Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Berringurumena 2018 programaren deialdia ireki du Udalsarea 21ek, tokiko berrikuntza-proiektuak sustatzeko

Argitalpen-data: 

Galea_General.jpg

Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sareak (Udalsarea 21ek) Berringurumena programaren zortzigarren edizioa deitu du, 250.000 euroko hornidurarekin, toki-mailan jasangarritasunaren gaineko berrikuntza- eta froga-proiektuak diruz laguntzeko.

Aurreko edizioan bezala, laguntza-programa honen helburu nagusia berrikuntza- eta froga-izaera duten proiektuak gidatzen laguntzea da, noiz eta proiektu horien ondorioz ingurumenaren gaineko eraginak murrizten direnean, klima-aldaketa, natura-ondarea, ekonomia zirkularra eta baliabideen erabilera eraginkorra bezalako lehentasunezko eremuetan. Lehentasunezko eremu horiek, zehazki, Euskal Adierazpeneko printzipioetan oinarritzen dira. Ibilbide-orri hori 2016an onartu zen Bilbon, Hiri eta Herri Jasangarrien Europako 8. Konferentziaren esparruan, “hiri eta herri europar ekoizleak, jasangarriak eta erresilienteak lortzeko, Europa bizitzeko egokia eta inklusiboa izan dadin”.

Berringurumena 2018 programan parte hartuko duten proiektuak 2019ko azaroaren 15a baino lehen egin beharko dira, eta 2018ko urtarrilaren 1a ondoren hasita egon beharko dira, nahitaez. Era berean, proposamenekin batera bideragarritasun tekniko eta ekonomikoaren gaineko azterketa bat aurkeztu beharko da. Berringurumena 2018 programan parte hartzeko aukeratu diren proiektuek gehienez ere beren aurrekontuaren % 90eko finantziazioa jasoko dute. Proiektu bakoitzeko gehieneko muga, bestalde, 25.000 eurokoa izango da.

Deialdian “berrikuntza-proiektua” kontzeptua aipatzen da, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan (behintzat) lehenengoz ezartzen diren jarduerak izan behar dira. Izan ere, lehen aldia izanik, konplikatua izan daiteke horiek martxan jartzea. Bestalde, “froga-proiektua” kontzeptua ere agertzen da, esperientzia transferitzeko gaitasunarekin lotua bera. Hau da, ingurumeneko alderdi esanguratsuen gainean eragin positiboa izango duten jardueren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa nabarmendu behar da, emaitza positiborik lortuz gero, administrazioak berak lagun dezan jarduera horiek ezartzen.

Aurtengoa, beraz, Berringurumena programaren zortzigarren edizioa izango da. Lehenengo deialdia 2008an abiarazi zen, Europa mailan tokiko jarduera berritzaileak aurkitzeko asmoz. Harrezkero, hamar urte hauetan 53 proiektu berritzaile garatu dira Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sareko (Udalsarea 21eko) hainbat udalerri eta eskualdetan, airearen kalitatea, biodibertsitatea, klima-aldaketa edo eraikuntza eta birgaikuntza jasangarria bezalako gaietan.