Retortillo sailburuak baieztatu egin du %7,5ko jaitsiera kontsumoko erreklamazioetan

2017.eko martxoak 15

  • Kontsumobidek zuzenean egin du lan erreklamazio gehien jaso dituzten enpresekin, haiek gutxitzearren.
  • Telekomunikazioak erreklamazio gehien jasotzen dituen sektorea izaten jarraitzen du, %31 gutxiago izan baditu ere.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Alfredo Retortillok baieztatu egin du 2016ko kontsumoko erreklamazioen %7,5ko jaitsiera, 2015aren aldean. 2016ko jarduera-balantzearen datuak dira, gaur, Kontsumitzaileen Nazioarteko Egunean, prentsaurreko batean sailburuak ezagutzera emanak, Kontsumobideko zuzendari Nora Abete lagun zuela.

Retortillok nabarmendu duenez, jaitsiera horren arrazoia izan da, batetik, “pertsonak modu arduratsuago batean kontsumitzen ikasten ari direlako, informazio eta prestakuntza handiagoa baitute, eta bestetik, euskal enpresek kontzientzia handiagoa dutelako kontsumitzaileen eskubideen errespetuarekiko”.

Ildo beretik, Kontsumobideko zuzendariak azaldu duenez, aurreko urteetan bezala, telekomunikazioak jarraitzen du izaten sektorerik erreklamatuena, erreklamazioetan %31ko jaitsiera izan badu ere, “Kontsumobidetik enpresei zuzendutako aholkularitza-lanari esker”.

Sailaren lerro estrategikoei dagokienez, sailburuak 3 jarduketa-ardatz ezarri direla adierazi du:informazioa, prestakuntza, gatazken ebazpena eta merkatuaren kontrola. Puntu horretan nabarmendu du bitartekaritzak eta arbitrajeak duten garrantzia, kontsumo-gaietan gatazkak ebazteko sistema gisa. “Horregatik, enpresen modernizaziorako laguntzak adjudikatzeko irizpideetako bat izango da enpresak Kontsumoaren Arbitraje Sistemako kide izatea” zehaztu du.

Izan ere, aurten 1.457 kide berri gehiago daude Kontsumoko Arbitraje Sisteman; guztira 14.381 kide, beraz. Kide berri horietatik %62 Bizkaian, %27 Gipuzkoan eta %10 Araban. 2016an 708 arbitraje-eskaera jaso ziren, eta haietatik 638 izapidetu ziren.

Balantzea 2016

2016ko guztizko erreklamazioetatik  (19.618) Kontsumobidek 7.636, jaso zituen zuzenean, 1.618 Araban, 3.822 Bizkaian eta 2.196 Gipuzkoan. Nabarmendu beharra dago bitartekaritza-lanak izan duen garrantzia: 4.803 kasutan egin zen bitartekaritza-lana, eta haietatik 2.218 aldeen adostasunarekin itxi ziren auziak. 

Kontsumobidek ematen duen prestakuntzari dagokionez, 2016an 4.821 prestakuntza-ekintza burutu dira, eta horietan 78.261 pertsonak parte hartu dute.

2016an, aldi berean, guztira kontsumoari lotutako 38.158 kontsultari erantzun zaie. Horietatik, 8.144 zuzenean egin zitzaizkion Kontsumobideri, eta gainerakoak kontsumoko beste erakunde batzuei (KIUBak, besteak beste) eta kontsumitzaileen elkarteei.

Merkatua kontrolatzeko jardueraren barruan –Kontsumobidetik egiten den lana– nabarmendu beharra dago kontsumitzaileen eskueran jarritako produktuek eta zerbitzuek baldintza guztiak betetzen dituztela ziurtatzeko diren jardueren multzoa, etiketatze, informazio eta segurtasunari dagokienez indarrean dagoen legeriak eskatutakoak. Horretarako, ekintza hauek aurrera eramaten jarraituko da:

  • Hainbat produktu eta zerbitzuren merkatuaren ikuskaritza- eta kontrol-kanpainak (elikagaien nahitaezko informazioa, ontziratzea, kromoaren kontrola oinetakoetan, norbanakoaren babes-elementuak, online salmentako webguneak eta abar)
  • Produktuen lokalizazioa, inmobilizazioa eta erretiratzea, hala badagokio, osasunarentzat edo segurtasunarentzat arriskutsuak badira.