Segurtasun Saila

Berrogeita hamar bat pertsonak parte hartu dute Arrigorriagako Mendikosolo parkean hiru pertsona bilatzeko eta erreskatatzeko simulakroan.

Argitalpen-data: 

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak lekuan bertan egiten diren era horretako entrenamendu praktikoen garrantzia azpimarratu du.

Berrogeita hamar bat pertsonak parte hartu dute gaur Arrigorriagako Mendikosolo parkean hiru pertsona bilatzeko eta erreskatatzeko egin den simulakroan. Segurtasun Sailak zuzendu eta koordinatu du Desagertutako Pertsonei buruzko 6. Jardunaldi Teknikoaren esparruan antolatu den ekitaldia. Simulakroa Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak koordinatu du, eta hiru lekutan egin da: baso batean, meatze-eremu batean eta uretan.

“Larrialdi-egoera guztietan funtsezkoa da pertsonak eta baliabideak koordinatzea, eta erabakigarria da desagertutako pertsonak bilatzeko eta erreskatatzeko operazioetan. Garrantzizkoa da, beraz, pieza guztiak behar bezala kateatzea, eta gaurkoa bezalako simulakroak larrialdietan esku hartzen duten eragileen eta baliabideen arteko koordinazioa hobetzeko dira", esan du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak.

Berrogeita hamar bat pertsonak parte hartu dute Arrigorriagako Mendikosolo parkean hiru pertsona bilatzeko eta erreskatatzeko prestakuntza eta entrenamendu jardunaldi oso eta espezifiko honetan. Bilaketa eta erreskate lanak hiru eremu ezberdinetan egin dira: basoan, meatze-eremu batean eta uretan.

Simulakroaren helburua izan da testatzea eta aztertzea, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman gaur egun ezarrita dauden taktika operatiboetako informazioaren, komunikazioaren, esku-hartzearen eta koordinazioaren arloko prozeduretan beharrezko hobekuntza-neurriak ezartzeko.

Simulakroari ariketaren briefing batekin eman zaio hasiera. Gero pertsona batek SOS Deiak Larrialdietako Koordinazio Zentrora egin duen dei simulatu baten bidez jakinarazi du hiru lagun desagertu direla Arrigorriagako Mendikosolo parkearen eremuan (Bizkaian).

Une horretatik aurrera hainbat baliabide jarri dira martxan, hala nola, Arrigorriagako Udaltzaingoa, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza (Koordinaziorako Zentroa, Esku-hartze Zerbitzua eta “AK” Aginte Kamioia), Ertzaintzaren Zuzendaritza (Zaintza eta Erreskate Unitatea: mendiko, urpekaritzako eta helikopteroen atalak, Txakur Unitatea eta Galdakaoko Ertzain-etxea), Gurutze Gorria (Mendiko ERIE), Euskal DYA (GER DYA Bizkaia eta “AK” laguntza emateko baliabideak), Euskadiko Laguntza Txakurren Taldea eta bertako txakur unitatea.

Bilaketa-lanetan galdutako pertsonak aurkitu dira eta ondoren osasun-zentro batera eraman dira, eta lanak lurrez, airez eta uretan egin dira jarduera ezberdinak testatzeko.

Simulakroa amaitutakoan, esku hartu duten baliabideak elkartu egin dira egindako lanaren esperientzia eta hobekuntza-proposamenak partekatzeko.

2017an Segurtasun Sailak guztira 103 bilaketa (38 Bizkaian, 29 Gipuzkoan eta 36 Araban) eta 242 erreskate (89 Bizkaian, 105 Gipuzkoan eta 48 Araban) egin zituen, eta bi aldiz esku hartu zuen leizeetan (behin Bizkaian eta beste behin Gipuzkoan).