Azpiazuk anbizio handiko europako aurrekontua babesten du, EB-K dituen erronkei aurre egiteko

P1010856_(2).JPG

2018.eko martxoak 20

 

AZPIAZUK ANBIZIO HANDIKO EUROPAKO AURREKONTUA BABESTEN DU, EB-K DITUEN ERRONKEI AURRE EGITEKO

 

  • Euskadik Eskualdeko Egonkortasun Funtsa sortzea babesten du, aberastasuna sortuko duten gizarte eta ingurumeneko politiketan inbertsioak egiteko
  • Behar adina aurrekontu-sail esleitu behar dira, Europako interes orokorreko inbertsioei ekiteko, eta austeritateko politikei aurre egiteko
  • Europa Sozialean sakondu behar da, Europa osoko diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) izateko
  • Gaur arratsaldean Europako Parlamentuko Aurrekontuen Batzordeko presidente Jean Arthuisekin izango den bileran, aurrekontuei, legegintzari eta politikari buruzko auziak azalduko dizkiote

 

Ogasun eta Ekonomia sailburu Pedro Azpiazuk Europako Batzordearen Aurrekontuetako zuzendari nagusi Nadia Calviñori proposatu dio EBko aurrekontua hogeita zazpi herrialdeen BPGd-aren %2an jartzea (Britainia Handia atera ondoren), subsidiariotasun irizpidea zorrotz ezarrita. Horrela, aurrekontuak ahalmena izango du proiektu estrategikoetan inbertsioak egiteko eta birbanatzeko eragina izan dezaketen politikei eusteko. Sailburuak anbizio handiko aurrekontua babestu du, Europak dituen erronkei erantzuna eman ahal izateko.

  

Izan ere, hori da bide bakarra Europa Soziala bultzatzeko behar adinako garrantzia duten politikak garatu, eta austeritate-politiken ondorioz gogor zigortutako Europako periferian inbertsioak birbideratu ahal izateko.

Inbertsioak bultzatzeko asmoz, Azpiazuk Eskualdeko Egonkortasun Funtsa sortzea babestu du, aberastasuna sortuko duten gizarte eta ingurumeneko politiketan inbertsioak egiteko. Izan ere, horiek eragin biderkatzailea eduki lezakete, eta, beraz, eragin handia izan lezakete krisiak gehien zigortu dituen Europako eskualdeetan hazkundea eta enplegua handitzeko, eta, era berean, aukera emateko eskualde horietan produktibitate handiagoa izateko egin litezkeen egiturazko erreformetara egokitzeko.

Bestalde, Sailburuak adierazi du Euskadik konpromisoa duela Europa soziala sortzen laguntzeko. Horretarako, baliabideak bideratu, eta neurriak ezarri beharko dira, izaera sozialeko mekanismo europarrak bermatzeko, esate baterako, Europako langabezia-asegurua, Europako gutxieneko soldata edo bermatutako gutxieneko errenta, edota gizarteratzeko errenta. Bestetik, argi utzi du ezinbesteko aldian gaudela indarberritze ekonomikoari laguntza emateko.

Horrez gain, Azpiazuk adierazi du ezinbestekoa dela Europako aurrekontua bestelakoa izatea, hain zuzen, estatuen ekarpenetan oinarrituta egon ordez, berezko baliabideetan oinarrituago dagoen sistema batera bideratutako aurrekontua izatea. Ildo horretan, Europako esparruko zerga berrien alde egin du, hala nola, finantza-transakzioen gaineko zergaren eta ingurumeneko zergen alde. Gainera, Azpiazuk azaldu duenez, Europako Banku Zentralaren mozkinak finantziazio horretara bideratu litezke.

Bestetik, Euskadik ondo daki, alde batetik, politika tradizionalei eutsi behar zaiela, eta, bestetik, lehentasun berriei aurre egin behar zaiela, esaterako, errefuxiatuen krisiari, krimen antolatuaren eta terrorismoaren mehatxuari, eta defentsako politikari; eta hori muturreko proba bat da aurrekontuaren malgutasunari begira. Arlo horietatik guztietatik, baliabideak Europako eskalan multzokatzeak Estatuko eskalako gastuan lortu ezinekoak liratekeen emaitzak ekar ditzake; izan ere, horixe da EBko aurrekontuaren balio gehigarria. Behar berri horiei erantzuna emateko, are premiazkoagoa da Europako aurrekontua aipatutako BPGd-aren %2ra igotzea.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, egokia da behar adina aurrekontu-sail esleitzea, Europako esparrutik landu behar diren erronka guztiei erantzuna eman ahal izateko.

Euskadirentzat funtsezkoa den beste alderdi bat honakoa da: Europako seihilekoen esparruan, kontrol makroekonomikoak eta Egonkortasun eta Hazkundeko Itun berriko arauak (Two-Pax eta Six-pax) kide den estatu bakoitzak dituen inguruabar berezietara egokitzeko egin den prozesua. Euskadik bere ogasunak eta zerga-subiranotasuna ditu, Europako Justizia Auzitegiko jurisprudentziak Itun Ekonomikoaren bidez bermatuak. Azpiazuk zera eskatu du: "testuinguru horretan, aldarrikatzen dugu Euskadiko konpromisoak aintzat hartzea, kide diren estatuek itundutakoa betetzen ez dutela-eta ebaluazioa egitean eta, hala behar denean, isunak ezartzean".

Azpiazu sailburuak, bere taldeak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak azken bilera izango dute gaur arratsaldez, 14:00ean, Europako Parlamentuko Aurrekontuen Batzordeko presidente Jean Arthuisekin, eta, hala, aurrekontuei, legegintzari eta politikari buruzko auziak azalduko dizkiote. Bestetik, Eusko Jaurlaritzak 2021-2028 Urte Anitzeko Finantza Esparrua definitzeko dituen proposamen guztiak adieraziko dizkiote.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko martxoaren 20a