SPRI Taldeak bere babesa eman die makina-erremintaren Europako azoka nagusira joan diren 49 euskal enpresei

Alex-EMO..JPG

2017.eko irailak 19

-        SPRI Taldeko zuzendari nagusi Alex Arriola Alemanian da, larunbatera arte egiten ari den EMO Hannover azokan

 

-        45 herrialdetako 2.200 erakusketarik eman dute izena azokan, eta 150.000 bisitari inguru espero dira

 

Alex Arriolak, SPRI Taldeko zuzendari nagusiak, bere babesa eman die EMO Azokara joan diren 49 euskal enpresei. Hannover hirian aste honetan ospatzen ari den azoka hori makina-erremintaren sektoreko Europako topagune garrantzitsuena da, Barakaldoko BECen egiten den Biurtekoarekin batera. Arriolak esan du “euskal enpresek maila gorenean lehiatzen jarraitzen dutela eta buruz buruz munduko marka onenekin. Nazioartekotzearen alde egin duten apustuari esker, gai dira proiektu anbiziotsuenak lortzeko munduko edozein txokotan”.

 

“Euskal enpresak ahalegina egiten ari dira 4.0 Industriako (produktu, bitarteko eta prozesuetan digitalizazioa aplikatzea) teknologiak eta gaitasunak bereganatzeko -esan du-, eta horrela lortu dute lehiakideengandik bereiztea”.  Bisitak iraun duen bitartean, Arriolak alboan izan ditu AFMko ordezkariak.

 

45 herrialdetako 2.200 erakusketarik eman dute izena azokan, eta 150.000 bisitari inguru espero dira. Estatutik joan diren 75 enpresetatik gehienak EAEkoak dira, eta guztira 7.000 metro koadro okupatzen dituzte, Espainia delarik azokan metro koadro gehien okupatzen dituen herrialdea.

 

EMO Hannover azokako ateak zabalik daude datorren irailaren 23ra arte (larunbata). Makina-erremintaren industriako nazioarteko azoka handiena da, eta hauxe da aurtengo leloa: “Sistemak konektatzea fabrikazio adimenduna lortzeko”.

 

1975ean lehen edizioa egin zenetik, AFM Advanced Manufacturing Technologies-ek antolatzen du Espainiako fabrikazio aurreratuko ordezkarien taldea, zeinak fabrikazio aurreratuko konponbide aurreratuenak eramaten baititu azokara. Antxon Lopez Usozek, AFMko presidenteak, azpimarratu du argi ikusten dela euskal enpresen ahalegina “puntako konponbideetan, lehen mailako ekipoetan eta gure bezeroei eskaintzen dizkiegun proposamen berritzaileetan. AFM taldeko enpresa guztiek azoka ertain baten espazio osoa okupatuko lukete. Maila handiko teknologia ikusiko dugu, eta fabrikatzaile onenen pare jartzen gaitu horrek”.

 

Alex Arriola da euskal ordezkaritzaren buru, eta ondoan du Aitor Cobanera, SPRI Taldeko Teknologia eta Berrikuntza zuzendaria. Biak izango dira Hannoverren asteazken honetan, bertatik bertara aurkezteko Bilbon maiatzaren 28tik ekainaren 1era egingo den BIEMH azokaren 30. edizioa. EMOn bertan hasiko da Makina Erremintaren Biurtekoaren nazioarteko kanpaina. BIEMH aurkezteko 4.0 industrian eta fabrikazio adimendunean zentratutako irudi bat erabiliko da, ibilbide bat osatuz EMOn presentzia duten hiru erakusketariren bitartez: Juaristi, Correa eta Zayer.

 

AFM Klusterra da Espainian fabrikazio aurreratuaren interesak ordezkatzen dituen erakundea. Industri arloko lau elkartek osatzen dute eta ia 400 enpresa biltzen ditu. Denen artean 12.000 langile enplegatzen dituzte eta 2.200 milioi eurotik gora fakturatzen dute. AFM Klusterrak Donostian duen egoitzatik eta Tianjin hirian (Txina) duen ezarpenaren bidez sustatzen du nazioartekotzea, industriaren garapena, posizionamendu estrategikoa eta bazkide dituen enpresetako langileen gaikuntza.

 

Bestalde, baditu bazkide kolaboratzaileak, industriarako zerbitzuak ematen dituzten 50 enpresa inguru, alegia. Enpresa horiek guztiek osatzen dute Espainiako fabrikazio aurreratuaren familia handia.