55 milioi unibertsitatez kanpoko ikasleei zuzenduriko beketarako (Gobernu Bilera 2018-09-04)

logoconsejo.jpg

2018.eko irailak 04

Joan zen ikasturtean 127.172 ikasle bekadun izan ziren Euskadin, eta 189.227 laguntza eman ziren

Eskaerak aurkezteko epea, irailaren 17tik urriaren 19ra zabalik

Baldintzak betetzen dituen familia orok laguntza jasoko duela bermatzen du Hezkuntza Sailak

Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, 2018-2019 ikasturtean unibertsitatez kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko diru-laguntzak deitzen dituen Agindua onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez. Deialdiak 55 milioi euroko diru-kopurua du.

Beka hauen onuradun izan daitezke 2018-2019 ikasturtean ondorengo ikasketa maila hauek burutuko dituzten ikasleak: Haur Hezkuntza; Lehen Hezkuntza; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza; Batxilergoa; Lanbide Heziketako zikloak; Musikako eta Dantzetako oinarrizko irakaskuntzak nahiz profesionalak; Arte plastikoak eta Diseinua; edo Kirol irakaskuntzak.

Unibertsitatez kanpoko ikasleei zuzenduriko beka hauek honako osagai hauetako bat edo zenbait har ditzakete beren baitan: kuota osagaia, irakaskuntzaren osagaia, joan-etorrietarako osagaia, egoitza osagaia, ikasmaterialetarako osagaia eta jantokiaren osagaia.

Hezkuntza Sailak bermatzen du baldintzak betetzen dituen familia orok jasoko duela laguntza ekonomikoa. Horretarako, deialdi honen diru-kopurua (55 milioi eurokoa) handitu egin daiteke, beharrezko gertatuko balitz. Era honetan, ikasle guztiek hezkuntzarako eskubidean aukera berberak izatea eta familiaren egoera ekonomikoa zailtasun gehigarri bat ez izatea ere bermatzen da.

Eskaerak aurkezteko epea irailaren 17tik urriaren 19ra arte egongo da irekia.

127.172 ikasle bekadun

Joan den 2017-2018 ikasturtean unibertsitateaz kanpoko mailetako 127.172 ikasle bekadun izan ziren Euskadin (aurreko urtean baino 2.000 inguru gehiago), eta horien guztien artean 189.227 laguntza banatu ziren. Laguntza hauen artean,  onuradun gehien izan zituzten osagaiak ikasmaterialena (124.408 onuradunekin) eta jangela bekei dagozkienak (58.549 onuradunekin) izan ziren.

Iazko ikasturtean egin zuen gisa, Hezkuntza Sailak beka hauek ebatzi eta ordaintzeko prozedura bizkortzen jarraituko du aurten ere, familiei dagokien kopuruaren ordainketa ikasturte hasieratik albait hurbilen egiteko helburuz. Joan zen 2017-2018 ikasturtean familien ia %80k jaso zuten bekaren edo beken ebazpenaren berri urtea amaitu baino lehen, eta handik egun gutxira ordaindu zitzaien.