Anbereseko Poliziaren arduradunek Ertzaintzaren instalazioak bisitatu dituzte

03.JPG

2018.eko martxoak 07

Euskadiko eta Flandriako exekutiboek eta horietako segurtasun-organoek izenpetutako lankidetza-hitzarmenetan aurreikusitako trukeen esparruan egin da bisita

Anbereseko Poliziaren ordezkaritza, polizia-arduradun gorena, Serge Muyters komisarioa, buru dela Ertzaintzaren instalazioak bisitatzen ari da egun hauetan.Segurtasuneko sailburuak egin dio harrera ordezkaritzari, eta Euskadiko eta Flandriako gobernuek 2015ean lankidetzarako izenpetutako konpromisoaren eta aurrerago, 2017an, bi polizia-zerbitzuen arteko elkarlana areagotzeko Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren eta Anbereseko hiriko homologoaren artean egindako adierazpen bateratuaren esparruan antolatu da bisita.

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak eta Ertzaintzaren buru Jorge Aldekoa superintendenteak Anbereseko alkate Bart de Weverrekin eta hiriko polizia buru Serge Muytersekin 2017ko martxoaren 13an Anberesen izenpetutako lankidetza-hitzarmenaren helburua zen esperientziak trukatzea bai delinkuentziaren aurkako borrokan eta delituen prebentzioan, bai segurtasunarekin eta ordena publikoarekin erlazionatutako lanetan, bereziki terrorismoaren, krimen antolatuaren, lapurtutako ibilgailuen nazioarteko trafikoaren, agirien faltsifikazioaren eta droga-trafikoaren aurkako borrokarekin zerikusia dutenetan.

Era berean, konpromiso horretan sartzen zen, besteak beste, poliziaren prestakuntza eta hobekuntza programei, antolaketa-egiturei edo teknologia berriei buruzko ezagutzak partekatzea, eta, gainera, batak bestearen instalazioetara bisita egiteko programa bat ezartzea.

Programa horren baitan, 2017an Ertzaintzak eta Anbereseko Poliziak batak bestearen instalazioak bisitatu zituzten eta entrenamendu bateratuak egin zituzten teknologiaren arloan, erradikalizazioaren prebentzioan eta polizia-interbentzioan duten prestakuntza hobetzeko.

Belgikako arduradunak Ertzaintzaren instalazioetara egunotan egiten ari diren bisitaren helburua da 2018rako trukeak zehaztea, bi erakundeen arteko lankidetza sendotzeko eta aliantzak indartzeko. Bisita martxoaren 6tik 8ra egingo da, eta Flandriako poliziaren arduradunek Iurretako eta Erandioko base operatiboa eta zentrala eta Inteligentzia Bulego Nagusiaren egoitza ikusteko aukera izango dute. PRI-Bizkor taldearen erakustaldi batean ere izango dira eta islamismo erradikalaren aurkako Ertzaintzaren planeko xehetasun teknikoak ezagutzeko aukera ere izango dute.