Arriola sailburuak aztertu ditu etxebizitza politikaren lerro nagusiak "Forum Europa-Tribuna Euskadin"

2018.eko maiatzak 23

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak, gaur, ‘Forum Europa. Tribuna Euskadi’n parte hartu du. Bilbon izan da; bertan, Euskadiko etxebizitza-politiken alderdi esanguratsuenak aztertu dira. Bertan, Espainiako Gobernuak Hiri Errentamenduetarako Legea aldatu eta alokairu-kontratuen epea bost urtera aldatzeko beharra planteatu du; izan ere, gaur egun hiru urtekoa da eta, horrela, egonkortasun eta ziurtasun handiagoa emango zaio maizterraren eta errentarien arteko harremanari.

Arriolak nabarmendu du Euskadik 2015eko Etxebizitza Legea onestean emandako jauzi kualitatiboa; izan ere, bertan, etxebizitza herritarren eskubidea baliatzeko gizarte-ondasuntzat hartzen da. Administrazioei eskatu die hura aurrera eraman ahal izateko eta higiezinen burbuila berriaren mehatxua eteteko beharrezko tresna eta mekanismoak ezartzeko.

Horrela, Hiri Errentamenduen Legea aldatzeaz ez ezik, alokairuko etxebizitzetarako, egoeraren eta ezaugarrien arabera, udalekin lankidetzan, metro koadroko erreferentziazko prezioak ezartzearen alde agertu da.

Halaber, zenbait zerga-neurri iradoki ditu, aurretik deskribatutakoekin batera, eta, horien bidez, etxebizitzaren arloan ongizate-sistemari eutsi ahalko litzaioke, besteak beste: errentan dauden etxebizitzen ondasun higiezinen gaineko zergan (OHZ) beherapena edo errekargua egitea, erreferentziazko prezioak gainditzen diren ala ez kontuan hartuta, eta, PFEZren eta sozietateen gaineko zergaren kasuan, tasa progresiboa, etxebizitzaren alokairuaren ondoriozko etekinetan.