CBTC sistemak trenen segurtasuna eta eraginkortasuna hobetuko ditu, zirkulazioaren kontrol adimendunari esker

2018.eko urtarrilak 12

  • ETSk, Euskotrenek eta CAFek trenbideko teknologian berrikuntza bultzatzeko akordioa sinatu dute.
  • Tapia: “Euskadik nazioarteko merkatuetara esporta daitezkeen trenbide alorreko produktu eta zerbitzu berritzaileak garatzen eta ekoizten ditu”.

Euskal Trenbide Sareak, Euskotrenek eta CAFek euskal sarean ezartzeko eta etorkizunean produktu eta zerbitzu berritzaile horiek nazioartera zabaltzeko aukera emango duen puntako trenbideko teknologiaren garapenerako bi akordio aurkeztu dituzte gaur goizean Irunen. Aurrera eraman beharreko proiektuetako bat CBTC sistemaren garapena izango da, trenbideko zirkulazioaren kontrolerako sistema adimenduna, ETS-Euskotren sarean, zerbitzuaren segurtasuna eta eraginkortasuna hobetzen laguntzeko.

Irunen kokatzen den Arasoko kotxetegietan egin den ekitaldian, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak eta Andres Arizkorreta CAFeko presidenteak, Aitor Garitano eta Imanol Leza, ETSko eta Euskotreneko zuzendari nagusiek, hurrenez hurren, lagunduta, “lankidetza publiko-pribatuaren” garrantzia azpimarratu dute, “Euskadi markari balio erantsia eman ahal izango dioten berrikuntza proiektu esportagarriak modu egokian gauzatu ahal izateko”.

Trenbideko zirkulazioaren kontrol adimenduna

Testuinguru horretan, eta hitzarmena sinatu ondoren, ETS, Euskotren eta CAF elkarlanean arituko dira, Bilboko Metroaren 3. linean CBTCa ezartzeko. Adituek azaldu zutenez, “linea metropolitarretan, ETSk kudeatzen duen eta Euskotrenek ustiatzen duen Bilboko Metroaren 3. linean, adibidez, horrelako sistemen erabilera, linearen segurtasuna eta prestazioak hobetzen dituen jauzi teknologiko handia da, beste alderdi batzuk, gidaritza eraginkorra, seinaleztapen optimizatua edo energia aurrezpena, adibidez, ahaztu barik”.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku dauden bi sozietate publikoen eta CAFen artean sinaturiko akordioaren helburua, merkatuari, gaur egun dagoenarekin alderatuz, garrantzitsua izango den berrikuntza eskaintzea da. Zehatzago esanez, azpimarratu behar den puntua, garatu beharreko CBTC sistemaren eta seinaleztapenerako ERTMS (European Rail Traffic Management System) estandar europarraren arteko bateragarritasuna da. Europar Batasuneko lehentasunezko trenbide igarobideetan azken horren ezarpena baldintza espezifikoa baita.

Europa eta mundu mailan maiztasun handia duten sareetan (metroak) ustiapena eta segurtasuna optimizatzeko gero eta eskari handiagoa dago, horrelako zerbitzuen eta distantzia ertaineko eta luzeko beste batzuen (aldiriak, konbentzionalak edo abiadura handikoak) interoperabilitatea ahaztu gabe, izan ere, azpiegitura konpartitzen baitute, hirietarako sarbideetan batez ere. Hori dela eta, ezinbestekoa da bi ustiapen moten gidaritza eta segurtasun-seinaleztapen sistemak bateragarri egitea. Euskotrenek ustiatzen duen Bilboko Metroaren 3. linea leku egokia da sistema horren potentzialtasunak aplikatzeko, Metro motako ustiapena eta aldirietakoa konbinatzen baititu, linea barruko trenek eta Durangotik eta Donostiatik datozenek bat egiten dutelako. Hori guztia, gainera, Europa mailako eskakizun zorrotzenekin bat datozen seinaleztapen eta segurtasun sistemak dituen azpiegituran.

CTBC sistema ERTMS izenekoarekin batera integratzea jauzi teknologiko garrantzitsua da. Horrela, hiru enpresen arteko lankidetza ez da Bilboko Metroaren 3. linean aurrera eraman daitezkeen probatara mugatzen. Beste batzuen artean, Donostiako TOPOra zabaltzeko aukera ere zabaltzen da, trenbide saihesbidearen lanak amaitu eta gero, eta baita euskal trenbide sarera ere. ETS eta Euskotren ez dira sistemaren garapen prozesutik kanpo geratuko, kudeaketan eta ustiapenean duten esperientzia eskainiko dute, CAFen produktua beste merkatu batzuetara zabaltzea lortzeko.

Etorkizuneko garraiorako prestatzen

Tapiaren hitzetan: “Euskotren 60 minutuz behingo maiztasunak eskaintzetik 7,5 minutuz behingo maiztasunak eskaintzera igaro da ingurune metropolitarretan, eta horrek behar berrietara egokitzera behartzen gaitu, aitzindariak izan behar dugu eta CBTC, zirkulazio adimendun sistema, instalatu, muga teknologikoa gaindituz”. Sailburuak azpimarratu duenez, “CAFen eskutik garatuko dugun trenbide arloko berrikuntza teknologikoaz hitz egiten ari gara, metro linea batean 7,5 minutuz behin eskaintzen ditugun eta 15 minutuz behin linea berera gehitzen diren lurralde mailako beste zerbitzu batzuk ere jasotzen dituzten zerbitzuak kudeatzeko aukera emango digun sistemaz, alegia”.

Tapiak aurreratu duenez, “etorkizuneko garraiorako ari gara prestatzen, trenaren abiadura era automatikoan moteltzen edo azkartzen duen sistema, lineako trafikoa detektatzen duena edo tren batek kurba batean eraman behar duen abiadura egokia zein den adierazten duena, segurtasuna, ahalmena eta eraginkortasuna hobetuz”. Amaitzeko, “etorkizunean gidaritza automatikoa izango duten trenak kudeatuko ditugun agertokira gero eta hurbilago dago”, esan du.

Tren digitala: mantentze-lan prediktiboa

Euskotren eta CAF lantzen ari diren eta aurkeztu den beste proiektuaren izena “Mantentze-lan prediktiboaren patroien azterlana” da, hau da, berriro ere teknologia erabiliko da, oraingoan Internet eta Big data, trenbidearen garapenean aplikatzeko. Helburua, automatizazio maila altua duen tren batean sortzen den datu kopuru handia erabiltzeko eta kontrolatzeko gai izatea da. Xedea, mantentze-lanetako patroiak hautematea eta helburu gisa Euskotrenen 900 eta 950 serieetako trenen operatibitatea hobetzea duten prebentziozko arauak aplikatu ahal izatea da.

Azken belaunaldiko tren batek datuak jasotzeko eta biltzeko eskaintzen dituen aukeretan oinarrituta, sistemaren berrikuntza datu horien erabilera adimendunean dago, material mugikorraren erabilgarritasuna hobetzeko. “Tren digitalak”, bere parte bakoitza denbora errealean kontrolatzeko aukera ematen du, horietako bakoitza sistemara konektatuta baitago. Sistemak “era prediktiboan” identifikatzen du edozein arazo eta, ondorioz, “trenaren parte batek ez duenean funtzionatzen, edo dagozkion parametroekin bat datorren errendimendua ematen ez duenean”, oharra ematen du, dagokion mantentze-lana, konponketa edo piezen ordezkatzea egin dadin. Horrela, beste tren ustiapen batzuetara esporta daitezkeen patroiak ezartzen ditu sistemak, eta hori beste merkatu batzuetara zabaltzeko aukera bikaina da.

Proiektu hori ez da euskal sozietate publikoen, kasu honetan Euskotrenen, eta Euskadiko enpresen arteko lankidetzaren kasu isolatua. I+G proiektuak garatzeko akordioak sustatzeko politikaren barruan sartzen da. Politika horretan hainbat gai lantzen dira, eta horietako batzuk Europar Batasunean trenbide sistema garatzeko Europar Batasunaren Shift2rail eta Horizon2020 ekimenen barruan sartzen dira.