Bavariako ordezkaritza bat Euskadira etorri da puntako estrategia industrialak ezagutzeko

Ainhoa Ondarzabal

2018.eko martxoak 16

-        Alemaniako hogei bat kargu publiko eta enpresetako zuzendaritza-kargu Euskadira etorri dira, bertatik bertara ezagutzeko Basque Industry estrategia edota Basque Cybersecurity Centre (BCSC), Euskadiko Zibersegurtasun Zentro berria.

 

Bavariako (Alemania) ordezkaritza bat Euskadira etorri da bisitan, zuzenean ezagutzeko puntako estrategia industrialak, SPRI Taldean (enpresen garapenerako euskal agentzia) integratutako eta aurten sortutako Euskadiko Nazioartekotze Agentziaren eskutik (Basque Trade Investment).

 

Euskadiko Nazioartekotze Agentziako zuzendari Ainhoa Ondarzabalek harrera egin dio ostiral honetan Bilbon Alemaniatik iritsitako ordezkaritzari. Hogei bat lagun etorri dira ordezkaritza horretan, besteak beste, hauek: Bavariako gobernu federaleko eta länder hartako erakunde desberdinetako zuzendariak eta Alemaniako dozena bat enpresatako zuzendaritza-karguak. Ondarzabalek azalpenak eman dizkie Eusko Jaurlaritzak bultzatzen dituen ekimen garrantzitsuenei buruz, hizpide hartu dituelarik Basque Industry estrategia edo joan den irailetik martxan dagoen Basque Cybersecurity Centre (BCSC) zibersegurtasun zentro berria.

 

Jaurlaritzak Euskadiko esparru publiko eta pribatuetan zibersegurtasunaren kultura handitzeko daukan konpromisoaren emaitza da Basque Cybersecurity Centre, eta zentroko zuzendari Javier Diéguezek azaldu ditu zentroaren ildo garrantzitsuenak. BCSCk helburutzat du baita ere euskal enpresa eta industrientzako negozio-aukera berriak bilatzea, aukera horiek zibersegurtasun teknologiak 4.0 Industriara transferitzeko prozesuan oinarritzen direlarik.

 

Diéguezek Bavariako ordezkaritzaren aurrean eman duen hitzaldian azpimarratu du hezkuntza dela zibersegurtasunaren erronkari aurre egiteko “gakoetako bat”, eta adierazi du “lankidetza estuan” ari direla lanean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin. Orobat aipatu du Basque Cybersecurity Centre “epe luzeko proiektua” dela.

 

SPRI Taldeko Susana Larreak hizpide izan du Basque Industry 4.0 estrategia, hau da, industriaren digitalizazioaren (laugarren iraultza industriala) aldeko apustua. Estrategia honen oinarria da produktu berriak sortzen laguntzea, material berriak txertatzea eta fabrikazio prozesuak hobetzea espezializazio sektoreetan. Ostiral honetako jardunaldian alde biko topaketak ere egin dira, hau da, Euskadiko nahiz Bavariako enpresen eta erakundeen arteko bilerak.

 

Bavariako ordezkaritza martxoaren 14an iritsi zen Euskadira, eta lan-agenda betea izan du, bisitan izan delarik Gaia klusterrean, Tecnalia teknologi zentroan, Zornotzako Automotive Intelligence Center-en, Vicomtech enpresan eta, besteak beste, Mondragon Korporazioan.

 

Bisita honen aurrekariak Eusko Jaurlaritzak eta Bavariako gobernuak 2014an sinatutako lankidetza-akordioan kokatzen dira, harrezkero hainbat bilera egin direlarik Arantxa Tapia Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburuaren eta Ilse Aigner Bavariako Ekonomia ministroaren artean. Joan den irailean egin zen Munichen Tapiaren eta Alemaniako ministroaren arteko azken bilera, euskal sailburua Bavariara joan baitzen Fagor Arrasate lantegiaren inauguraziora eta Kanpo Sarearen bulego berri baten irekiera ekitaldira (Munich).