2019ko Euskadiko Aurrekontu Orokorren Proiektua 11.784 milioi eurokoa da (Gobernu Bilera 2018-10-23)

Foto_Presup.jpg

2018.eko urriak 23

Gobernu Kontseiluak 2019ko Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Proiektua onetsi du gaur. Aurrekontua 11.784,1M/€-koa da. Aurrekontu hori, egonkortasun esanguratsua duen hazkundearen aldeko testuinguru ekonomikoan planteatzen da, moteltze leunaren barruan egon arren. Hazkunde absolutua 297,7 milioikoa da, hau da, 2018an baino %2,6 gehiago. Hala ere, zorraren amortizazioa eta Euskal “Y”-aren eta Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen eragina kontuan izan barik, aurrekontuaren benetako hazkundea, aurrekontuen azterketaren ondoreetarako, 371,3 milioikoa da, hau da, aurreko urtean baino %3,6 gehiago.

Ostiralean, urriaren 26an, erregistratuko da Eusko Legebiltzarrean.

1.- Aurrerapen indartsua eta eutsia erakusten duen ingurua Euskadin

Nazioarteko erakundeek egonkortasuna aurreikusten dute mundu mailako hazkunde ekonomikoan 2018an, nolabaiteko moteltzerako joerarekin 2019rako. Aurreikuspenek %3,3an jartzen dute munduko ekonomiaren hazkundea 2018rako, eta %3,1ean 2019rako. Funtsezko alderdia hesi komertzialen gauzatzea da, elementu horrek mundu mailako merkataritza zaildu eta zalantza handituko baitu, eta horrek eragin negatiboa ekarriko du inbertsioan.

Ekonomia aurreratuei dagokienez, Estatu Batuen hazkundea %2,9koa izango da 2018an, eta 2019an pixka bat motelduko da, %2,6ra helduz. Ziklo anitzeko hedapen fiskalak eta aldeko finantza baldintzek Estatu Batuetako ekonomia bultzatuko dute. Japonian, hazkunde ekonomikoa %1,0 ingurukoa izango da 2018-2019 epemugan.

Asian indarra hartzen ari diren ekonomiek, beste lurralde batzuetakoek baino hazkunde erritmo altuagoekin jarraituko dute. Hala ere, Txinako jardueraren moderazioa nabarmentzen da adierazle ekonomikoetan. Horrez gain, merkataritza arloko gatazken ondorioz moteltze hori nabarmendu egingo dela aurreikusten da. Zalantzak, posizionamendu protekzionisten indartzearen hedapenean daude.

Eurogunean, ekonomiaren hazkundea %2,1 eta %1,8 artean egongo da 2018an eta 2019an, hurrenez hurren. Tasa horiek beherako berrikuspena erakusten dute, Alemaniarako, Frantziarako eta Italiarako aurreikusitako hazkundean txarrerako joera erregistratu baita. Europako Banku Zentralak aurreikusten duenez, interes tasek egungo mailatan jarraituko dute 2019ko udara arte, gutxienez.

Ikuspegi horiek aldeko finantza baldintzetan eta nahiko euro egonkorrean oinarritzen dira. Dena den, ez daude arriskutik salbu. Batzuk orokorrak dira, merkataritza aldeko gatazkak eta petrolioaren prezioaren igoera, besteak beste, baina beste batzuek arlo ekonomikoari dagozkie, Brexitari buruzko negoziazioak, moneta politika aldaketa eta euroguneko herrialde batzuk jasaten ari diren gatazka politikoak, besteak beste.

Espainiako ekonomiaren hazkunde aurreikuspena %2,7koa da 2018rako eta %2,3koa 2019rako. Dinamismo ekonomikoaren oinarria etxe barruko eskaria izango da, eta familien kontsumoak jarraituko du, oraindik ere, BPGaren hazkundearen motor nagusia izaten. Dena den, moteltzerako joera, kontuan hartutako prebisio mugaegunaren inguruan dago. Enplegua sortzeko erritmoan emango den moteltzea, interes tasen hazkundea eta prezioen igoera, eskariaren agregatuen moderazioa eragingo duten faktoreak izango dira.

2019ko aurrekontuak aurrerapen indartsua eta eutsia erakusten duen testuinguruan egongo dira Euskadin, moteltze soslaiaren barruan.  Horrela, BPGaren prebisioek, tasak %2,8an jartzen dituzte 2018rako eta %2,3an 2019rako. Euskadiko BPGaren hazkundea dinamizatuko duen motor nagusia barruko eskaria izango da berriro ere. Etxeetako azken kontsumo gastua eta enpresek ekipo ondasunetan egiten duten inbertsioa izango dira aurrerapen ekonomikoaren osagai liderrak.

Agertoki makroekonomiko berrian aurreikusitako denbora epemugan, esportazioak eta inportazioak antzera igoko direla aurreikusten da. Horren ondorioz, kanpo eskariak ekarpen iraunkorra eta ia hutsa egingo dio BPGari, bai 2018an eta baita 2019an ere.

Produkzio sektoreak aztertuta, jarduerako adar guztiek balio erantsi gordinari ekarpen positiboak egingo dizkiotela aurreikusten da, lehen sektoreak izan ezik. Lauki makroekonomiko berriak erakusten duenez, nekazaritzaren eta arrantzaren adar horrek beherako joera erakutsiko du aipatutako bi urteetan. Gainerako sektoreei dagokienez, Eraikuntzan hazkunde garrantzitsuak aurreikusten dira, dinamismo sendoaren seinale argiak erakutsiz. Industriak eta zerbitzuek, euren aldetik, hazkunde tasa garrantzitsuak markatuko dituzte euren balio erantsi gordinean, baina industria sektoreak nolabaiteko moteltzea erakutsiko du, jarduerak Europan izango duen desazelerazioaren ondorioz, Alemanian eta Frantzian, batez ere.

Lan merkatuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspen berriek 2018an enplegua %2 eta 2019an %1,4 haziko dela erakusten dute. Horrek esan nahi du 2018an 19.000 lanpostu inguru sortuko direla, eta 13.500 inguru 2019an. Beste alde batetik, 2018an langabezia tasa %10,6koa izatea aurreikusten da, eta 2019ko batez bestekoa %10,0ra helduko da. Horrela, 2019ko bigarren seihilekoan, langabezia tasaren erregistroak %10,0tik beherakoak izango direla uste dugu. Aurreikuspen makroekonomiko horiek AIReFen abala jaso dute duela denbora gutxi.

2.- 2019ko Aurrekontuen Inguru ekonomiko-finantziarioa

Diru-sarrerei dagokienez, Foru Aldundien ekarpenak 2018ko aurrekontua baino 631,7 M/€ gehiagokoak izango dira, 10.155,1 M/€ 2019an. Hala ere, kopuru hori 319 M/€-koa da, Finantzen Euskal Erakundeak urrian adostutako aurrekontuen itxierarekin alderatuta. Hori aurrekontu orokorraren %86,2 da. 

Aurrekontuen egonkortasunerako helburuek erakusten dutenez, defizita hiru hamarreko murriztu behar da 2019an, %0,1eraino, 2017tik Eusko Jaurlaritzak Defizit 0 estrategia argi duen arren. Horrek aukera eman dio EAOen 116. Xedapenari heltzeko, 2018an finantzen ikuspegitik jasangarriak diren 54,4 milioi euroko inbertsioak egin ahal izateko. Dena den, defizita berraztertu arren, gastuaren arauak ez du gastu handiagoan sartzeko aukerarik ematen. Zor publikoa, bere aldetik, ez da izan behar BPG baino %13,8 altuagoa, eta Euskadiren balioak %13,2an geratu beharko dira.

Zorraren amortizazioari dagokionez, 2019ko aurrekontu proiektuan 1.098 M/€-koa izango da, 2018an baino 15 milioi gutxiago.

Inbertsioen bilakaera, kapital transferentziak eta finantza aktiboen igoera aztertuz, 991,5 milioi euro arteko igoera hautematen da, hau da, 2018an baino 68,4 milioi euro gehiago, eta horrek inbertsio publikoa %7,4 handitu dela erakusten du. Aurrekontu proiektu horrek doitu egiten du berriro Euskal Trenbide Sare berriaren (Euskal Y-a eta Hegoaldeko Saihesbidea) kudeaketa kredituen egikaritzea, eta 2019an 103,3 milioikoa izango da.

3.- 2019ko ardatzak: Hobekuntzarako aukera gizarte politiketan eta inbertsio publikoan

Jaurlaritzak gizarte politikak bermatzeko eta hobetzeko eta ekonomiaren garapena eta enplegua indartzeko konpromisoei leial jarraitzen du. Horrela, proiektu honetako %77,9 gizarte politiketara dago zuzenduta.

Osasuna da aurrekontu handiena duen Saila, 3.800,1 M/€, hau da, 2018an baino 122,8 M/€ gehiago. Partida nagusiak Osakidetzakoa, 2.874,6 M/€-rekin eta Farmazia eta Tratamenduarekiko atxikidurarako laguntzak dira, 530,2 M/€-rekin. Horrez gain, aurten, Osakidetzan 69,7 M/€-ko inbertsioak aurreikusten dira.

Hezkuntzak, bere aldetik, 2.845,4 M/€ ditu, hau da, 2018an baino %4,5 gehiago (122,6M/€ gehiago). Langile publikoen soldata baldintzek erakutsiko duten hobekuntzaz gain, hezkuntza hobetzera zuzendutako beste bultzada gehigarri bat ikusten da, 18.000 €-tik beherako errenta dutenentzat haur eskolak dohainik jarriz. Horretarako, Haurreskola partzuergoari egiten zaion ekarpena 4,5 M/€ handiagoa izango da; EHUri egindako ekarpena 10 milioi handiagoa; eta azpiegitura eta ekipamendu inbertsioetara 4,5 milioi gehiago bideratuko dira.

Enplegu eta Gizarte Politika Sailak, aurrekontu partidari dagokionez hirugarrena denak, 1.028,8 M/€ izango ditu. DSBE-RGIk %2,25eko eguneratzea izango du, funtzionarioen soldatek bezala, eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarriarekin eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzekin batera, 497,5 M/€ jasoko dituzte. Politika aktiboen zuzkidurak 17,4 M/€ egingo du gora Lanbide barruan. Sail horrek 79,6 M/€ bideratuko ditu familiarako eta kontziliaziorako laguntzetara, 2018an baino 10 M/€ gehiago. Horrez gain, 1,6 M/€ finkatu dira errefuxiatuei arreta eskaintzeko, eta soldata etenaren kontrako borrokarako ekintzak jaso dira.

865,9M/€-rekin aurrekontuan laugarren lekua hartzen duen Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren datuei dagokienez, 34,1 M/€-ko igoera izan dute 2018arekin alderatuta. Euskal Y-aren eta Hegoaldeko Trenbide Saihesbidearen kudeaketa kredituek 103,4 M/€ izango dituzte 2019an. Sail horrek 13 M/€ gehiago bideratu ditu Zientzia eta Teknologia Planaren (ZTP-PCTI) barruan dauden programetara, 10,3 M/€ gehiago industria programetara eta 10,5 M/€ gehiago nekazaritza eta arrantza programetara. Horrez gain,  25 M/€-ko ekarpena egingo da FEI-IVFra, Industriako Partaidetzen Funtserako.

Segurtasunak 658,2 M/€-ko aurrekontua izango du, 17,4 milio igoerarekin. Igoera horren zati nagusia Arkauteko Akademiara, Ertzaintzan egin beharreko inbertsioetara eta Genero Indarkeria eta beste zaurgarritasun egoera batzuk babesteko zerbitzura bideratuko da.

Kultura eta Hizkuntza Politika saila, bere aldetik 260,1 M/€-ra helduko da, EITBrako zuzkidura gehigarria 4,8 M/€-koa izango da eta Guggenheim museorako ekarpenaren igoera 1,9M/€-koa.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 223,5 M/€ inguru ditu, eta gehien igoko den Saila da, 2018an baino %8,4 gehiago. Horren zergatia gazteei eta behar gehien duten kolektiboei zuzendutako Etxebizitza Plan Zuzendaria da, igoera osoaren 17,4 M/€-etatik ia 15 M/€ Plan horretara bideratuko baitira. Halaber, ingurumen arloko kudeaketarako eta lurraldearen antolamendurako zuzkidurak indartu egingo dira. 

Lan eta Justizia sailak 217,4 M/€ izango ditu, %3,2ko hazkundearekin, Justizian egin beharreko inbertsioetara eta soldata etenaren kontrako borrokarako ekintzetara zuzenduta, batez ere.

Lehendakaritza sailak 122,7 M/€ izango ditu 2019an. Kopuru horren barruan eutsi egiten zaio Berrikuntza Funtsari 40,6 M/€-rekin; Lankidetzan eta Garapenerako Laguntzan 46,2 M/€ finkatzen dira eta 2,4 M/€ errefuxiatuei arreta eskaintzeko; Emakunderen aurrekontua %8,6 igoko da.

Aurrekontu proiektu honek %2,25eko soldata igoera aurreikusten du Eusko Jaurlaritzako eta bere erakundeetako 90.000 langile baino gehiagorentzat, Itzarrira egindako ekarpena jasotzeaz gain. Horrela, Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailak 2,5 M/€-ko igoera erakutsiko du, 121,1 M/€-ko aurrekontura helduz 2019an.

Amaitzeko, Ogasun eta Ekonomia sailak 52,6 M/€-ko aurrekontua izango du, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailaren aurrekontua 41,2 M/€-raino igoko da.

4.- Aurrekontu estrategikoak

Aurrekontu proiektu honen diseinua, plan estrategiko nagusiekin eta sailek dituztenekin lotutako epe ertaineko aurrekontu epemugan oinarritu da. Horiek guztiak Politika Publikoen Estrategian eta Garapenean eta Ekonomia eta Aurrekontu Esparruan jasotzen dira.  Planteamendua, Eusko Jaurlaritzak bere lanean duen aurrekontu egite estrategikoan justifikatzen da, Gobernu ekintza 2020ra arte hedatzeko aukera emango duen urte anitzeko epemugan.