Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Arriola sailburuak, ingurumeneko ministroen aurrean, eskualdeek Europar Batasunaren ekonomia zirkularraren ereduari babesa ematen diotela azaldu du

Argitalpen-data: 

Ingurumen sailburuak esan du eredu ekonomiko hori sustatzeko zeharkako alderdi batzuk garatu behar direla, besteak beste, erosketa publiko berdea, eta finantza-laguntza eman eskualdeetako gobernuei eta tokiko erakundeei.

Arriolak hitza hartu du Ingurumeneko Ministroen Kontseiluan; Luxenburgon izan da, eta sailburuak hitza hartu du, autonomia-erkidegoek hainbat urte hitzik gabe jardun ondoren 

Arriolak eta Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak topaketa izan dute, klima-aldaketaren arloan jarduketak koordinatzeko

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak, gaur goizean, Ingurumeneko Europako Ministroen Kontseiluan parte hartu du, Luxenburgon. Berretsi egin du Europar Batasunak sustatutako ekonomia zirkularraren pakete berria bultzatzen dutela berak eta autonomia-erkidegoek, eta esan du hura sustatzeko “zeharkako alderdi batzuk garatu behar direla, besteak beste, erosketa publiko berdea, eta jardunbide egokien esperientziak batu eta partekatu behar direla eta enpresa txiki eta ertainetarako eta herritarrentzako sentsibilizazio-programak bultzatu”. Eta esan du, horretarako, gainera, finantza-laguntza eman beharko zaiela eskualdeetako gobernuei eta tokiko erakundeei.

Hori horrela, Arriolak adibide gisa ‘Circular thinking” ekimena aipatu du; Euskadin garatzen ari da, gutxieneko hondakinak dituen ekonomia berritzailean oinarritzen den gizarte jasangarrirako gida gisa.

Nahiz eta beste ministroen kontseilu batzuetan ohikoa den, azken urteotan autonomia-erkidego batek ere ezin izan du hitzik hartu ingurumenekoetan. Teresa Riberak zuzentzen duen Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren jarrera-aldaketa dela bide, Euskadik aktiboki parte hartu ahal izan du Luxenburgon, autonomia-erkidegoen koordinatzaile gisa. Sailburuak ministroari bere jarrera irekia eta laguntzailea eskertu dio, eta udal- eta eskualde-erakundeek klima-aldaketaren aurkako borrokan eta garapen jasangarrian duten eginkizun protagonistaren balioa nabarmendu du. “Garrantzitsua da –esan du– Europan eskualdeen ahotsa entzutea; izan ere, herritarrengandik oso hurbil gaude eta geuk kudeatzen ditugu proiektuak eta ekintzak lehendabizi. Eta ohorea da eta erantzukizuna, halaber, Euskadik berriro irekitzea bidea”.

Ministroen Kontseiluan, besteak beste, honako gai hauek aztertu dira: ibilgailu arinetan CO2ren (karbono dioxidoa) isuriak murrizteko Europako araudia berrikustea, giza kontsumorako uren kalitateari buruzko Zuzentarauaren proposamena eta ekonomia zirkularrerako Europar Batasunaren ekintza-plana gauzatzeari buruzko ondorioak.

Lehen puntuan, autonomia-erkidegoen baterako posizioak erakusten du ardura bera partekatzen dutela, garraio-sektorearen isurien etengabeko gorakadaren inguruan, eta EBren isurien murrizketaren helburuekiko konpromisoa eta Parisko Akordioan adostutako konpromisoak. Halaber, ibilgailuetan CO2ren isuriak murrizteko Europako araudia berrikusteko adostasuna erakutsi du, ezarritako isurien helburuak lortzeko (ibilgailu arinentzako 2025ean CO2/ km-ko 25 eta 40 gramo bitarteko isuri-tarteez ari gara), eta Batasunari eskatu dio Europako merkatuan isuri baxuko ibilgailuak sartzeko anbizio gehiago izateko.

Giza kontsumorako uren kalitatea dela eta, autonomia-erkidegoak uraren segurtasunerako arriskuetan oinarritzen den ikuspegia, giza kontsumorako uraren inguruko informazioan gardentasun handiagoa eta egoera ahulean dauden edo baztertuta dauden biztanleria-sektoreek sarbidea dutelako bermea sartzea defendatzen dute. Eta ulertzen dute bertan berme-faktorea sartu beharko litzatekeela, natura-baliabidetik ateratako uraren erabilera eraginkorragoaren sustapenean oinarrituta; aldi berean, osasun publikoko sailek eta udalerriek eta ura hornitzeko erakundeek parte-hartze eraginkorra izateko eskatu dute.

Arriola sailburuaren hitzak Kontseiluaren aurrean ekonomia zirkularrean zentratu dira eta, horren harira, erkidegoek duten baterako posizioak uste du Europar Batasunak ekonomia eta plastiko birziklatuaren merkatua sustatzeko ezarri dituen neurriak, beharbada, epe ertainera emaitza onenak ekar ditzaketenak direla, betiere birziklapenaren bideragarritasun ekonomikoa ziurtatzen bada.

Era berean uste dute bizkortu egin beharko litzatekeela erabilera bakarreko plastikorako arauen aplikazioa, eta bat datoz plastikoaren kontsumoa murrizteko beharrizana dagoela, diseinutik lan egin behar dela produktu berri iraunkorragoak eta hondakinen birziklapenera bideratuta daudenak fabrikatzeko, bilketarako, sailkapenerako eta birziklapenerako azpiegiturak sustatu behar direla eta plastikoen balio-kate osoan berrikuntzaren integrazioa sustatu behar dela, dela lehengaien diseinua, dela bigarren mailako gaiak berrerabiltzeko soluzio berriak.

Topaketa Trantsizio Ekologikorako ministroarekin 

Arriola sailburuak jardunaldia aprobetxatu du, gainera, topaketa laburra izateko Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroarekin; bertan, beren sailek batik bat garrantzi handiko gaietan, besteak beste, klima-aldaketaren aurkako borrokan, abian dituzten jardun-ildoen gaineko informazioa trukatu dute.

Ingurumen Saila eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioa klima-aldaketari buruzko etorkizuneko legeen oinarrietan ari dira lanean. Hori horrela, sailburuak esan du ezinbestean “bilatu behar dela horren inguruan sintonia, eta eraginei batera eta harmoniaz aurre egin ahal izateko jarduketak koordinatu”.