Sprilur Taldearen industrialdeetan kokatutako 2.707 eguzki-xaflek energia fotovoltaikoko 4,28 milioi KWh ekoitzi dute 8 urtetan argindarraren sare orokorrerako

fotos_019__1024x768_.jpg

2017.eko uztailak 14

Sprilur Taldeak EEE-rekin hitzartu zuen 2008an EEEk eguzki-xaflak instalatuko zituela Sprilur-en industrialdeetan, energia fotovoltaikoaren sorkuntzan inbertitzeko.

Sprilur Taldearen 11 eguzki-instalazioetan (1 Araban, 3 Bizkaian eta 7 Gipuzkoan) 2.649.693 euroko inbertsioa egin da eta 597,4 KWko potentzia nominala instalatu da.

2016ra arte 4,28 milioi KW ekoitzi dira sare elektriko orokorrerako, eta inbertsio horrek 1,93 milioi euroko diru-sarrerak ekarri ditu.

Energia berriztagarri horrek sarera egindako ekarpena da 733 biztanleren batez besteko urteko argindar kontsumoaren parekoa.

Sprilur-ek eta SPRI Taldean integratutako Industrialdeak sozietateek EEErekin batera parte hartzen dute 2008an hasitako hitzarmen batean, zeinaren bidez eguzki-xaflak instalatu baitira industrialdeetako teilatuetan. Zortzi urtetan eguzki-xafla horiek 4.282.067 KW energia fotovoltaiko sortu dute argindar sare orokorrerako.

Sprilur Taldeak apustu sendoa egin du garapen sostengarriaren eta energia berriztagarrien alde, eta emaitza onak lortzen ari da energia fotovoltaikoaren sorkuntzan. Zentzu horretan, 2008az geroztik 2.649.693 euroko inbertsioa egin da (%74 EEEk, %26 Sprilur Taldeak) Sprilur Taldeko enpresa-guneetan 2.707 eguzki-xafla jartzeko, eta instalatutako  potentzia nominala 597,4 KWkoa da.

Hona hemen eguzki-energia lortzeko aukeratutako 11 instalazio fotovoltaikoak lurralde historikoka: 1 Araban (Amurrio), 3 Bizkaian (Artea-Aranzazu, Mallabia) eta 7 Gipuzkoan (Arrasate, Errenteria, Azkoitia eta Tolosa).

Bestalde, ekoitzitako energiari esker bueltan jasotako diru-sarrerei dagokienez, 1.930.945 euroko diru-sarrera metatuak erdietsi dira 2016ra arte.

Zentzu horretan, eta Sprilur Taldearen kalkuluen arabera, batez beste %72 inguru amortizatu da energia berriztagarrietan eginiko inbertsioa. Bestalde, kalkulatu da energia fotovoltaiko horrek sareari eginiko ekarpena dela 733 lagunek egiten duten batez besteko urteko argindar kontsumoa adinakoa.

Garapen sostengarriari dagokionez, eguzki-xafletan eginiko inbertsioari esker,  279.516,60 kilo CO2 gutxiago metatu da atmosferan.

Sprilur Taldeak eta EEEk sinatutako hitzarmenaren arabera, Sprilur-en instalazioen eta teilatuen erabilera lagapenak 20 urteko indarraldia du, beraz, epe horretatik aurrera Sprilur Taldearen jabetzara itzuliko dira teilatu eta instalazio horiek.

Bi erakundeek eginiko hasierako azterlanen arabera, 13-15 urte bitarteko amortizazio-epea ezarri zen, betiere kokalekuaren arabera. Baina kalkulatu da instalazio gehienetan amortizazio-epea txikitu egingo dela, kontuan izanik batez besteko amortizazio-erritmoa %67koa izan dela orain arte.

 2030erako Euskadiko Energia Estrategiaren erronkak

80ko hamarkadatik hasita, 2020rako Euskadiko  Energia Estrategiari esker posible izan da politika energetikoko ekintza ugari abiaraztea. Zentzu horretan, eta 2030eko epemugara begira, Eusko Jaurlaritzak erronka berriak planteatu ditu energia eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien testuinguruan, uste duelako funtsezko tresnak izango direla gure jarduerek ingurumenean eragiten duten inpaktua arintzeko, hiritarren energia kontsumoa murrizteko, enpresen lehiakortasuna indartzeko eta gizarte sostengarriagoa lortzeko.

2030erako marko berri horretan, besteak beste, helburu hauek finkatu dira: 2030erako %40 murriztea negutegi efektua eragiten duten gasen isuria eta 2050erako %80; energia berriztagarrien kuota handitzea; energia eraginkortasuna %27 handitzea; eta energia merkeagoa ekoiztea kanpoko hornidurekiko menpekotasuna murriztuz. Hau da, energia lehiakorra, segurua eta merkea lortzea.