagunduta, eta helburu nagusia da donostiarrei eta Donostiara etortzen diren bisitariei ahalik eta zerbitzurik onena ematea.