980.000 euro inguru, elikagaien kalitate erregimenetan eta informazio eta sustapen jardueretan parte hartzea bultzatzeko (Gobernu Bilera 2018-12-03)

logoconsejo.jpg

2018.eko abenduak 03

Kalitatezko eta jatorrizko euskal produktuak bultzatzeko laguntzak dira, bai eta nazioko zein nazioarteko merkatuetan horiek sustatzeko ere

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburu andrearen Agindua onartu du. Agindu horrek 2019ko ekitaldiko laguntzen deialdia egiten du, 978.713 euroko aurrekontuarekin, lehen aldiz kalitate erregimenetan (Jatorrizko Izenpenak, Adierazpen Geografiko Babestuak eta kalitate ezaugarriak) parte hartzeko modua errazteko, eta baita nekazaritzako euskal produktu eta elikagaiak erkidegoko merkatuan sustatzeko eta horrekin lotutako informazioa zabaltzeko egindako jardueretarako ere.

Laguntza horiek Euskadiko Gastronomia eta Elikadurarako Plan Estrategikoaren baitakoak dira. Plan hori da, hain zuzen, euskal gobernuaren erronka nagusietako bat legegintzaldi honetan. Elikadura osasungarria ardatz hartuta, helburu garrantzitsuenetako bat da kalitatezko eta jatorrizko euskal produktuak bultzatzea eta horiek nazioko zein nazioarteko merkatuetan sustatzea.

Epeak eta laguntza motak

2019ko abenduaren 31n amaituko da ekintzak gauzatzeko epea. Bi motatako laguntzak aurreikusi dira:

  1. Nekazariek lehenengoz kalitate erregimenetan parte hartzeko laguntza. Laguntza hau, hain justu, urteko sari bat izango da ustiapeneko. Zenbatekoa erabakitzeko, kontuan hartuko da eskatzaileak kalitate erregimenetan parte hartzeagatik izandako kostu finkoen maila, onuradunak izena ematen duen urtetik gehienez ere 5 urteko epean.
  2. Informazio eta sustapen jardueretarako laguntza. Ekoizle elkarteek, kalitate erregimen batek bermatutako produktuekin lotuta, erkidegoko merkaturako egindako jarduerak izango dira. Laguntza hau, zehazki, zuzeneko diru laguntza moduan emango da, ekintzetan diruz lagundu daitezkeen kostuen ehuneko bat ordainduz. 

Eskaeraren eredua http://www.euskadi.eus helbidean dago eskuragarri, eta eskaera oro Eusko Jaurlaritzaren Elikagaien Kalitate eta Industria Zuzendaritzara bidali beharko da. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu arautzailearen ondorioak indarrean jartzen diren egunetik zenbatzen hasita.