CIDETEC zentroaren "estrategia, eskakizuna eta ebaluazioa" nabarmendu ditu Lehendakariak

2018.eko uztailak 19

  • Cidetec Surface Engineering, CIDETEC zentroaren eraikin berriaren inaugurazioan izan da Lehendakaria

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako Sailburu Arantxa Tapia lagun zuela, Cidetec Surface Engineering – Gainazalen Ingeniaritza inauguratu du. Donostian izan da ekitaldia, eta bertan CIDETEC zentroak egindako “I+G+b-aren aldeko apustua” eta “ebaluazio-eskakizuna” nabarmendu ditu Lehendakariak. “Horiek dira eutsi behar diegun giltzarriak euskal ekosistema zientifikoa, teknologikoa eta ekonomikoa indartzen jarraitzeko”, azpimarratu du Lehendakariak.

Hala, Lehendakariak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak eta CIDETECek estrategia bera partekatzen dutela, “I+G+b-aren aldeko apustua sendotzea, ikerketaren gardentasuna eta emaitzen hobekuntza lotze aldera”. Gainera, adierazi du ebaluazio-eskakizunari dagokionez ere berdin jokatzen dutela, “emaitzak neurtzea bezeroen fakturazioan, patenteen eskaeran edo euskal enpresetara transferitutako ikertzaileengan duten eraginaren arabera”.

“Estrategia, eskakizuna eta ebaluazioa giltzarriak dira gure Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarea bultzatzeko”, azpimarratu du Urkullu Lehendakariak. Hala, azaldu duenez, Euskal Partzuergo Teknologiko berriak jarraitasuna emango dion bultzada izango da, eta horrek esan nahi du euskal enpresei balio handiko zerbitzuen eskaintza zabaltzea, haien lehiakortasuna eta nazioarteko proiekzioa hobetzeko.

Bestalde, Zentro teknologikoen eta enpresen arteko lankidetza aipatu du Lehendakariak eta adierazi duenez lankidetza hori oinarrizkoa da gure trantsizio energetikoaren erronkei irtenbideak emateko, eta mugikortasun jasangarrirako sistemarik onenak izateko, kontuan izanik hori gauzatuta ikusten dugula orain garraiobide elektrikoetan. Horren haritik, hiriko errepidetako garraioaren ahalmen handiko elektrifikazio integralaren aurrerapenak azpimarratu ditu Lehendakariak, Euskadin ibilgailu gehien ibiltzen diren lineetatik bitan. “Zabaldu nahi ditugun bi esperientzia aitzindari Europan”, azpimarratu du Lehendakariak.

“Gure helburu partekatua hau da, gure produkzio-ehunaren lehiakortasuna hobetzea, baita jarduera-sektore berrietan ere”, esanez amaitu du Urkullu Lehendakariak.

CIDETEC zentroan egin den ekitaldian izan dira, CIDETECeko Lehendakari Eduardo Junkera eta CIDETECeko Zuzendari Javier Rodriguez ez ezik, Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olano eta Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako Diputatu Ainhoa Aizpuru ere.