1,8 milio euro Lanbide Heziketako irakasleen liberazioetarako (Gobernu Bilera 2018-05-22)

logoconsejo.jpg

2018.eko maiatzak 22

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez gaurko bileran onartu du, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintzen dituzten itunpeko ikastetxeentzako diru-laguntza deialdia egiten duen agindua. Diru-laguntza horiek izango dira 2018-2019 ikasturtean Lanbide Heziketako IV. Euskal Planaren barruan eremu estrategikoetako jarduera-ildoak gara ditzaten.

1.817.000 euroko zenbateko globalarekin, deialdi honen xedea da itunpeko  ikastetxe  pribatuetako  irakasleen  liberazio  osoa  edo  partziala finantzatzea, ikastetxeek Lanbide Heziketako IV. Euskal Planean estrategikotzat hartutako eremuetan jarduerak burutu ditzaten.

 Lanbide Heziketaren IV. Euskal Planak, Lanbide Heziketako euskal sistema eraldatzeko prozesuan gidari nagusia den aldetik, ondorengo eremu estrategikoetan integratzen diren lehentasunezko helburu eta jarduera-ildo batzuk ezartzen ditu: Prestakuntza integratua, Berrikuntza aplikatua, Ekintzailetza aktiboa, Nazioartekotzea eta Lanbide Heziketako ikastegiak.

Beraz, aipaturiko eremu estrategiko horiek aintzat harturik, Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeek parte har dezakete, euren irakasleen liberazioak baliatuz, honako jarduera eta proiektu mota hauetan:

  • irakasleen prestakuntza sendotzen duten jarduera eta proiektuetan. Prestakuntza horren xedea izan beharko da ikaskuntza-ingurune gero eta espezializatu eta konplexuagoetara egokitutako gaitasunak eta metodoak garatzea.
  • Lanbide Heziketaren enpresetako partaidetza bultzatuko duten jarduera eta proiektuetan, bereziki Enpresa Txiki eta Ertainetan (ETEetan).
  • suspertzen ari  diren  sektoreetan sakonduko duten proiektu eta jardueretan, giza kapitalaren espezializazioaren eta berrikuntza aplikatuaren bidez.
  • enpresen espezializazio-maila hobetzeko Lanbide Heziketako ikastetxeen  partaidetza  sustatuko duten jarduera eta proiektuetan; bereziki honako ETE hauetan: ingurune  konplexuetan  lan  egiten  dutenetan, eta berrikuntza aplikatuko zein Lanbide Heziketako ikastetxeetatik euretatik sortzen diren ekintzailetza proiektuak babesten dituzten ETEetan.

Gorago aipaturiko irakasleek garatu ditzaketen jarduerek, aldi berean, ahalbidetu beharko dute prozesu horretan jaso den ezagutzaren transferentzia gertatzea bai ikasleei, bai Euskadiko gainerako Lanbide Heziketako ikastetxeei, eta baita inguruko enpresei ere, bereziki ETEei.