Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da 2018ko Kultura Ondarea Saria banatzeko ekitaldiak; aurtengo saridunak Minas BHI, Maristak Durango eta Bidebieta BHI izan dira

Argitalpen-data: 

kultura ondare saria

Ikastetxe durangarrak ohorezko aipamen bat ere jaso du, bideo gehien bidali dituen ikastegia izan baita: guztira, 18 lan.     

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da Kultura Ondarea Saria banatzeko gaur arratsaldean izan den ekitaldian eta han azpimarratu du proiektu honetan parte hartu duten gazteek kultura ondarearen garrantzia nabarmentzeko egin duten ahalegina. Aurten, 18 eskola ezberdinetako 66 ikasle-taldek parte hartu dute, eta ondoko ikastegietakoak izan dira sarituak: Barakaldoko Minas Institutua, Maristak Durango Ikastetxea eta Donostiako Bidebieta Institutua. Durangoko Maristak Ikastetxeak, halaber, aipamen berezi bat jaso du bideo gehien bidali duen zentroa izan delako.

Proiektu hau urtero antolatzen da Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Hezkuntza Sailaren lankidetzari esker, eta sariak emateko ekitaldia Lehendakaritzan egin da bigarren urtez jarraian. Lehendakariaren batera, gaurko ekitaldian izan dira Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Kultura sailburuorde Joxean Muñoz eta Kultura Ondarearen zuzendari Mikel Aizpuru.

Lehendakariak kultura ondarearen garrantzia nabarmendu du, baita berau gazteen artean ezagutarazteko beharra ere. “Eusko Jaurlaritzak proiektua abiarazi zuenean, xedea zen kultura ondarearen garrantzia nabarmentzea eta hedatzea; eta hori guztia teknologia berrien bitartez egitea. Emaitzak oso positiboak izan dira, eta aurkeztu dituzuen bideoak horren erakusgarri dira. Erakutsi nahi genizuen ondarea ez dela urrutiko edo iraganeko zerbait. Ondarea ez da zerbait zaharkitua, aspergarria… Kontrakoa, gizakiak munduan uzten duen arrastorik behinena izan ohi da kultura ondarea”, adierazi du.

Halaber, Bingen Zupiria sailburuak kultura ondarearen zaintzearen inguruko sentsibilizazioaren garrantzia azpimarratu du. Kultura Ondarea Saria ekimenaren barruan, parte-hartu duten taldeek 3 eta 10 minutu bitarteko bideo bat egin behar izan dute, ondarearen kontzeptua ikuspegi zabal batetik landuz. Honela, ikasleek gai zehatz baten inguruko kontaketa bat osatu behar izan dute ikus-entzunezko teknikak erabiliz, taldean lan eginaz eta ikuspegi berritzaile bat garatuz.

Gai anitzak

Aurtengo irabazleek ondoko gaiak landu dituzte:

  • Barakaldoko Minas Bigarren Hezkuntzako Institutuko ikasleek ‘Guztiok gara Euskal kultura Ondarea’ izeneko bideoarengatik jaso dute saria. Bertan, immigrazioaren gaia landu dute, estereotipoetatik eta aurreiritzietatik harago. Bideo honetan azpimarratu nahi izan dute immigrazioa gure identitatearen parte garrantzitsua dela.
  • Durangoko Maristak ikastetxeko talde sarituak ‘Gero’ izeneko lana aurkeztu du. Epai-mahaiaren iritziz, lanak “heldutasun-maila aipagarria agertzen duten ikus-entzunezkoen arloko baliabide teknikoak” agertzen ditu. Lanak bizitzaren denbora-ikuspegia landu du, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko harremana. Axularren ‘Gero’ liburua abiapuntu bezala hartuta, erakutsi dute ondarea zerbait dinamikoa dela eta euskararen bilakaeraren gaia ere landu dute.
  • Azkenik, Donostiako Bidebieta Institutuko ikasleek sarituak izan dira, ‘Gutun baten atzetik’ izeneko bideogatik. Lan honetan, eskutitz baten ezusteko aurkikuntzak baserriaren bilakaera azaltzeko aukera eman die, baita oroimen historikoaren gaia jorratzekoa ere. Gerra Zibila, erbestea edo Bidebieta auzoaren bilakaera jorratu diren beste gai batzuk izan dira.

Maristak Ikastetxeak sari bikoitza jaso du, eskola horretako 18 ikasle-taldek beste horrenbeste bideo aurkeztu baitituzte. Proiektuan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko eta Erdi-mailako Heziketa-zikloetako 1. mailako ikasleek parte har dezakete.

Lanik onenak aukeratzeko ardura duen epai-mahaian, Kultura eta Hizkuntza Politika eta Hezkuntza sailetako ordezkariez gain, ondarean aditu diren profesionalek parte hartzen dute ere. Aurten, UPV/EHUko Arkeologia Katedradun Agustin Azkaratek edo Katixa Agirre idazleak parte hartu dute, besteren artean.

Kultura Ondarea Sariak blog bat dauka non, ekimenaren inguruko informazioa emateaz gain, kultura, kirol eta euskal gizarteko berrogeita hamar bat pertsona ospetsuren iritzia jaso baiten euskal kultura ondarearen inguruan. Aurtengo irabazleek Napolesera bidaiatuko dute: hiriko alkateak harrera egingo die eta, ondoren, kultura ondareari dagokienez interes handiena duten bertako lekuak bisitatuko dituzte.