Cristina Uriartek Akordioaren Oinarriak dokumentua eman dio Euskadiko Eskola Kontseiluari

2018.eko martxoak 07

Akordioaren Oinarriak dokumentua landu ondoren, Euskadiko Eskola Kontseiluak hasiera eman dio Hezkuntzaren aldeko Akordioa lortzeko prozesuaren fase berri bati

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak prentsaren aurrean azaldu ditu gaur goizez Hezkuntzaren aldeko Akordioa erdiesteko helburuz egin diren urratsak. Hezkuntza komunitate osoaren ikuspegi partekatua, eta etorkizunerako hezkuntza sistemaren funtsezko printzipioak jasoko dituen oinarrizko dokumentua.

Sailburuarekin batera, Euskadiko Eskola Kontseiluko presidente Nelida Zaitegik ere parte hartu du ekitaldian. Akordioaren Oinarriak dokumentua prestatzeko beharrezko izan diren lehen hilabeteen ondoren, Euskadiko Eskola Kontseiluaren parte-hartzea hasiko da orain, Hezkuntzaren aldeko Akordioaren bila.

Akordioaren Oinarriak

Joan zen irailean Uriarte sailburuak ekimen hau hezkuntza eta gizarte eragile guztiei aurkeztu ondoren, Akordioaren Oinarriak deituriko dokumentua forma hartuz joan da, hainbat eta hainbat pertsonaren lanari eta inplikazioari esker. Lehenik, hezkuntza arloko ia berrogei adituk osaturiko taldeak hasierako dokumentua atondu zuen. Dokumentu hori azken asteotan aberastu egin da hezkuntza eta gizarte eragileek eginiko ekarpenekin, bai eta herritarrek egindakoekin ere.

Orain, ekarpenak egiteko aldia amaiturik, eta irailean iragarri legez, Euskadiko Eskola Kontseiluak parte hartzeko une iritsi da, kontseilu hau baita hezkuntza gaietarako Jaurlaritzaren kontsulta eta aholkularitza organo gorena. Uriarte sailburuak azaldu duenez, “hurrengo pausoa emateko gaude gaur hemen. Ibilbide honen emaitza den Akordioaren Oinarriak dokumentua Euskadiko Eskola Kontseiluari emateko momentua iritsi da, honek, fase berri batean, prozesuari jarraipena eman diezaion. Erantzukizunez, akordioa lortzeko helburuz eta beharrez. Guztioi dagokigun helburua da. Talde-erronka da, herri-erronka. Etorkizuneko gure hezkuntza sistemaren onerako akordioa, batura ekarriko duen akordioa”.

Uriarteren aburuz, “ez dezagun ahantzi etorkizuneko Hezkuntza Legea sakonki garatzen hasteko lehen pausoa dela hau. Lehen urratsa da, baina agian hauxe da garrantzitsuena, gure sistemak etorkizunean ardatz gisa hartuko duen oinarria. Eta oinarri honen gainean sakontzen jarraitzeko aukera izango dugu, hezkuntza sistema guztia barne hartuko duen etorkizuneko Hezkuntza Legean”.