Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila

750.000 euro, Eskolako 21 Agenda garatzeko laguntzetarako (Gobernu Bilera 2018-06-05)

Argitalpen-data: 

logoconsejo.jpg

Gobernu Kontseiluak, gaur, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren eta Hezkuntza sailburuaren agindua onetsi du; horren bidez, autonomia-erkidegoan dauden unibertsitatez kanpoko ikastetxeei Eskolako 21 Agenda programa garatzeko diru-laguntzak emateko deialdia egin da.

Eskolako 21 Agenda hezkuntza-estrategia garrantzitsua da jasangarritasunerako; horren bidez, ikasleek, hezkuntza-jardunaren bidez, beren inguruneko ingurumen-problematika ezagutu eta ulertzen dute eta gizarte jasangarriagoaren alde erantzukizunez jarduteko eta parte hartzeko balio die.

Datorren 2018-2019 ikasturterako ezarritako laguntzetara unibertsitateaz kanpoko itunpeko ikastetxe publiko eta pribatu guztiek jo dezakete. Horretarako, zentroko proiektu bakarra aurkeztu beharko dute, jasangarritasunerako hezkuntza-arloan egin beharreko jarduera guztiak jasoko dituena, aurrekontuarekin batera.

Deialdiaren aurrekontu-zuzkidura 750.000 eurokoa da. Aginduak zehazten du programa garatzeko diru-laguntza eskatzen duten eta eskakizunak betetzen dituzten itunpeko ikastetxe publiko eta pribatu guztiek diru-laguntza jasoko dutela. Laguntzen zenbatekoa aurkeztutako proiektuaren araberakoa izango da, eta gehienez 5.000 euroko muga izango du, Eskola Jasangarriaren ziurtagiria duten zentroen kasuan, eta 3.000 eurokoa, gainerakoetan. 

Eskabideak baliabide elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, eta horretarako epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera.