770.000 euro Lanbide Heziketan berrikuntza eta ekintzailetza proiektuetarako (Gobernu Bilera 2018-03-13)

logoconsejo.jpg

2018.eko martxoak 13

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran Agindu bat onartu du Hezkuntza sailburuak proposatuta; aipatutako Aginduaren bidez, 2018-2019 ikasturtean, Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeetan garatu beharreko berrikuntza eta ekintzailetza-proiektuak egiteko diru-laguntzak deitzen dira. Proiektuok, Lanbide Heziketako IV. Planak definitzen dituen ildo estrategikoekin bat etorri  beharko dute. 

770.000 euroko diru kopuruarekin, deialdi honen xedea da Lanbide Heziketako zentroetan berrikuntza aplikatu eta ekintzaileko proiektuak egitea diruz laguntzea, irakasleak erabat edo partez liberatzeko aukera emanda, 2018-2019 ikasturtean aipaturiko proiektu horiek gauza ditzaten.

Proiektuok garatzerakoan jaso den ezagutza hori ikasleenganaino iristea  ere helburu izango da, bai eta Euskadiko gainerako Lanbide Heziketako ikastetxeetara eta enpresetara iristea ere, Enpresa Txiki eta Ertainetara bereziki. 

Euskadiko itunpeko ikastetxe pribatuek eskatu ahal izango dituzte diru-laguntza horiek, baldin eta 2018-2019 ikasturtean erdi eta goi-mailako Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak itunduta badituzte. 

Lanbide Heziketako IV Euskal Plana ekoizpen-sektoreetan nahiz produktibitatearen alorrean gertatzen ari diren aldaketa handiei erantzuna ematea helburuz jarri zen abian. Horretarako, plan honek eredu bateratu berri bat bultzatu nahi du Lanbide Heziketan, funtsezko hiru elementu hauetan oinarritua: heziketa integratua, berrikuntza aplikatua eta ekintzailetza aktiboa. Elementu hauei gehitu behar zaizkie, euskal Lanbide Heziketaren nazioartekotzea, eta Lanbide Heziketa eskaintzen duen ikastetxe motaren eraldaketa.