2018ko Gauzatu programak 28 milioi euro ditu ETEentzat

tapia_burdinberri_02.jpg

2018.eko uztailak 09

  • Helburua da 2018ko deialdira aurkezten diren proiektuen oinarriak, bereziki, teknologia eta berrikuntza izatea
  • 2010ean hasi zenetik, Gauzatuk inbertsio pribatuko 2.090 M baino gehiago sustatu du, bai eta kalitateko 13.861 enplegu sortzea ere.

Gaur, 2018rako Gauzatu industriarentzako laguntza-programaren deialdi berria ireki da, 28 milioi euroan. Euskal ETEentzako programa egonkor eta preziatuenetako bat da; itzulgarriak diren kredituak emanez inbertsio pribatu berriak sustatzen ditu, eta horiek berrikuntza teknologikoa eta ez-teknologikoa dakarte, bai eta enplegu berria sortzea ere.

  1. urtean programa aitzindaria izan zen, baina, gaur egun, Europako herrialde eta eskualdeetara zabalduta dago; 2018an ikuspegi eguneratua du, jakina, eta ETEen premia teknologikoekin bat datorrena, euskal industriak azken ia 18 urteotan izan duen bilakaera aintzat hartuta.

17 urtean, Eusko Jaurlaritzak 490 M euro baino gehiago bideratu ditu itzulgarriak diren kredituetara; horrek nagusiki pribatua den 2.090 milioi euroko inbertsioa ekarri du eta 13.861 enplegu berri sortzea.

Gauzatu programaren helburu nagusiak, laburbilduz, honako hauek dira:

  1. Industria-balio gehien duten, baina hura garatzeko zailtasunak dituzten enpresen diskriminazio positiboa.
  2. Kalitateko inbertsio pribatuak eta balio erantsia sustatzea, itzulgarriak diren kredituen bidez.
  3. Enplegu berria sortzea eta dagoenari eustea.
  4. Berrikuntza teknologikoa eta ez-teknologikoa sustatzea eta, horretarako, teknologiak azken urteotan izan duen bilakaera kontuan hartzea.
  5. Enpresei laguntza emateko finantzaketa-tresnen eta -ereduen eskaintza sendotzea eta, aldi berean, administrazioak baliabide berreskuragarriak eta birziklagarriak eduki ahal izatea.

2018ko Gauzaturen nobedadeak eta ezaugarriak

2018ko Gauzatu programak iazko deialdian jasotako balorazio-irizpideari eusten dio, zeinak 4.0 industriari lotuta egin ziren inbertsioak kontuan hartzen baitzituen.

Helburua da 2018ko deialdira aurkezten diren proiektuen oinarriak, bereziki, teknologia eta berrikuntza izatea. Hori guztia, etorkizuneko hazkuntza sektore tradizionalek balio erantsi gehiagoko produktu eta zerbitzuetara egokitzeko duten gaitasunarekin eta enpresa berritzaileak garatzeko gaitasunarekin lotuta dagoela aintzat hartuta.

Gainera, berrikuntzak handiaren eta txikiaren arteko aukera-berdintasuna ahalbidetzen du, bai eta zona garatuagoen eta ez hain garatuen artekoa. Horrela, parametro horiek sendotu eta ahalegina oinarri teknologikotzat edo berritzailetzat hartzen diren proiektuetara bideratu eta zentratu nahi da, eta, betiere, programa batzuek laguntzak eduki eta/edo filosofia desberdineko proiektuetara bideratzen dituztela kontuan hartuta.

Laguntza jaso dezaketen proiektuek gutxienez 120.000 euroko inbertsioa izan behar dute, eta, aldi berean, gehienez 24 hileko epean enpleguari eusteko eta/edo hura sortzeko eskakizuna bete behar dute. Jaurlaritzak enpresa berri horiei ematen dien laguntzaren gehieneko muga inbertsioaren % 35 da, eta, gehienez, proiektuko, 1.5 milioi euro.