Bigarren Aukerako Eskolen Europako topaketan Lehendakariak nabarmendu duenez "aurrera egiten jarraitu behar dugu krisian zehar galdutako enplegu guztiak berreskuratu arte"

2018.eko apirilak 18

Bigarren Aukerako Eskolen Europako topaketan parte hartu du gaur goizean Iñigo Urkullu Lehendakariak. Topaketa Deustuko Unibertsitatean izan da, eta ekimenarekin ideario soziala partekatzen duela azpimarratu du bertan: “adingabeak, kalteberatasun egoeran daudenak, babestea” eta baita “enplegu gehiago eta hobea lortzeko helburua” ere, zeren eta, azaldu duenez, gaur egun, oraindik ere, gazteen % 15 baitaude lan gabe. “Aurrera egiten jarraitu behar dugu krisian zehar galdutako enplegu guztiak berreskuratu arte”, nabarmendu du. Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte eta Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal Albeniz ere izan dira ekitaldian.

Urkulluk azpimarratu duenez, topaketak aukera emango du “etorkizunaz hitz egiteko” eta prestakuntzaren eta enpleguaren arteko lotura indartzeko. “Hori da bigarren aukerako Eskolen bidea. Alternatiba eraginkorra, irtenbide praktikoak eskaintzen dituena. Ez lanik ez titulaziorik ez duten gazteek erantzun pertsonalizatu bat aurkitzen dute hemen, eta baita bide bat ere, lan-munduan sartzera bideratua”, nabarmendu du.

Bere esku-hartzean, Lehendakariak Bigarren Aukerako Eskolen zeregina azpimarratu du, hain zuzen ere berrikuntzaren eremuan, prestakuntza-ibilbideen malgutasuna eta, orokorrean, gazteriaren prestakuntza integralean egiten duen ahalegina. "Lanaren eta emaitzen adibide bat zarete, inor atzean utzi nahi ez duen eta utzi behar ez duen Herrialde baten etorkizunerako oinarrizko helburu batean", nabarmendu du. 

Lehendakariari harrera egiten izan dira Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal Albeniz, Bilboko Udaleko alkate Juan Mª Aburto, Deustuko Unibertsitateko errektore José Mª Guibert; Peñascal Kooperatibako lehendakari Juan Manuel Cano, E2O Espainiako Elkarteko lehendakari José Mª Usón Claver, Europako Batzordeko Hezkuntza, Gazteria, Kirola eta Kultura Saileko Zuzendaritza Nagusiko Petra Goran, eta Said Bhira (Tunisia), Mediterraneoaren aldeko Batasuneko Goi Mailako Hezkuntzako eta Ikerkuntzako Idazkari Nagusiaren Aholkulari Berezia.

Bigarren aukerako eskolen sorburua

Bigarren aukerako Eskola kontzeptuak hirigune handietan gizarteak baztertuta bizi diren gazteen egoera zehazteko landutako txosten batean du bere sorburua; Delors txostena deritzona. Lan horretatik abiatuta, ekitea erabaki zen eta bigarren aukerako Eskola eredua proposatu zen.

1996an, bigarren aukerako eskolen Europako programa batera aurkeztu zen Bilbo; oraindik dirauen proiektu honen hazitzat har daitekeena, alegia. Ekimenaren egitekoa zen eskola-zaitasunak zituzten neska-mutilekin lan egitea eta lanbide baten ikaskuntzaren bitartez haiek hezkuntza-sisteman berriro sar zitezen sustatzea.