Udalsarea 21-Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarea Batzorde Exekutiboaren bilera

2017.eko ekainak 26

  • Arriola sailburuak sarearen balioa nabarmendu du, Eusko Jaurlaritza, foru-aldundi eta udal erakundeen arteko koordinaziorako funtsezko tresna gisa.

Euskadiko hiru lurraldeetako 50 udal- eta foru-ordezkari inguruk Vitoria-Gasteizen egin dute Udalsarea 21en Batzorde Exekutiboa; erakundearen buru Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua da.

Batzorde Exekutiboan aztertutako gaietako batzuk honako hauek dira: 2020 Plan Estrategikoaren eta 2017-2018 Kudeaketa Planaren onespena, Udalsarea 21 sarea Euskal Adierazpenari eta 2020rako Euskadiko Erosketa Kontratazio Publiko Berderako Programari atxikitzea eta 2017ko Berringurumena toki-berrikuntzarako laguntzen deialdia.

Arriola sailburuak batzorde honen aurrean Udalsarea 21en balioa nabarmendu du, Eusko Jaurlaritza, foru-aldundi eta udal erakundeen arteko koordinaziorako funtsezko tresna gisa.

Era berean esan du balio hori gure mugetatik kanpo ere aitortu dutela Europa mailako zenbait erakundek, besteak beste, ICLEIk (Local Governments for Sustainability); “erakunde horrek zenbait aldiz adierazi digu Europako gainerako herrialdeetan zaila dela administrazio publikoen arteko antzeko koordinazio-maila aurkitzea”.

Ingurumen sailburuak berriro ere azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak ingurumen-arloko nazioarteko akordio nagusiekin duen konpromisoa, eta, zehatzago esateko, “Parisko Akordioarekin duena, berotegi-efektuko emisioak murrizteko, eta Nazio Batuek pobreziarekin amaitzeko, planeta babesteko eta pertsona ororen oparotasuna ziurtatzeko proposatutako Garapen Jasangarriko 17 Helburuekin duena”.