Tapia sailburuak "José Ramón Madinaveitia, vocación de servicio" liburuaren aurkezpen ekitaldian hartu du parte

2017.eko apirilak 27

Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak, Mario Onzainek idatzi duen eta Esteyco Fundazioak argitaratu duen “José Ramón Madinaveitia Foronda, Vocación de servicio” liburuaren aurkezpen ekitaldian hartu du parte. Bilboko Metroa, Gasteizko eta Bilboko Tranbiak edo Euskal Y-a bezalako azpiegitura garrantzitsuen garapenaren eta burutzapenaren bultzatzaile nagusietako bati eskainitako liburua da.

“Proiektu horiek guztiak pertsona askoren esfortzuaren eta lanaren ondorio dira. Baina egia da, baita ere, proiektu guztiek tiraka arituko den, bultza egingo duen, taldea osatuko duen… norbait behar dutela. Eta Joserra zen hori”, gogorarazi du Tapia Sailburuak.

Gasteiztarra jaiotzez, Madinaveitia 61 urte baino ez zituela hil zen, 2005eko martxoaren 10ean. Bide, Ubide eta Portu Ingeniaria, bere ibilbide profesionala Sener ingeniaritza enpresan eta ondoren Imebisan (Eusko Jaurlaritzaren esku zegoen Bilboko Metrorako Ingeniaritza Sozietate Publikoa) egin zuen.

Baina, askoren iritziz “Metroaren gurasoetako bat” izan zen Madinaveitia, gizon gisa nabarmendu behar da, batez ere. Oso pertsona eskuzabala eta solidarioa: “Kapitulu batean ingeniari humanista edo humanista ingeniari gisa definitzen da da. Nik uste dut bietan nabarmendu zela, berak nahi gabe, seguruenez. Barrutik irteten zitzaiolako, besterik gabe”, azpimarratu du Arantxa Tapiak.

Sailburuaren ondoren José Tesan Bide, Ubide eta Portu Ingeniari Elkargoko Dekanoak, José Manuel Ruiz Baltistan Fundazioko presidenteak (Madinaveitia paregabeko laguntzailea izan zen), Mario Onzain liburuaren egileak eta Javier Rui Wamba Esteyco Fundazioko presidenteak hartu dute parte.

Ehun pertsona baino gehiago, guztiak ere Joserraren lagunak, elkartu dira gaur arratsaldean Bilboko Euskalduna jauregian, adiskidea, ingeniaria, besteengatik dena ematen zuen altruista, omentzeko ekitaldian.

Liburuak, ibilbide profesionalean edo alderdi gizatiarragoan, intimoagoan, omenduarekin bat egin zuten hainbat pertsonaren lekukotzak jasotzen ditu, eta baita egileak berak Madinaveitiarekin izan zituen bizipenak ere. Amaitzeko, baliagarri izan daiteke Javier Rui Wambak egiten duen deskribapena: “Xumetasuna, leialtasuna, lasaitasuna, gaitasuna, zintzotasuna, Jose Ramonen izaera deskribatzen duten eta inguruan zeukan onespena sortu zuten kalifikatzaileak dira”.