Trenbide sare konbentzionalaren egokitze lanek aurreratu egingo dute Euskadiren eta Europaren arteko konexioa

2017.eko otsailak 18

  • Eusko Jaurlaritzak azken helburua nabarmendu du, euskal trenbide sare berriaren obrak amaitzea, nazioarteko zabalerarekin.
  • Europari begira Euskadiren trenbide-isolamendu arazoa konpontzen da horrela, Irun/Hendaia muga ferrobiarioa gaindituz.
  • Hirugarren hariak abiadura handia Paristik Donostiaraino iristea ahalbidetuko du, edo Donostia-Baiona arteko konexioa.
  • Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak azpimarratu du aurrerapausoak ematen ari direla Bergarako lotunean eta hiriburuetako sarreren eremu teknikoetan eta Irungo hitzarmena ere garatu behar dela.

Europa pixka bat gertuago dugu gaurtik. Irun eta Donostia arteko hirugarren erraila instalatzean konpondu egin da bidearen zabalera arazoa, Frantziako sarerako konexioa, eta beraz, Europarakoa, eragozten zuena. Hala, azkena eman zaio trenbide-isolamenduari ardatz atlantikoan zehar.

Gertaera garrantzitsu honek Donostia eta Paris arteko konexio zuzenak ahalbidetuko ditu. Hurbiltze lana bi noranzkoetatik egiten ari dira, Euskadi iparraldera begira, eta Frantzian gainera aurreratzen ari dira, datorren urteko uztailean abiadura handiko 300 kilometro jarriko baitira zerbitzuan Tours eta Bordele artean, eta Hendaia-Paris lotura lau ordu eta erditakoa izango da.

Lanak trenbidean, katenarian, ibilbide osoan zehar segurtasun instalazioetan egingo dira, eta tuneletako galiboa handitu egingo da tuneletan (Loiola, Kaputxinoak eta Gaintxurizketa). Estazio eta geralekuak ere zabalera mixtora egokituko dira.

Lanak egungo tren zerbitzuetan ahalik eta eragin gutxien eragiteko moduan planifikatu dira, eta horretarako eraikuntza teknika aurreratuenak erabiliko dira. Barnean ezkutu bat duen indusketa makina bat erabiliko da, trenak bertatik igaro ahal izateko, indusketa egin eta tunela eusteko elementuak jartzen dituelarik aldi berean.

Eusko Jaurlaritzak positiboki nabarmendu ditu Euskal Trenbide Sare Berria amaitzeko helburua betetzeko ematen ari diren pausoak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako trenbideko adarretan egiten ari diren lanak oso aurreratuta daude, eta beraz, ezinbestekoa da Bergarako lotunearen arazo teknikoak konpontzea, eta tarte horien exekuzioari ahalik eta berme handienekin ekitea.

Gainera, garrantzi handia du hiru hiriburuetarako sarbideak behin betiko ebaztea, baita Astigarraga eta Frantzia arteko igarobidearen definizioa ere.

Eraikitzen ari den sare berria, “Euskal Y”, Lisboa-Estrasburgo Igarobide ATLANTIKOAREN barruan sartzen den.  Euskadi eta Akitania zeharkatzen dituen Igarobide Atlantikoa lehentasunezko azpiegituren mapa berrian sartzen da, eta 2014-2030 aldian europar finantzaketa jasoko du.

Beraz, lehentasunezko proiektua da hau Europa mailan, Europara begiratzea ahalbidetuko duena eta gainera Urduñako mendatearen bidez Bilbok lautadarekin duen trenbide konexioari irtenbidea emango diona.  

Gaurko bisitan, Arantxa Tapia sailburuak nabarmendu du 2016ko abenduan eginiko bileran bi instituzioek hartutako konpromisoak oso modu egoki eta zorrotzean ari direla betetzen, orain arte behintzat. Bergarako lotuneari dagokionez alor teknikoan aurrerapausoak ematen ari dira eta hiriburuetarako sarbideei dagokienean Ministerioarekin bilera adostu da martxoaren hasieran. Bestalde, Irungo trenbide espazioa berrantolatuko duen eta 2011an sinatu zen protokoloa martxan jarri nahi du sailburuak.

Tapiak, Adif eta ETSko talde teknikoek sintonia osoan proiektuari eskainitako denbora eta inplikazioa eskertzeko hitzak izan ditu eta konfiantza osoa  agertu du “abiatu den bide honetan erritmo onean aurrera egingo delako, abiadura handian egingo dugu lan Euskadik alor honetan galdutako denbora berreskuratu dezan eta Abiadura Handiko Tren lehiakorra izan dezan, lurralde eta gizarte kohesioan ezinbestekoa izango dena.”