Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Basque Culinary World Price sariaren 10 finalistak ezagutzera eman dira

IMG_1618_4.jpg

2018.eko uztailak 02

 

  • 10 finalistak 140 hautagairen artetik aukeratu dira. Mundu osoko chef onenen ordezkaritza honetako kideek beren ezaugarri diren ezagutza, lidergoa, bokazio ekintzailea eta sormena aprobetxatzen dituzte gizartean aldaketa eraldatzaileak sortzeko.
  • Basque Culinary Centerreko Nazioarteko Batzordeko kideek, akademikoek eta nazioarteko adituek osatutako diziplinarteko epaimahai bat Modenan bilduko da datorren uztailaren 23an, Basque Culinary World Prize 2018ren irabazlea aukeratzeko.
  • Basque Culinary World Prize 2018ren irabazlearen izena uztailaren 24an jakinaraziko da Modenan.
  • Irabazleak 100 mila euro jasoko ditu gastronomiaren ahalmen eraldatzailea islatzen duen bere hautazko proiektu batera bideratzeko.

New York, uztailaren 2a

Gaur eman dira ezagutzera Basque Culinary World Prize 2018ren 10 finalistak. Sari berezi eta global hori Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Centerrek ematen dute, Euskadi-Basque Country estrategiaren baitan, eta zenbait alorretan (besteak beste, berrikuntzan, teknologian, ingurumenean, osasungintzan, elikagaigintzan eta garapen sozial edo ekonomikoan) ekimen eraldatzaileak dituzten sukaldariak saritzea du xede.

Epaimahaiak hautatutako hamar sukaldariek (7 gizon eta 3 emakume) askotariko proiektuetan egiten dute lan, jasangarritasunarekin, ikerketarekin, osasunarekin, elikaduraren inguruko hezkuntzarekin edo biodibertsitatearekin lotuta.

Hauek dira hamar finalistak: Anthony Myint (Estatu Batuak); Caleb Zigas. (Estatu Batuak); Dieuveil Malonga (Kongo / Alemania); Ebru Baybara Demir (Turkia); Heidi Bjerkan (Norvegia); Jock Zonfrillo (Australia / Eskozia); Karissa Becerra (Peru); Marc Puig-Pey (Espainia); Matt Orlando. (Dinamarka / Estatu Batuak); Virgilio Martínez (Perú). 

Cosme, Enrique Olvera chef mexikarraren New Yorkeko jatetxea, izan da 10 finalisten izena ezagutzera emateko hautatutako lekua. Ekitaldian izan dira Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea; Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia; Leonor Espinosa, Basque Culinary World Prizeren iazko irabazlea eta Enrique Olvera, Basque Culinary World Prizeko epaimahaiko kidea eta anfitrioia. 

Hamar finalisten aurkezpenean, honako hau esan du Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak: 

«Euskadi - Basque Country estrategia integralaren barruan kokatzen da saria, eta haren xedea da euskal gizartearen balio komunak –hala nola ahaleginaren kultura, konpromisoa, hobetzeko gaitasuna, bokazio berritzailea eta lehiakorra, emakume eta gizonentzako aukera-berdintasuna– Euskadiren irudiari lotzea, nazioarteko gure bisita-txartela izan daitezen».

Finalistak:

Anthony Myint. Estatu Batuak

Ikuspegi zientifiko eta berritzaile bat oinarri hartuta, Anthony Myint erakusten ari da jatetxeak klima-aldaketaren aurkako borrokarako adibide izan daitezkeela. San Frantziskoko bizitza gastronomikoaren parte da Mission Chinese Food jatetxearekin, eta ZeroFoodprinten sortzaileetako bat. Irabazi asmorik gabeko erakunde horrek aholkularitza eskaintzen die janariarekin lotutako negozioei, beren karbono-aztarna murriztu edo, batzuetan, ezabatu dezaten. ZeroFoodprintek berotegi-efektuko gasak sortzen dituzten jatetxearen operazio guztiak ebaluatzen ditu, hala nola, erabilitako osagaiak, garraioa eta manipulazioa, energiaren erabilera edo hondakinen kudeaketa eta, diagnostiko horren abiapuntutik, eraginkortasuna hobetzeko alternatiben plan bat aurkezten die, galera ekonomikorik gabe. Ereduaren bidez predikatzeko asmoz, 2016an Myintek The Perennial zabaldu zuen, edozein ingurumen-inpaktu saihesteko zerotik diseinatutako jatetxe bat. 2018an, mundu osoko 178 jatetxek konpromisoa hartu zuten mugimendu horrekin, Lurraren Egunean beren emisioak konpentsatuz.

(Ingurumena – Jasangarritasuna – Ikerkuntza) 

Caleb Zigas. Estatu Batuak

Zigas La Cocina inkubagailu sozialeko zuzendari exekutiboa da. Proiektu horrek laguntza ematen dien baliabide gutxiko pertsonei (gehienbat, emakume etorkin eta afroamerikarrei) San Frantziskon beren negozio propioaren jabe izan daitezen. Bost urteko prestakuntza- eta jarraipen-programa batekin, La Cocinak 30 mikronegozio sortzen lagundu du, eta beste 90 sustatu. Haien lanari esker, sektore gastronomikoan inklusibitatea eta berdintasuna handitu da, emakumeak jatetxe-jabeen % 33 eta sukaldeburuen % 21 diren herrialde batean. Pastelgilea lanbidez eta Globalizazio eta Kulturako graduduna Michiganeko Unibertsitatean, Zigasek mikroproiektuen finantzaketari buruzko prestakuntza jaso zuen Bolivian, ProMujer GKEarekin lankidetzan aritu zenean.

 (Ekintzailetza – Gaikuntza – Migrazioa - Generoa)

Dieuveil Malonga. Kongo / Alemania

Kongon jaioa eta 13 urte zituenetik Alemanian hezia, chef gazte honek Frantziako telebistako Top Chef programan parte hartzeak eman zion ospea baliatu zuen Afrikako talentu gastronomikoa ikusarazteko. 2016an sortu zuen Chefs in Africa plataformarekin, aholkularitza ematen die sukaldari eta ikasleei, eta lana edo diru-laguntzak eskain diezazkieketen enpresa, akademia, hotel eta jatetxeekin harremanetan jartzen laguntzen die. Helburua da berak bezala sukaldaritzarako bokazioa duten gazte guztiei aukera ematea gaur egun aurrean dituzten oztopoak gainditzeko (esaterako, prestakuntza- eta enplegu-falta edo diskriminazioa). Afrikako eta diasporako 4.00 sukaldari baino gehiago batu dira sare horretara. Bere lana babesten dute, besteak beste, Turismoaren Mundu Erakundeak eta Unescok.

(Aktibismoa – Garapen profesionala – Gizarteratzea – Diskriminazioaren aurkako borroka)

Ebru Baybara Demir. Turkia

Turkian, munduan errefuxiatu siriar gehien jasotzen duen herrialdean (3,5 milioi baino gehiago), chef nekaezin honek gastronomia erabiltzen du gizarteratzeko tresna gisa. Bere ekimenetan Baybara Demirrek bi herrialde horietako emakumeak ahalduntzen ditu eta aurreiritziak eraisten ditu kulturen arteko trukeak dakarren aberastasuna nabarmenduz. Bere azken proiektua mugatik gertuko Mardin probintzian garatu du. Bertako nekazaritza kolpatua biziberritu nahi du, emakumeen arteko langabezia handiaren kontra egiteko eta laborantza-teknika tradizionalak babesteko. Iazko urtera arte «Harran Gastronomy Project» ekimeneko hezitzaile nagusietako bat izan zen. ACNURen proiektu horretan prestakuntza eman zitzaien 160 pertsonari (nagusiki, emakume turkiar eta siriarrak) eta gero errefuxiatuen esparruetan lan egiteko kontratatu zituzten.

(Migrazioa – Generoa – Gizarteratzea – Nekazaritza)

Heidi Bjerkan. Norvegia

Norvegiako sukaldaritzako figura honek inguruarekin harmonian dagoen jatetxe-eredu bat eta egoera sozialarekiko konpromisoa duen gastronomia bat defendatzen ditu. Credo izeneko bere jatetxean sistema zirkular batekin egiten dute lan Trondheim inguruko nekazariekin. Nekazari horiengandik lortzen dituzte elikagai organikoak, eta sortutako hondakinak itzuli egiten dizkiete, ongarri gisa erabiltzeko. 2017an, Norvegiako errege-familiaren sukaldari izandako chef honek Vippa azeleragailu soziala jarri zuen martxan, errefuxiatu eta etorkinei prestatzeko eta lan egiteko aukera emateko. Bjerkanek Osloko portuko arrain-biltegi zahar bat hartu eta kaleko janariaren merkatu zaratatsu bat abiarazi zuen. Hango postuetan, Vippako parte-hartzaileek beren platerak prestatu eta zerbitzatzen dizkiete bezeroei. oro har gazteak izaten dira, kulturarteko aniztasuneko espazioak erakarritakoak.

(Jasangarritasuna – Ekintzailetza – Laneratzea – Migrazioa)

Jock Zonfrillo. Australia / Eskozia

Chef eskoziar hau itzaltzen ari den elikadurari buruzko memoria bat gordetzeko ari da lanean: Australiako aborigenena, hain zuzen. Australiako nortasun gastronomikotik kanpo geratu den antzinako kultura zahar hau deskubritu eta aldarrikatzen eman ditu azken 17 urteak. Denbora horretan, urruneko ehunka herrixka bisitatu zituen, eta bertako biztanleen aberastasun gastronomikoa jaso zuen, gerora Orana izeneko bere jatetxe ospetsuaren menuan eta telebistako programetan txertatzeko. «Jasotakoa baino gehiago itzultzeko» filosofiari jarraikiz, Zonfrillok Orana fundazioa sortu zuen 2016an, helburu ugarirekin: indigenen komunitateei bidezko ekoizpen eta merkaturatzerako laguntza ematea, lurraldeko 10.000tik gora osagaiak dokumentatzea eta erabilera berriak ikertzea, besteak beste.

(Ikerkuntza – Biodibertsitatea – Tradizioa – Ekonomiaren garapena)

Karissa Becerra. Peru

Emakume hau sukaldaria, idazlea eta diseinatzailea da baina, batez ere, aktibista bat da, txikitatik janariarekin eraikitzen dugun harremana eraldatu nahi duena. Filosofiako eta antropologiako ikasketak egin ditu Becerrak, eta haur zein helduei irakasten die jaten ikasteko pentsatzen. Asmo handieneko bere proiektua La Revolución deitzen da. Irabazi-asmorik gabeko erakunde horrek jarduera-katalogo bat du, jaten duguna ezagutzeko xedea duena, baina baita elikagaien eta pertsonen arteko lotura emozional bat sortzeko helburua ere. Milaka haur, guraso eta hezitzailek parte hartu dute tailer horietan, eta bertan bildutako diruarekin Becerrak elikaduraren inguruko hezkuntza baliabide gutxiko eskoletara eraman du eta presioa egiten ari da, Peruko hezkuntza publikoko curriculumean txertatzeko.

(Aktibismoa – Elikadurari buruzko hezkuntza – Jasangarritasuna)

Marc Puig-Pey. Espainia

El Bulliko sukaldaritza-talde iraultzailean ia hogei urtez aritu eta gero, Puig-Peyk bere sormena zientziaren eta osasunaren zerbitzura ipintzea erabaki zuen. Bartzelonako Alícia fundazioaren sukaldaritzaren arloko arduraduna da chef hau, eta janariaren arloko konponbideak ikertzen eta sortzen ditu elikadurako murrizketak dituzten haur eta helduek ahalik eta osasuntsu eta goxoen jan ahal izan dezaten. Bere lidergoa funtsezkoa izan da gaixoen eguneroko bizitza hobetu duten proiektuen arrakastarako. Eraldatutako testurak bakarrik jan ditzaketen pazienteentzako errezetak diseinatzen aritu da; hezteko bideojokoen ekoizpenean lagundu du eta, berriki, minbiziaren kontrako tratamenduan daudenentzako sukaldaritzako proposamenak egiten jardun du. Gida horiek doakoak dira eta herritar guztientzat daude eskuragarri online.

(Osasuna – Berrikuntza – Ikerketa)

Matt Orlando. Dinamarka / Estatu Batuak

Elikagaiak alferrik galtzearen aurkako borrokan eragin gehien duen sukaldarietako bat. Ikuspegi berritzaile batekin, Orlandok frogatu du osagaiak eta baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatzeak harreman estuagoa duela paradigmak aldatzearekin eta logika zirkularrak geure egitearekin «baliorik ez duen hori erabiltzearekin» baino. Orlandorentzat, produktu batek dakarren guztiak badu potentziala, eta sukaldariaren egitekoa da, eta ez osagaiarena, hori probatzea. Amass jatetxean lehia-giro osasuntsu bat sustatzen du bere lantaldeko kideen artean, konponbide eta teknika berriak bilatzeko, horrela ikerketa eta goi-mailako sukaldaritzaren armak uztartuz. Amassek osagai organikoak baino ez ditu erabiltzen, et azken hiru urteetan sortutako hondakinak % 75 murriztea lortu du. Rene Redzepiren gertuko kolaboratzaile izan ondoren, Orlandok bere jatetxea hezkuntzarako baliabide bihurtu du, hiriko haurrek landareak landatzen, kozinatzen eta kontsumitzen ikas dezaten.

(Berrikuntza – Food waste – Jatetxe-eredu berriak – Hezkuntza)

Virgilio Martínez. Peru

Bere jatetxeekin baino, gastronomia ulertzeko duen moduarekin lotu behar dugu Virgilio Martínezen lana: berrikuntza, ikerkuntza eta garapena ardatz berean uztartzen ditu ekosistemekin eta antzinako jakinduriarekin. Central jatetxe ezaguneko chefak, Malena arrebak lagunduta, diziplinarteko talde bat zuzentzen du Mater Iniciativa ekimenean. Horren bidez, dokumentaziorako, trukerako eta esperimentaziorako plataforma bat eraikitzen ari da eta, gainera, ingurumeneko zein gizarteko biodibertsitatearen eta beste gai batzuen inguruko ikuspegi partikularra sustatzen du. Moray aztarnategi inkaren parean 3.500 metrotik gorako altueran ireki duen MIL jatetxe berriarekin jatetxe-eredu inspiratzaile bat sendotu du, tokiko komunitateekin interakzioan aritzen dena. Izan ere, integratu egiten ditu komunitate horiek nekazaritzako jarduera jasangarrietan, ezagutzaren trukean eta kultura anitzeko elkarrizketen sorkuntzan. Gainera, Virgiliok Latinoamerikako herrialdeen arteko loturak estutu nahi ditu, talentu berrien arteko topaketak sortuz.

(Ikerketa – Berrikuntza – Biodibertsitatea – Tradizioa)

------------------------------------------

Maiatzaren 31ra arte batzorde teknikoak 40 herrialdetako 140 hautagairi zegozkien 195 nominazio jaso zituen. Kopuru horiek % 28ko igoera suposatzen dute iazko datuekiko, eta irismen geografikoa ere zabalagoa da. Gastronomiak izandako eboluzioaren egiaztapena da izendapen kopurua eta haien kalitatea handitzea; chefen belaunaldi batek ulertu zuen, izan ere, lanbidearen dimentsioa biderkatu ahal zuela eta gizarteari sukaldaritzatik harago ere lagun ziezaiokeela.

Zentzu horretan, Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko zuzendariak, hauxe azaldu du: «Hunkitu egiten gaitu hainbat arlotan inplikatutako profilen aniztasunak (berrikuntza, hezkuntza, ingurumena, gizarte- eta ekonomia-garapena edo osasuna, besteak beste). Bakoitzak –bere modura eta testuinguruan– erakusten du chefek gizartearekiko lotura erdiesteko zer konpromiso har dezaketen, sukaldaritzari diziplinarteko dimentsioa emanez. Istorio inspiratzaileak eskaintzen dizkigute, eta guri ilusio handia egiten digu horiek partekatu ahal izateak».

Irabazlea hamar finalisten artetik aukeratuko du epaimahai batek. Joan Roca –Celler de Can Roca jatetxeko chefa (Girona)– izango da epaimahaiburua, eta Basque Culinary Centerreko Nazioarteko Kontseiluko chef hauek haren gainerako kideak: Massimo Bottura (Italia), Gastón Acurio (Peru), Dominique Crenn (Estatu Batuak), Michel Bras (Frantzia), Yoshihiro Narisawa (Japonia) eta Enrique Olvera (Mexiko).

Gonbidatu berezi batzuk ere izango ditu epaimahaiak: Ruth Reichl idazle estatubatuarra, Bee Wilson idazle gastronomiko eta kazetari britainiarra, Andoni Luis Aduriz, Mauro Colagreco eta Manu Buffara sukaldariak, David Gelb errealizadore estatubatuarra, Ilse Crawford diseinatzaile britainiarra eta Leonor Espinosa chef kolonbiarra, 2017ko Basque Culinary World Prize sariaren irabazlea.

Irabazlearen izena 2018ko uztailaren 24an emango da ezagutzera, Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseiluak Modenan (Italia) egingo duen urteroko bileran. Basque Culinary World Prizeren 2018ko saria irabazten duenak 100 mila euro eskuratuko ditu, sukaldaritzaren ahalmen eraldatzailea adierazten duen proiektu baterako dohaintzan eman ditzan.

————— 

Editoreentzako oharrak 

  1. Batzorde teknikoa Basque Culinary Centerren bildu zen ekainaren 25ean 10 finalistak hautatzeko.Honako hauek izan ziren batzorde teknikoaren kideak: F. Xavier Medina, Antropologia Sozialeko doktorea eta UNESCOren «Elikadura, kultura eta garapena» katedraren zuzendaria; Jorge Ruiz Carrascal, Kopenhageko Unibertsitateko Elikagaien Zientzien Departamentuko katedraduna; Pia Sörensen, Harvardeko Unibertsitateko Ingeniaritza Kimikoko eta Material Aplikatuetako goi-irakaslea eta bertako Zientzia eta Sukaldaritza programako zuzendaria; Carlos Zamora, sukaldari, enpresaburu eta aholkulari espainiarra (2016ko BCWPeko nominatua) eta Iñaki Martínez de Albéniz, Soziologiako doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea (EHU).
  1. Basque Culinary World Prize Eusko Jaurlaritzak Basque Culinary Centerrekin elkarlanean sortu eta ematen duen saria da, Basque Country estrategia integralaren barruan kokatzen dena. Herrialde-marka horrek, indarguneak eta berezitasunak kontuan hartuta, aktore global bihurtzen du Euskadi, bikaintasunaren, bizi-kalitatearen eta gizarte-kohesioaren eredu, herrialde berritzaile eta lehiakorraz gain.
  1. Basque Culinary Center (BCC) erakunde akademiko aitzindaria da mundu zabalean unibertsitate-hezkuntzaren alorrean, bai eta gastronomiaren potentziala ikerketan, berrikuntzan eta ekintzailetzan garatzeko bidean ere. Donostian 2009an sortu zenetik, diziplinarteko espazio bat sortzeko ahaleginean jardun du, guztia ere sektorea profesionalizatzeko bidean.
  1. Epaimahaikideak eta Batzorde Teknikoko kideak ezingo dira proposatu hautagai gisa.
  1. Finalistei eta sariari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu webgunea: www.basqueculinaryworldprize.com