Petronorrek findegiaren historiaren berri ematen duten maketak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren esku utzi ditu

Zupiria sailburua, Miguel Gutierrezekin batera, atzean maketak dituztela.

2017.eko abenduak 27

-          Exekutiboak Zorrotzaurreko Konsoni Lantegian gordeko du material guztia, balio handikoa baita industria-ondarearen ikuspegitik.

Petronorrek eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hitzarmen bat sinatu dute zeinen bitartez konpainiak Exekutiboaren esku utzi dituen findegiaren maketak. Sailak Bilboko Zorrotzaurre auzoan dagoen Konsoni Lantegia eraikinean gordeko ditu enpresa garrantzitsu honen maketa hauek guztiak, balio handikoak baitira ondare industrialaren ikuspegitik.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kutura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Miguel Gutierrez Petronorreko zuzendari nagusiak sinatu dute aukera hau posible egin duen hitzarmena. “Gure herrian dugun enpresa garrantzitsuenetako bat dugu Petronor, eta industria-ondarearen ikuspegitik balio handikoa da utzi diguten material guztia. Gure historiaren garai bat islatzen dute maketa hauek guztiek, eta Eusko Jaularitzak zaindu egin behar du ondare hau”, azaldu du sailburuak.

Konpainiatik azaldu dutenez, maketa hauetan findegiaren eraikuntzaren faseak ikusten dira, 1970tik 2000ra arte. Izan ere, 2000. urtetik geroztik maketak digitalak dira, baina lehen fisikoak ziren eta “Petronorren historiaren kronistatzat” dituzte konpainian.

Findegiaren maketez gainera, Petronorrek petrolio ontzien hainbat maketa ere utzi ditu Eusko Jaurlaritzaren esku. Bere garaian, ontzi horiek gordina garraiatzen zuten jatorritik Zierbenako Itsas-terminalera arte, Bilboko Portuan. Hortaz, konpainiaren jardueraren berri ematen duen hainbat material ikus daiteke Konsoni Lantegian Petronorren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmen honi esker.