Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Herri Urratsen izan dira

2018.eko maiatzak 13

  • ‘Prefosta’ izan da aurtengo edizioaren leloa, eta etekinak Larzabalgo Manex Erdozaintzi-Etxart kolegioa laguntzera bideratuko dira.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018/05/13            

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Herri Urratsen izan dira gaur, Senperen urtero ospatzen den Iparraldeko ikastolen jaian. Hitzordu honen aurtengo leloa ‘Prefosta’ (‘Zalantzarik gabe’ zubereraz) izan da, eta aurtengo etekinak Larzabalgo Manex Erdozaintzi-Etxart kolegioa laguntzera bideratuko dira.

Sailburuekin batera, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea ere izan da, Iparraldeko beste agintariekin batera, baita ikastolen munduko ordezkariekin ere. Zupiria sailburuak hitza hartu du hasiera ekitaldian eta euskarak bizi duen momentuaz hitz egin du. “Aste honetan ‘Euskararen historia’ liburua aurkeztu dugu, UPV/EHUrekin batera. Lan honek gure hizkuntzaren historia eta bilakaera hurbiltzen digu liburuki bakar batean. Hainbat kontu argitzen dizkigu, eta zenbait galdera ere irekitzen ditu. Era berean, lan honek perspektiba bat ematen digu euskararen historia luzea ikusi eta aztertzeko. Eta ikuspegi horrek erakusten digu euskara momentu biziki interesgarria bizi duela gaur egun”, azaldu du.

Sailburua Euskaraldia proiektuaz ere mintzatu da, ekimen horrek euskararen lurralde guztiak batuko baititu. “Liburu honen azken atalean orain 50 urte izandako gertakizun baten garrantzia azpimarratzen da: euskara batuaren sorrera. 1968tik, euskararen batasunari esker, euskaldunon harremana erabat erraztu da, Iparraldetik Hegoldera, Ekialdetik Mendebaldera. Aurten bost hamarkada betetzen dira harrezkeroztik eta horregatik urte berezia izango da. Horrekin batera, urteurren horrez gain, aurten urte garrantzitsua izango da euskararen lurralde guztiak batuko dituen proiektu bat jarriko dugulako abian. Euskaraldia da ekimen hori, eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte euskararen erabilerari elkarrekin bultzada bat emateko aukera emango digu”, azpimarratu du.

Azkenik, euskararen inguruko elkarlanaz hitz egin du Zupiriak: “Euskaraldia proiektuak, seguruena, tarte bat izango du etorkizunean euskararen historiaz idatziko diren orrialdeetan. Eta tarte bat izan beharko du, baita ere, orain dela ia urtebete Iruñean sinatu genuen akordioak. Izan ere, iaz hemen izan nintzenetik euskararen lurraldeen arteko elkarlana sendotu dugu, eta iazko uztailaren 3an Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak akordio bat sinatu dugu hizkuntza politika gaietan elkarlana sustatzeko. Eta hori ere azpimarragarria da”.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak urtero bideratzen du kontu-sail bat Herri Urrats eta, oro har, Iparraldeko ikastolak laguntzera. Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzak hitzarmen-marko bat adostuta dauka Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoarekin euskara lurralde honetan bultzatzeko. Aurten, apirilaren 25ean zehaztu genuen 2018rako akordioa, eta guztira 1.930.000 euro izango dira euskara Iparraldean sustatzeko (horietatik, Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro jarri ditu). Akordio honen bidez, euskararen inguruko ikerketaz gain edota terminologiari loturiko lanez gain, helduen euskalduntzea, euskarazko hezkuntza edota euskarazko hedabideen lana diruz laguntzen da.