Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Aurten, 19 gaztek ekingo diete lehen sektorean dituzten ikerketa proiektuei, Eusko Jaurlaritzak emandako bekekin

becas.jpg

2018.eko apirilak 25

• 2007an eman ziren lehenengo aldiz beka hauek, eta harrez gero 72 beka finantzatu dira guztira gazte ikertzaileentzat eta 104 gazte teknologoentzat.

• Elikaduraren balio kateko eta basogintza sektoreko ikerketarako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailak duen beka lerroak 1.300.000 euro baino gehiagoz hornituta dago, 2022ra arte.

Gaur goizean, Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendari Peli Manterolak nekazaritzarekin, arrantzarekin, elikagaiekin eta basogintzarekin zerikusia duten arlo zientifiko eta enpresarialetako prestakuntza zabaltzeko Eusko Jaurlaritzak finantzatutako bekak eskuratu dituzten 19 gazte ikertzaile eta teknologo, 13 neska eta 6 mutil, hartu ditu Arkautiko Granja Ereduan.

Elikagaien industriako balio kate osoan etorkizuneko profesionalak prestatzen jarraitzeko eta I+G+B jarduera bultzatzeko Eusko Jaurlaritza irmoki garatzen ari den politikaren barruan sartzen dira esandako bekak, lehen sektore modernoagoa eta lehiakorragoa lortzeko jarduera estrategikotzat jotzen baita. 2007an eman ziren lehenengo aldiz beka hauek, eta harrez gero 72 beka finantzatu dira guztira gazte ikertzaileentzat eta 104 gazte teknologoentzat.

Zehazki, aurten Prestakuntzan dauden Ikertzaileen Programako gazteentzako hamabi beka (doktoretza aurrekoak) eta nekazaritza eta arrantzaren sektoreko eta elikagaien sektoreko ingurune zientifiko-teknologikoan eta enpresakoan Teknologoen Prestakuntzarako Programako hamar beka iragarri dira, eta azkenean 19 beka esleitu dira. Batera hartuta, 2022ra arte 1.300.000 euro inguru bideratuko dira berez beka esandakoetara, eta 200.000 euro inguru, berriz, Gizarte Segurantzari atxikitzeko.

Proiektuen gaiak

Ikerketa arloaren arabera, hauek dira proiektuen gaien adibide batzuk:

- Nekazaritza: labore estentsiboetako eta mahastietako izurrite eta gaixotasunen kontrol agroekologikoa.

- Elikagaiak: premia bereziak dituzten biztanleen elikadura portaerak neurtzeko metodologia sentsorial berrien garapena.

- Animaliak: antibiotikoen erabileraren arrazionalizazioa espezie produktiboetan.

- Arrantza: towards an integrated assessment of the Bay of Biscay marine ecosystem.

- Ingurumena: iItsasoko hondakinen balorizazioa.

Proiektuen gai horiek zentro hauetan landuko dira: Azti-Tecnalia, Neiker, Leartiker (Elikagaien Teknologiako Ikerketa Zentroa), Lactiker (EHU/UPVko Animali Jatorriko Elikagaien Kalitate eta Segurtasunari buruzko Ikerketa Taldea) eta EHU/UPVren Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola.

Iraupena eta zenbatekoa

Prestatzen ari diren ikertzaileentzako laguntzen kasuan, kontratuaren iraupena urtebetekoa izango da, eta luzatzeko aukera egongo da, urtetik urtera. Hasierako kontratua eta luzapen guztiak batuta, iraupena ezingo da lau urte baino gehiagokoa izan. Prestatzen ari diren teknologoen trebakuntza programarako laguntzei dagokienez, Dekretu arautzaileak aurreikusten du laguntzak urte baterako izan daitezkeela edo segidako bi urtetarako; halere, kasu honetan laguntza guztiak bi urterako eman dira.

Laguntzen zenbatekoei dagokienez, prestatzen ari diren ikertzaileek (doktoretza aurreko bekak) 18.574 euro eskuratuko dituzte lehen eta bigarren urteetan, 19.833 euro hirugarren urtean, eta 24.555 euro laugarrenean. Onuradunek, gainera, laguntza osagarri bat edukiko dute. Laguntza osagarri horren zenbatekoa ez da 2.000 eurokoa baino handiagoa izango urteko, eta doktoretza kurtsoetan matrikulazio gastuak ordaintzeko, kongresu zientifikoetara eta lan jardunaldietara joateko, beste ikerketa zentro bazuetan egonaldi laburrak egiteko edo beste kurtso batzuk egiteko erabiliko da, esaterako.

Teknologoen prestakuntzarako laguntzei dagokienez, urtero 13.000 €-z hornituko dira, gehi Gizarte Segurantzako kuotak. Onuradunek, gainera, laguntza osagarri bat edukiko dute. Laguntza osagarri horren zenbatekoa ez da 1.000 eurokoa baino handiagoa izango urteko, eta doktoretza kurtsoetan matrikulazio gastuak ordaintzeko, kongresu zientifikoetara eta lan jardunaldietara joateko, beste ikerketa zentro bazuetan egonaldi laburrak egiteko edo beste kurtso batzuk egiteko erabiliko da, esaterako.