AMPOren mekanizazio jasangarriko planta berriaren inaugurazioan izan da Lehendakaria

2018.eko urriak 17

  • Lehendakariak Ogasun Ministerioarekin lortutako akordioaren berri eman du, aurten 54,4 milioi euro gehiago inbertitu ahal izango dira

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia eta Ingurumena, Lurraldearen Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriola lagun zituela, Ampo Poyam Valves kooperatibaren mekanizazio jasangarriko planta berriaren inaugurazioan izan da gaur goizean.

Idiazabalgo plantan izan da ekitaldia, eta kudeaketa-eredu kooperatiboa gogora ekarri du bertan Lehendakariak “oinarri dituena pertsonak eta partaidetza; kanpora irekitzea; berrikuntza teknologikoa eta inbertsioa”, Ampo Poyam Valves-en oinarriak, alegia. Gainera, adierazi duenez, mekanizazio jasangarriko planta berria irekitzean aurrerapauso berri bat ematen da, “nazioartean konfiantza irabazten jarraitzeko pauso bat, euskal ekosistema ekonomikoaren zerbitzura”, gaineratu du.

Bestalde, Lehendakariak azpimarratu du enpresak lehiakortasun eta ingurumenarekiko konpromiso handia erakusten duela, baita teknologian inbertitzearen eta kalitateko enplegua sortzearen aldeko jarrera ere.

Lehendakariak egonkortasunari buruz adierazi duenez, euskal ekonomia garatzea oinarritzat hartuta Eusko Jaurlaritzak jarduera industrialarekin hartua duen konpromisoa irmoa da.

Bere jardunean, azken urte hauetan lortutako akordioetako batzuk ere aipatu ditu Lehendakariak. Batetik, adostutako politika fiskala, bai zerga-bilketan bai hazkundearen sustapenean emaitzak ekartzen ari dena, “Herrialde serio eta kaudimendun bat garenaren seinale”, Lehendakariaren hitzetan. Bestalde, enplegurako eta ekonomiaren susperraldirako Plana, emaitzak izaten ari dena; horren haritik, Lehendakariak ziurtatu duenez, inbertsio gehiago eta ekonomia produktiboari zuzendutako babes handiagoa konprometitu dute. Eta, azkenik, aurrekontuaren egonkortasuna, bost urtetan irmotua, “herritarren funtsezko premia sozialei erantzutea lortzen ari gara, Hezkuntzan, Osasunean eta Gizarte Babesean. Gainera, inbertsiorako, berrikuntzarako, ikerketarako eta garapenerako baliabideak gehitzea lortzen ari gara”, zehaztu du.

Gaur gainera, Lehendakariak Ogasun Ministerioarekin lortutako akordioaren berri eman du. Horrela, azaldu du Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa ereduari esker, aurten 54,4 milioi euro gehiago inbertitu ahal izango direla. "Inbertsio berri hauek Osasuna, Garapen Ekonomikoa, Garraioa, Hezkuntza eta Ingurugiro arloetara bideratuko ditugu, hobekuntzak gauzatzeko", esan du Lehendakariak.