Segurtasun Saila

Argitalpen-data: 2017/09/19

Segurtasun Sailak eta Itsas Salbamenduko eta Segurtasuneko Sozietateak (SASEMAR) jardun-protokoloa ezarri dute, koordinazio-mekanismoak ezartzeko

Protokoloa aplikatzekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoan eragina duten kostako larrialdi, komunikazio eta jardun guztietan

Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuordeak eta Juan Luis Pedrosa Itsas Salbamenduko eta Segurtasuneko Sozietateko (SASEMAR) zuzendariak jardun-protokolo bat sinatu dute gaur goizean, Bilbaoko Salbamendua Koordinatzeko Eskualdeko Zentroaren (CRCS Bilbao) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Larrialdiak Koordinatzeko Gunearen (SOS DEIAK) artean.

Protokoloa Txurdinagako Larrialdiak Koordinatzeko Gunean sinatu da, eta sinadura horrekin bete da Sustapen Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak itsas salbamenduaren alorrean eta itsasoaren kutsaduraren kontrako borrokaren alorrean elkarlanean jarduteko duten borondatea.

Gogorarazi behar da Eusko Jaurlaritzak guztira 14 ontzi jartzen dituela itsas salbamenduaren eta erreskatearen esku —Gurutze Gorriarekin sinatutako hitzarmen baten bidez kudeatzen direnak—, baita Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko erreskate- eta salbamendu-bitartekoak ere.

Gaur sinatzen duten dokumentuan zehaztu da protokoloa aplikatzekoa izango dela Euskal Autonomia Erkidegoaren kostako larrialdi, komunikazio eta jardun guztietan, baita haien ondorioengatik Euskal Autonomia Erkidegoaren interesetan eragina izan dezaketen jardunetan ere.

Testuan komunikazio-bideak zehaztu dira, eta honako kasu hauetan, adibidez, eragina duten larrialdietan egin beharreko urratsak finkatu dira: itsasoko giza bideen segurtasunean; merkataritza-ontzietan; arrantza-ontzietan; aisialdi-ontzietan; pertsonak itsaslabarretan erortzean; hondartzetan edo barneko uretan pertsonak erreskatatzean; edo jolas-jardueren ondoriozko erreskateetan.

Lortutako akordioan ezarri da, halaber, hilean behin SAR ariketa operatibo bat egitea, eta bertan parte hartzea Eusko Jaurlaritzaren larrialdiei aurre egiteko jarduera-taldeak eta itsas salbamenduko unitateren batek. Saiatuko da ariketa horietakoren bat gaueko entrenamendua izatea.