Bingen Zupiria sailburuak hasiera eman dio euskaltegien ikasturte berriari, elebitasuna eta eleaniztasunaren onurak azpimarratu dituen Jon Andoni Duñabeitia doktorearen hitzaldi baten bidez

HABE4.jpg

2018.eko irailak 14

Euskadiko euskaltegien sareak 2018-2019 ikasturte akademiko berriari eman dio hasiera, Jon Andoni Duñabeitia doktorearen hitzaldi baten bitartez. Gasteizko Goiuri Jauregian antolatu da ‘ Emozioak eta hizkuntzaren eskurapena’ mintzaldia, eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua izan da aurkezteko arduraduna. Harekin batera izan dira, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Jokin Azkue HABEko zuzendaria, bai eta euskara, euskal kultura edota unibertsitatearen munduko zenbait ordezkari ere.

Zupiria sailburuak euskarak azken hamarkadatan bizi izan duen biziberritze prozesua nabarmendu du, “euskaltegien lanari eta euskarazko hezkuntzaren aldeko apustuari esker”. “Gasteiz bezalako tokietan izan duen hazkundea ikusgarria izan. Euskara oso egoera larrian zegoen hemen orain 30 urte. 1986an euskaldun-kopurua Gasteizen % 6koa zen, eta gaur % 26koa da. Euskararen erabilera ere hazi da, baina ez neurri berean. Harrigarria gerta dakigukeen arren, soziolinguista guztiek dakiten moduan, erabat logikoa da hein berean ez haztea”, azaldu du.

Horrela, Zupiriak azpimarratu du euskararen erabilera erabat loturik dagoela inguru soziolinguistikoan duen pisuari eta erabiltzeko orduan hiztunak duen erraztasunari. “Euskal hiztunaren profila erabat aldatu da orain dela 30 urtekoarekin alderatuta: askozaz gazteagoa da eta inguru ezberdinetan bizi da. Euskara ahulen zegoen tokietan hazi da gehien, eta euskarak irabazi dituen milaka eta milaka hiztunek bigarren hizkuntza bezala hartu dute. Horrek testuinguru berri batean kokatzen gaitu. Fin egin beharko dugu lan, eta egingo dugu, berriz ere asmatzeko”, adierazi du.

Eleaniztasunean eta zientzia kognitiboan aditua den Duñabeitia doktoreak, bere aldetik, ama hizkuntzak hiztunaren testuinguru afektiboan duen garrantzia nabarmendu du, eta elebistasunaren zein eleanaiztasunaren alde hitz egin du: “Ama hizkuntza ez dena irakatsi eta ikastea erronka handia da bai irakasle bai ikasleentzat. Hizkuntza berri bat bereganatzeak eta hura erabiltzeak ahalegin kognitibo handia eskatzen dute, eta egitate horren kontzientzia hartu behar du irakaskuntza-sistemak. Horri dagokionez, hiru desberdintasun nagusi azpimarratu behar dira, ama hizkuntzaren eta bigarren edo hirugarren hizkuntzen ikasketen artean, elkarrekin lotuak, errazak direnak atzematen”.

Azaldu duenez, lehenengo eta behin, ama hizkuntzak ikasketa inguru naturaletan bereganatzen dira, familiarteko ahozko harremanen bidez, eta bigarren hizkuntzak, aldiz, gehienetan inguru akademikoetan ikasten dira, formalak eta arautuak, idazketa bidez sarritan. “Lehenengo desberdintasun horrek, informazioa nola eman eta jasotzen den alegia, arrazionalizazio-prozesu baten sorrera du ondorio eta horrek zenbaitetan ikaste- eta barneratze-prozesuak lagundu ditzakeen arren, besteetan horiek oztopa ditzake. Bigarren desberdintasuna, lehenengoarekin estu lotua, zera da: bigarren hizkuntza ikasten den eta ama hizkuntza ikasten den testuinguru emozionalak bizipen desberdinetan oinarritzen direla”, nabarmendu du.

Bigarrenik, adierazi duenez, “bigarren hizkuntza ikasten den eta ama hizkuntza ikasten den testuinguru emozionalak bizipen desberdinetan oinarritzen dira”. “Bigarren hizkuntzaren ikasketan talde interakzioak eta harreman formalak nagusi diren bitartean, ama hizkuntzaren ikaste-prozesu modu espontaneo eta informalean eramaten da aurrera, askotariko emozioak nagusi diren familiarteko testuinguru batean. Desberdintasun hori dela eta, bigarren hizkuntzen ikaste-prozesuek ez du lehenengoen ikasketek duten hurbiltasun emocional”, gehitu du.

Halaber, Duñabeitiak adierazi du “ama hizkuntzak eraikitzen direla garabidean dagoen sistema kognitibo eta mental batean”, eta horrek gaitasuna du garuneko neurona-zirkuituan egiturazko eta funtzio-moldaketak sorrarazteko. “Aldiz, bigarren hizkuntzak, geroago ikasten direnak, lehenengo hizkuntzak ikasteko dagoeneko espezializaturik dagoen sistema neural baten gainean eraiki behar dira, gain-kostu kognitibo eta zerebral batekin", esan du.

Azkenik, elebistasunaren zein eleanaiztasunaren onurak azpimarratu ditu. “Hizkuntzak tartekatzeak duen balio pedagogiko, komunikatibo, emozional eta linguistikoa kontuan hartuta zera proposatu daiteke: elebitasun eraginkor eta ekintzaile bat, foku komunikatiboarekin, hitz egiten diren hizkuntza guztiak erabiltzera bideratua, hizkuntza berriak ikastearen prozesua errazten duelako horrek”, esan du. Eta gainera du Euskadik testuinguru “ezin hobea” duela helburu hori lortzeko, alfabetatze eta euskalduntze prozesuen markoan.