2 milioi euro Durangoko Aramotz auzoan hiri-berroneratzeko jarduna egiteko (Gobernu Bilera 2018-11-20)

fotoconsejo.jpg

2018.eko azaroak 20

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Lurralde Politika, Ingurumen eta Etxebizitza Sailak Durangoko Udalari Aramotz auzoa birgaitzeko eta bertako hiri-berroneratzea egiteko 2.040.000 euroko zuzeneko diru-laguntza emateari. Diru-laguntza datozen hiru urteetan emango da, 2011. urtean landutako auzo kalteberen inbentarioan jasota dagoen Durangoko eremu horretan esku-hartzea egiten den bitartean.

Aramotzeko jarduna Iñaki Arriolak zuzendutako Sailak bultzatu duen eta Autonomia Erkidegoko auzo eta eremu kalteberen hiri-berroneratze integrala egiteko lanak biltzen dituen 2017-2022 aldiko Lurralde Inbertsioko Plan Integratuan txertatuta dago. Hasiera batean, Planak 17 auzotan esku hartzea proposatzen du, horretarako 50 milioi euroko inbertsioa aurreikusi da, eta eraginpean hartutako udalekin lankidetza estuan jardungo da.

Eraikinak kontserbatzeko arazoak eta egoera sozioekonomiko ezegonkorra dituzten eremu horietan jarduteko proiektuak abian dira dagoeneko honako eremu hauetan: Txabarri-El Sol (Sestao), Koroatzea (Gasteiz), Txomin Enea (Donostia), Txonta (Eibar) eta Otxarkoaga (Bilbo). Datozen hilabeteetan, beste batzuk jarriko dira abian, hiru lurraldetara hedatuko direlarik. Programa pilotu horien barruan, eraikin zaharrak irisgarritasunari eta energia-efizientziari lotutako irizpideekin birgaitzeaz gain, auzoetako egoera sozioekonomikoa herritarrak hiri-berroneratzeko eragiketetan inplikatuko dituen ikuspegi integral baten bidez hobetuko da.

Aramotzen kasuan, joan den mendeko 50eko eta 60ko hamarkadetan egindako eraikin multzo batean egingo da esku-hartzea, eta, horrekin batera, gizarteratze- eta enplegu-plan bat egin eta hirigintza-ingurunea hobetuko da, Aramotz "ekoauzo" bihurtzeko.