Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Artzain Eskolatik pasa diren 270etik gora ikasleek artzaintzaren jarraipena bermatzen dute Euskadin

Artzain_Eskola.JPG

2018.eko otsailak 26

• Arantzazuko eskolak XXI. Ikasturteari amaiera eman dio, 11 ikaslerekin.

• Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozek Artzain Eskolaren 21 urteko ibilbidearen bilakaera ona nabarmendu du, eta ikastetxeaz esan du “Euskadiko ardiaren sektorearen etorkizunerako giltzarria” dela.

• Amaiera ekitaldian, Artzain Eskolak Makatza baserriko Pedro Gabiria eta Ines Argarate artzainak omendu ditu, bai eta Eskoriatzako Udala ere, artzainen alde egindako lanagatik.

Gaur goizean egin da artzain ikasketen XXI. ikasturtea ixteko ekitaldia, zeinarekin Arantzazuko eskolak beste ikasturte bat amaitu duen. Gomiztegi baserrian esan zaie agur ikasturte hau bukatu duten 11 ikasleei. Bertan entregatu zaizkie diplomak eta makilak, artzain prestakuntza jaso dutela egiaztatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek presiditu du ekitaldia, hauekin batera: Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari Ikerne Zuluaga; Gipuzkoako Nekazaritza eta Landa Inguruneko zuzendari Xabier Arruti; Gipuzkoako Medien eta Natura Inguruneko zuzendari Arantxa Aristimuño; Arabako eta Bizkaiko foru aldundietako ordezkariak, eta Arantzazuko eskolako ordezkari Batis Otaegi.

Ikasturte honetan emakume bakarra egon da, eta diploma eskuratu duten gainerako 10 ikasleak gizonak dira. Azpimarratzeko da ikastetxetik igaro diren ikasle gehienak 30 urtetik beherakoak direla. Datua garrantzitsua da, izan ere, horrek ziurtatzen du Artzain Eskola garrantzitsua dela artzaintzaren sektorearen barruan belaunaldien erreleboa lortzeko eta Euskadin artzantzari eusteko.

Hala nabarmendu du Nekazaritza, Arrantza eta Elikaduraren Politikako sailburuorde Bittor Orozek bere interbentzioan. “Ardiaren sektorearen etorkizunak milaka urteko jarduera hau prestigiatzea eta gure gazteak erakartzea behar du. Funtsezkoa da sektoreak etorkizuna edukitzea, izan ere, horrek ahalbidetuko du belaunaldien arteko erreleboa gertatzea eta artzaintza, lan bokazionala izateaz gain, enplegua, aberastasuna eta ongizatea sortzen dituen jarduera ekonomiko dela eta lehen sektorearen eta Euskadiko landa inguruneak biziberritzeko oinarrizko pieza dela ere onartzea".

Ikasleei egindako lanagatik zorionak eman ondoren eta beraien etapa profesional berrian etorkizun ona opatu eta gero, Oroz sailburuordeak animatu ditu lehen sektore estrategikoa eta lehiakorra garatzen laguntzeko duten aukeraz baliatzera. “Zuek denak orain duzue aukera sektore honetako eta Euskadiko elikaduraren balio kateko partaide izateko, eta aukera duzue, baita ere, kalitate produktuak, produktu osasungarriak eta iraunkorrak lortzearen alde lan egiteko, produktu horiek baitira kontsumitzaileak gero eta gehiago eskatzen dituenak. Eta gu, Eusko Jaurlaritzatik, lagundu egingo dizuegu lan horretan, Elikaduraren eta Gastronomiaren Plan Estrategikoan (PEGA) definitzen diren neurrien bitartez.”

Plan honen helburuak dira sektorea indartzea, bertako produktuak, kalitatekoak, seguruak eta iraunkorrak gehiago ekoiztea eta kontsumitzea, eta elikaduraren balio kateko agente guztien lehiakortasuna orokorrean hobetzea, berrikuntzaren, ezagutza berrien eta lankidetzaren bitartez. Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoak proposatzen du elikaduraren eta gastronomiaren balio katearen pisua handitzea euskal BPGd-ean, egungo %10,56tik %12ra igarota, lau urtean.

2017/2018 ikastaroaren ikasleen profila

Gaur itxi den kurtsoa amaitu duten 11 ikasleetatik 10 gizonak dira eta bat emakumea. Jatorriari dagokionez, berriz, 6 Euskadin bizi dira, eta gainerako 5ak Nafarroatik etorri dira.

Artzain ikasturte honetan eta aurrekoetan, ikasle gehienak 30 urtetik beherakoak dira. Datu horrek bermatzen du zentroa garrantzitsua dela belaunaldien erreleboa lortzeko. Gainera, dipolma eskuratu dutenen erdiak baino gehiagok nolabaiteko lotura dute etxean artzaintzarekin, eta horrek baieztatzen du lanbidearekiko bokazio sendoa eta artzaintzaren sektorearekiko konpromisoa dutela.

Zenbaki orokorretan, Artzain Eskolak dituen 21 urteetan 270 ikaslek eskuratu dute guztira diploma, eta horietatik 212 gizonak dira eta 58 emakumeak.

Ikasle guztien %69 Euskal Autonomia Erkidegotik etorritako gazteak dira eta %15 Nafarroako Foru Komunitatetik etorritakoak. Eskolak, halaber, beste autonomia erkidego batzuetako ikasleak hartu ditu, %7, bai eta atzerriko herrialdeetatik ere, %9.

Ikastaroaren ezaugarriak

XXI. ikastaro trinkoa 2017ko urrian hasi zen, eta bost hilabete iraun du: 810 ordu guztira. Modulu teorioez gain, ikastaroaren zatirik handiena hartzen baitute, ikasleek praktikak egin dituzte artzain profesionalen baserrietan, eta ekintzailetzara bideratutako zati bat ere badute, eskola proiektu bat landu behar izateaz gain.

Ikastaroaren edukiari dagokionez, historiari eta artzaintza iraunkorraren orokortasunei lotutako gaiak landu dira, artaldearen elikadura eta maneiua, ugalketaren eta hautaketaren maneiua, marketina eta merkaturatzea, kudeaketa tekniko-ekonomikoa eta gazta, gaztazahar, mami eta zezinaren elaborazioa.