Segurtasun Saila

Argitalpen-data: 2017/06/19

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du datorren asteazkenera arte, hilaren 21era arte, beroagatik

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du gaurtik datorren asteazkenera arte, hilaren 21era arte, jarraitu egingo dutelako tenperatura altuek.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du gaurtik datorren asteazkenera arte, hilaren 21era arte, jarraitu egingo dutelako tenperatura altuek.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, Iberiar Penintsularen zati handi bat ekainean ezohikoa den bero-bolada jasaten ari da oso beroa eta egonkorra den eta egun hauetako intsolazio biziaren ondorioz beroa areagotu egiten duen aire-masaren eraginez.

Ezohiko egoera honen ezaugarria beroa da, eta, batez ere, bero iraunkorra. Tenperaturak garai honetarako ohikoak direnak baino 10 ºC altuagoak izango dira Iberiar Penintsularen zati handi batean hamarren bat egunetan. 

Tenperatura beroek jarraitu egingo dutenez, beraz, etxeak berotzen ari dira pixkana, eta horrek eragina izan dezake gaueko atsedenean. Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzatik, beraz, gomendatzen da egunez pertsianak ixtea eta kanpoko tenperaturak behera egin ahala etxeak freskatzea.

Euskalmenten ustez bero-bolada honen eraginak oraindik ez dira gehiegi nabaritu EAEn, baina datozen egunotan aire-masa beroak iparralderantz egingo du eta tenperatura maximoak eta minimoak oso altuak izango dira.

Gaur, ekainak 19, tenperatura maximoak 35º C ingurukoak izango dira EAE osoan, arratsaldean ipar-mendebaldeko haizeak joko du itsasertzean eta horrek apur bat freskatuko du giroa. Adierazi behar da, bestalde, nolabaiteko ezegonkortasuna dagoela eta, ondorioz, ekaitzak sor litezkeela egunaren bukaeran barrualdean, batez ere Araban. Probabilitatea oso handia ez bada ere, ekaitzak sortzen badira nahiko gogorrak izango dira, eta harria egin dezake eta haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak eta tximista ugari izan daitezke.

Bihar, asteartea, ekainak 20, bero egiten jarraituko du, nahiz eta tenperaturek apur bat behera egingo duten hodeiak sortuko direnez eta arratsaldean ipar-haizeak joko duenez EAE osoan. Tenperatura maximoak 30 eta 35ºC ingurukoak izango dira, eta minimoak puntu askotan ez dira 20ºCtik jaitsiko. Aipatu behar da giro ezegonkorra izango dugula bihar ere, eta ekaitza sor daitekeela batez ere goizaldean eta arratsaldean, kasuren batzuetan gogorrak izan daitezkeenak. 

Asteazkenean, hilaren 21ean, bero egiten jarraituko du, eta tenperatura maximoak berriz ere 35ºC ingurukoak izango dira barrualdean. Itsasertzean haize leuna izango da eta 30 eta 35ºC artean geratuko dira termometroak. Minimoak altuak izango dira asteazkenean ere.

Ostegunetik, hilaren 22tik, aurrera, Azoreetako antizikloia sartuko da, eta haizea iparraldetik iritsiko denez giroa freskatzen joango da, nahiz eta barrualdean, eta, batez ere, hegoaldean, bero egiten jarraituko duen. Nahiko probablea da hilaren 24tik aurrera aire-masa beroa Iberiar Penintsulatik behin betiko erretiratzea eta Atlantikotik aire-masa freskoagoa iristea.

Laburbilduta, Penintsulako bero-oldea iparralderantz egiten ari da eta datozen egunotan iritsiko da gurera, Penintsularen erdialdean eta hegoaldean baino moderatuagoa izango den arren. Tenperatura maximoak 35ºC ingurukoak izango dira eta minimoak ez dira 20ºCtik jaitsiko

Oharra:: Gomendatzen da pronostikoen eta abisuen eguneratzeak Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus) bidez eta, kasu hauetan, bereziki Twitter (@Euskalmet) bidez jarraitzea.

Gomendioak

Prebentzio-neurriak:

  • Likido asko edan, batez ere ura, deshidratazio-arriskurik ez izateko. Ez itxaron egarria izan arte edateko. Ez edan alkohola, kafeina edo azukre gehiegi duen edaririk.
  • Otordu arinak egin (entsaladak, gazpatxoa, barazkiak, fruta, etab.).
  • Itxi leihoak eta pertsianak eguzkiak jotzen duen aldean, eta bero gutxien egiten duen uneetan freskatu eta aireberritu etxea.
  • Arropa egokia, lasaia, arina, kolore argikoa eta arnasa hartzen uzten duena erabili, eta oinetako erosoak eta freskoak.
  • Saiatu kalera ez irteten bero handiena egiten duen orduetan.
  • Atera beharra izanez gero, eraman burua estalita eta erabili eguzkitako betaurrekoak, eta ahal izanez gero itzaletik ibili.
  • Aire zabalean kirola egin nahi izanez gero, bero gutxien egiten duen orduetan egin.
  • Inoiz ez geratu eta inoiz ez utzi pertsona bat edo animalia bat aparkatuta dagoen ibilgailu baten barruan, itzalean egonda ere.
  • Arreta berezia jarri haur txikiekin, adinekoekin eta beroak eta deshidratazioak areagotu ditzakeen gaixotasunak dituzten pertsonekin (esate baterako, bihotzeko gaixotasunak dituztenekin).
  • Zaharrek, batez ere bakarrik bizi direnek edo mendekotasun-egoeraren batean daudenek, arazoak izan ditzakete babes-neurriak hartzeko, eta komeni da, beraz, senide, adiskide edo auzoko batek egunean behin gutxienez bisita egitea, eta, behar izanez gero, gizarte-zerbitzuen laguntza eskatu behar da.
  • Kontsultatu medikuari honako sintoma hauetakoren batek ordubete baino gehiago irauten badu eta tenperatura altuekin lotuta badago: ahultasuna, nekea, zorabioa, goragalea edo konortea galtzea.
  • Botikak leku freskoan gorde, beroak konposizioa eta eragina alda baitezake.

Larrialdietan hartu beharreko neurriak:

  • Pertsona batek intsolazioa jasaten badu, leku freskoan eduki, buruan eta besazpietan zapi bustiak jarri eta ura eman edateko gatzarekin eta bikarbonatoarekin nahastuta.
  • Konortea galdu badu eta botaka egiten badu, burua albo batera begira jarri eta arnasa hartzeko bideak libre utzi.

Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.