Turismo Sailaren eta Udalen arteko jarduketa-protokoloa, erabilera turistikorako etxebizitzei buruzkoa, sinatzea

2017.eko irailak 25

 

  • Udal-araudia, lurzoruaren erabilera ezartzen duena, erabakigarria da erabilera turistikorako etxebizitzei eta gelei buruzko legearen aplikazioan

 

  • Lankidetza-protokoloak udalen eta Eusko Jaurlaritzaren artean informazioa trukatzeko prozedura zehaztuko du

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Alfredo Retortillok, EUDELeko lehendakari Imanol Landak eta 3 hiriburuetako alkateek, Vitoria-Gasteizeko Gorka Urtaranek, Bilboko Juan Mari Aburtok eta Donostiako Eneko Goiak, erabilera turistikorako etxebizitza eta gelen arloko lankidetza-protokoloa sinatu dute gaur.

 

Retortillok udal-ordezkarien prestasuna eta lankidetza eskertu ditu, “nahitaezkoa delako lankidetza udalekin askotariko araudiak daudenean eta tokiko autonomiaren errespetua bermatu behar denean”.

 

EUDELeko elkarteburuak protokolo honen balioa nabarmendu du; izan ere, horri esker, agerian geratzen da berriro erakundeen arteko lankidetza. “Protokolo hau sinatzean, udalen eta Sailaren arteko koordinazio eta komunikazio egonkorreko prozedura ezartzen da.

 Imanol Landak nabarmendu duenez, udalek hirigintzaren alorrean duten eskumena sendotzen du protokoloak, “tokiko autonomiatik abiatuta, gizarte-kohesioa indartzeko tresna gisa”.“Euskadiko udalek hiri kohesionatu eta adeitsuaren aldeko apustua egiten dugu, non hirigintzako erabileren eta jarduera ekonomikoen bizikidetzak herritar guztien bizi-kalitatea aberasten duen”.

 

Lankidetza-protokoloa erabilera turistikorako etxebizitzen arloan

 

- Turismoari buruzko Legeak erantzukizunpeko adierazpenaren araubidea jasotzen du. Norbaitek bere etxebizitza erabilera turistiko batera bideratu nahi badu, erantzukizunpeko adierazpen hori aurkeztu behar du, indarrean den araudi osoa, lurzoruaren erabilera zehazten duen udal-araudia barnean hartuta, ezagutzen eta betetzen duela adierazten duena.

 

- Etxebizitzek udal-eskumenari buruzko araudia betetzen dutela egiaztatzeko, Turismo Zuzendaritzak udalari komunikatuko dio erabilera turistikorako etxebizitzari edo gelari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu duten eskatzaileen zerrenda. Udalak etxebizitza bakoitzaren egoera aztertuko du eta txostena egingo du araudia betetzen duen eta, beraz, jarduera bete dezakeen adieraziz.

 

- Udalaren txostena aurkakoa bada eta etxebizitza erabilera turistikora ezin bideratu dela erabakitzen badu, Turismo Sailak inguruabar horren berri emango dio interesdunari, alegazioetarako epe bat emanez. Epe hori amaitutakoan, ebazpena emango du, jarduera turistikoarekin jarraitzeko ezintasuna ekarriko duena.