Pertsonena, Osakidetzako langileena eta euskal osasun sistema publikoa unibertsal, zuzen eta kalitatezko gisa sendotzearena izaten jarraituko du XI. legealdiak

2017.eko urtarrilak 24

 

  • Honako hau da Osasuneko Sailburuaren apustua: gizarte desorekekin bukatzea osasun arloan, prebentzioaren kultura sustatzea, zahartzeak dakartzan erronkei aurre egitea, sistemaren jasangarritasuna eta modernizazioa bermatzea, langileak aitortzea, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa, hizkuntz normalizazioa, genero berdintasuna eta ikerketa eta berrikuntza
  • Berritasunen artean nabarmentzekoak dira Euskadiko Onkologia Plan Integral bat, Umetoki-lepoko Minbizia Bahetzeko Programa bat, Droga Mendekotasunen VII. Euskal Plana, Haurren Obesitatea Prebenitzeko Plan Berezi bat eta Lan-eskaintza Publikoak periodikoki

 

 

“Ondokoak izango dira Euskadiko osasun politiken oinarri ordezkaezinak legealdi honetan: pertsonak, ardatz nagusia; egungo osasun sistema unibertsala eta kalitatezkoa sendotzea; langileak aitortzea; enplegu egonkorrarekiko eta hizkuntza normalizazioarekiko konpromisoa; eta osasun eremuaren baitako ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustua”.Horiek izan dira Eusko Jaurlaritzako Osasuneko Sailburu Jon Darponen hitzak XI. gaur eguerdian Eusko Legebiltzarrean, legealdi honetarako osasun arloko ildo estrategikoak aurkeztu dituenean.

Legealdi honetan, aurreko legealdian jorratutako ildo eta lorpenen bidetik jarraituko da, bai eta lan-eremu berriak irekiz ere,euskal gizarteak egun dituen eta etorkizunean izango dituen osasun arloko erronkei aurre egin ahal izateko. Zentzu horretan, jarraitutasuna eta koherentzia izango dira ardatzak Jaurlaritzako beste sailekin, erakundeekin eta gizarte eragileekin lan egiteko orduan, osasuna Euskadiko pertsonen eta aginte publikoen konpromisoa izaten jarrai dadin.

Honela, 2020 Osasun Planak euskal osasun politikak gidatuko dituen dokumentua izaten jarraituko du, beti ere osasuna pertsona bakoitzaren eskubidetzat eta, aldi berean, erantzukizuntzat aitortuz eta Osasuna Politika Guztietan ikuspuntua sendotuz.

 

XI. LEGEALDIRAKO ILDO ESTRATEGIKOAK

 

1. Ildoa: Pertsonak, ardatz nagusia eta osasun arloko desorekei aurre egitea

 

Jon Darpon Sailburuak osasuna babesteko eskubidea giza eskubide eztabaidaezina dela berretsi du beste behin, eta ez jaioterriaren edo gizarte segurantzako kotizazioaren ondorio bat. “Osasun eskubidearen unibertsaltasuna gure osasun sistema sostengatzen duten printzipioetako bat dela aldarrikatzen dugu eta, horrenbestez, gure lehentasunik nagusia izango da Euskadiko Osasun Sistema mantentzea eta hobetzea sistema unibertsal, publiko eta kalitatezkoa gisa”.

Ildo horretatik, Osasun Saila osasun arloko desorekak murrizteko xedearekin lan egitera konprometitu da, gehien bat, generoa, maila sozio-ekonomikoa, aniztasun funtzionala medio gertatzen direnak, edota euskal hiztunen kasuan gerta litezkeenak.  Zentzu horretan, Sailburuak adierazi duenez “Euskadin, ezbairik gabe, osasun sistema solidarioa, bidezkoa eta eraginkorra dugu baina aitortu beharra dago aipatua ez dela nahikoa osasun arloko desorekekin bukatzeko”.

Era berean, biztanleriaren partaidetzari edo gaixoen ahalduntzeari dagokienean egindako lanak jarraipena izango du (Osasun Eskola eta Paziente Bizia programak) eta prozedura kirurgikoak jasotzeko batezbesteko itxarote-denbora 50 egunetatik behera mantentzeko lan egingo da. Azkenik, legealdi honetan arreta berezia eskainiko zaie gaixotasun bitxiei, horien inguruko epidemiologia-erregistroa arinduz, eta arreta koordinazioan sakonduz, gizarte zerbitzuekin eta hezkuntza sistemarekin dagoen koordinazioa hobetuz ere.

Hepatitis C-ren birusarekin kutsatutako pertsonak tratatzeko estrategia ere izango da lehentasunetako bat, diagnostikaturiko pertsona guztiei tratamendua ematen segitzeko. Aldi berean, profesionalen adostasunarekin eta ebidentzia zientifikoaren arabera, diagnostiko goiztiarra egiteko protokolo bat garatuko da, kasu berriak atzemateko asmotan. 

Bestalde, hauxe aurreratu du Osasun Sailburuak: herritarren parte-hartzearen eremuan lanean jarraituko ere, hartara, parte hartzeko bide garden, dinamiko eta eraginkorren garatzeari eutsiz, betiere, herritarren, profesionalen eta osasun sistema beraren arteko harremanak ulertzeko modu berri batez.

 

2. Ildoa: Osasuna prebenitzea eta sustatzea

 

Osasun Sailak esfortzu berezia egingo du osasuna sustatu eta prebenitzeko, arreta berezia eskainiz bizitzeko moduei eta dietari, tabakoari, alkoholari, ariketa fisikoari, obesitatearen prebentzioari eta abarrei dagozkien ohitura osasungarriei; betiere, osasun publikoaren politikak bultzatuz, diziplina anitzeko ikuspegi batetik.

Jon Darpon sailburuak Haurren Obesitatea Prebenitzeko Plan Berezi bat iragarri du obesitatearen eta elikadura txarraren arazoari buruzko kontzientzia suspertu eta jokabide-ereduak bilduko dituen gida bat egiteko langileen, gaixoen, senideen eta komunitate-eragileen mesederako.

Adikzio eta droga mendekotasunei dagokienean, legealdi honetan zehar VII. Droga Mendekotasunen Plana aurkeztuko da. Aipatua droga mendekotasunen arloan gauzatuko diren estrategiak eta esku-hartzeak planifikatu, antolatu eta koordinatzeko erreminta izango da. Halaber, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko 1/2016 Legeari loturiko arautegi bat garatuko da. Azkenik, toxikoen kontsumoa prebenitzeari dagokionean eta Adingabeak eta Alkohola Programaren barruan, alkoholaren kontsumoa gazteen artean prebenitzeko erakundeen esku-hartzea areagotu egingo da, orain arte egin den bezala: komunitate, hezkuntza, osasun, alor arauemailearen eta gizarte sentsibilizazioaren mailan.

Txertoen egutegiak prebentzio-politiketako ardatzik nagusienetako bat izango dira berriz ere: Euskadiko Txertaketen Aholku Batzordearen gomendioei jarraiki, egutegiak etengabe berraztertu eta eguneratuko dira, irizpide zientifikoen eta epidemiologia-datuen arabera. "

Osasun desberdintasunengan eragin zuzen eta positiboa duen prebentzio-neurri gisa, minbizia bahetzeko programak hobetu eta gaurkotzearen aldeko apustuari helduko zaio. Hala, bularreko zein kolon eta ondesteko minbiziak bahetzeko programez gain,  umetoki-lepoko minbizia bahetzeko programa berri bat abiaraziko da 21-65 urte bitarteko emakumeentzat, aipatu minbiziaren intzidentzia eta heriotza-tasa murrizteko xedearekin euskal emakumeen artean.

Halaber, Osasun Sailak HIESa eta Sexu transmisiozko beste infekzioak Euskadin prebenitu eta kontrolatzeko 2015-2018 Plana indarrean mantenduko du. Eta  Euskadiko haur eta gazteen aho-hortzen arretari dagokionean, Haurren Hortz Asistentzia Programaren (PADI) bitartez Osasun Sailak aipatu programa erabiltzen duten haurren portzentajea handitu nahi du, bai eta programaren erabilera sustatu ere gizarte-egoera ahuleko taldeetan bereziki.

 

 3. Ildoa: Zahartzea, kronikotasuna eta mendekotasuna

 

Azken urteotan, adineko gaixoen gorakada (gehienek osasun arazo bat baino gehiago dutela) erronka handia bilakatu da euskal osasun sistemarako. Hori ikusita, datozen lau urteotan Osasun Sailak lehen mailako arretaren garatzea eta lehen mailako arretaren eta ospitaleko arretaren arteko integratzeko estrategiaren hedatzea bultzatuko ditu. Horretarako, xedea da lehen mailako arreta indartzea, integrazio klinikoa erraztea, ESIen gobernantzan sakontzea, teknologia berriak egokiago erabiltzea pertsonen mesederako eta estrategia berriak garatzea Erizainaren papera indartzeko.

Ildo horretatik ere, Jon Darpon Sailburuak Euskadiko Onkologia Plan Integrala egin eta martxan jarriko dutela adierazi du. Xedea da ahalik eta estrategiarik onena eskaintzea biztanleei, gaixotasun horren eragina arindu ahal izateko. Honela, Euskadiko osasun sistemako arreta onkologikoan inplikaturiko baliabide eta osasun erakundeen arteko lankidetza-sare bat eratuko duen eredu bat landuko da, pazienteei erantzunik hoberena eman ahal izateko. Era berean, eta iragarri duenez, gaixotasun neurodegeneratiboen inguruko Aholku Batzorde bat eratuko du Osasun Sailak, besteak beste, diagnostiko goiztiarra hobetu, errealitate honen gaineko kontzientzia biztu, profesionalen arteko koordinazioa areagotzea xede izango duen plan bat abian jartzeko.

Bestalde, legealdi honetan zehar 2020 Zainketa Aringarrietako Planaren hedatzea bukatuko dutela iragarri du. Honela, zainketa aringarriak behar dituzten guztiei kalitatezko arreta bat bermatuko dien eredu homogeneo bat bermatuko da, aipatu pertsonei arreta eskaintzen dien zerbitzua dena dela ere.

Bestalde, egonaldi ertain eta luzeko ospitaleko bitartekoen antolaketa aztertuko dela aurreratu du ere; baita paziente hauentzako oheen planifikatze zein  antolamendua, eta artatzeko ohiko arreta prozesuaren ezberdina izango den beste prozesu berri bat zehaztuko ere. Puntu honetan, Sailburuak osasun zerbitzuak eta gizarte zerbitzuak are hobeto koordinatzearen aldeko apustua egin du, funtsezko osagai gisa eta, horretarako, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseilua sustatzen jarraituko du, legealdi honetan lan ildo berriak izango direlarik.

 

4. Ildoa: Osasun sistemaren jasangarritasuna eta modernizazioa

 

Atal honetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren nahia da osasun sistemaren eta industriaren arteko lankidetzan eta erantzunkidetasunean sakontzea hitzarmen hobeagoak lor ditzagun berrikuntzaren finantzazioan: osasunean lortutako emaitzen eta gaixoen bizi-kalitatearen ordainetan ordain dezagun.

Farmazia-prestazioaren ereduari dagokionean, xedea da komunitate farmaziaren papera sendotzea, bere koordinazioa hobetuz osasun sistemako beste eragile guztiekin balio erantsia izango duten arreta farmazeutikoko programak garatzeko hitzarmenen bidez (etxez etxeko laguntza behar duten gaixoentzako programak, gaixo kronikoen jarraipen farmakoterapeutikoa, etab.), eta adineko pertsonentzako egoitzetan farmazia zerbitzuak eta botika gordailuak ezartzeko araudi baten garapenaren bitartez. Bestalde, sendagaiak zentzuz erabiltzeko estrategiak garatzeko politikarekin jarraituko da, preskripzioan oinarrituta eta generikoak preskribatuz, sendagaien erabilera okerra saihesteko; gaixoen segurtasuna eta osasun sistemaren jasangarritasuna bermatzeko jarduketa berriak garatuko dira, gastu farmazeutikoa etengabe eta erregularki aztertuz. Beste funtsezko osagaietako bat izango da eraldatze digitala lortzeko estrategia, IKTen erabilera eraginkorragoa lortu ahal izateko bai langileen zein gaixoen aldetik (OSABIDE historia kliniko elektronikoa zentro soziosanitarioetara hedatuz, errezeta elektronikoa, Osasun Kontseilua, gaixo kronikoak bertaratu gabe jarraitzeko programak, Osasun-karpeta, telefono bidezko kontsultak, etxeko telemonitorizazioa gauzatzeko programak, etab.). Errezeta elektronikoari dagokionez, Sailburuaren esanetan, hobekuntza funtzionalak garatuko dira, baita beste erkidegoekiko elkar-eraginkortasunean aurrera egin ere, euskaldunok euren osasun txartelaren bitartez botikak Estatu osoan jaso ahal izan ditzaten.

Horrez aparte, irisgarritasunaren, osasun eremuko emaitzen eta sistemaren jasangarritasunaren arteko orekaren beharra azpimarratu du Sailburuak; horretarako, espezializazio handiko zenbait zerbitzu biltzeko aukera aztertuko da, betiere, pazienteei eskaintzen zaien arreta kalitate handiagokoa izan dadin. Pazientearen Segurtasunaren Estrategia garatzen jarraituko da, xede eta ekintza berriekin 2017-2020 eperako.

Jon Darpon Sailburuak nabarmendu duenez, osasun sistema modernizatzeko Euskadin garatzen ari garen gakoetako bat da Osakidetzako ekipamendu, instalakuntza eta teknologiaren mantentzea eta berritzea. Horrenbestez, ondoko xede zehatzak ezarri ditu legealdi honetarako:

 

-Urdulizko Ospitalerako aurreikusitako zerbitzu ezberdinak antolatzea eta abiaraztea.

-Eibarko Ospitalea bukatzea eta irekitzea.

-Ospitale zerbitzu orokorretarako eraikin berria eraikitzea Arabako Unibertsitate Ospitalean.

-Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Kirurgia eta Suspertze Bloke berria martxan jartzea.

-Biogurutzeta Ikerketa Instituturako eraikin berria bukatzea eta martxan jartzea.

-Osasun zentro berriak: Amurrio, Kanpezu, Murgia, Alde Zaharra eta Aiete Donostian eta Zallako espezialitate eta osasun zentro berria.

-Teknologia eta ekipamenduak berritzea 3 lurralde historikoetan.

 

Horrez gain, eta Osakidetza modernizatze honen baitan, Jasangarritasun Energetikoaren gaineko Plana gauzatuko dela iragarri du, erosketa eta kontratazio berdea egiteko irizpideak pixkanaka ezarriz.   

 

5. Ildoa: Langileak

"

Osasuneko Sailburuak beste behin nabarmendu duenez bere hitzaldian, kalitatezko zerbitzu bat eman ahal izateko, instalakuntzez eta teknologiaz gain, "funtsezkoa da langile trebeak eta konprometituak izatea; beraiek dira, orain dela lau urte batzorde honetan azpimarratu nuen bezalaxe, gure kapitalik hoberena”.

Zentzu horretan, Osasun sailak eta Osakidetzak enplegua Osakidetzan egonkortzeko konpromisoa dutela adierazi du eta aldi baterako kontratazioa, bere egoera, zioak eta zerbitzu erakundeen beharrak aztertuko dituztela. Lan-eskaintza publikoei dagokienean esan du osasun sistemaren egiturazko langileen hutsunetarako birjartze-tasak deuseztatzea eskatuko diotela berriz ere Madrilgo Gobernuari. Aldi berean, eskaintzen prozedura administratiboak berrikusiko dira, arintasun handiagoa lortu ahal izateko. Horrekin batera, LEPak periodikoki antolatzearen konpromisoa hartu du, egun indarrean dagoen 2015eko LEP (1.014 lanpostu) amaitu eta lanpostuko lan-eskaintza berri bat deituko dela iragarriz, zeinaren bidez (2016ko deialdia gehituaz) LEPan kategoria ezberdineko ahalik eta lanpostu gehienak eskainiko baitira.

Guzti hori, Osasun Sailak eta Eusko Jaurlaritzak enplegu egonkor eta kalitatezko baten alde egiten duten apustu argiarekin bat. Apustu horren baitan kokatzen du Jon Darponek, hain zuzen ere, Osakidetzako langileen lan-baldintzen inguruko akordio berri bat -arrazionaltasunetik eta herrialdearen, eta hortaz, euskal gizartearen, egoera ekonomikoa aintzat hartuz- lortzeko xedearekin egun dauden komunikazio-bideak irekita mantentzeko duen nahia.

Komunikazioan ekitatea bermatzeko xedearekin ezarritako neurrien inguruan aipatu du Osakidetzan Euskararen Erabilera sustatzeko II. Planaren bitarteko ebaluazioa Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko dutela hemendik gutxira, ezarritako helburuen lorpen-maila ezagutu eta hobekuntza-proposamenak egin ahal izateko. Xedea da zerbitzu elebidunen eskaintza handitzea, euskarazko dokumentazio klinikoa eta laguntza informazio-sistemak pixkanaka-pixkanaka areagotzea, hizkuntza eskakizunak eguneratzea langileen kontratazioan eta euskararen erabilera sustatzeko plana itunpeko zentroetara hedatzea.

Sailburuak beste ekintza hauek iragarri ditu ere: Osakidetzako Genero Berdintasuneko Plan berri bat abiaraztea, Erasoen Behatokia sustatzea eta Osakidetzako langileen etengabeko heziketa eta ezagutzaren kudeaketa bultzatzea.

 

6. Ildoa: Berrikuntza eta ikerketa

 

Azkenik, Osasuneko Sailburuak Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntza 2020 Estrategia aplikatzeko duen nahia aipatu du. Xedea da osasun arloko emaitzak hobetzea, osasun-sistema eraldatzea eta euskal gizartearen garapen ekonomikoa eta soziala sustatzea. Hau da, jadanik martxan dauden ekintzei jarraipena emango zaie legealdian zehar eta estrategiaren lau ardatzetan aurreikusitako ekintzen hedatzea amaituko da: Eragina, Integrazioa, Pertsonak eta Bitartekoak I+G+B ekintzak egokiago txertatu ahal izateko osasun sistemaren baitan, unibertsitateekin eta industria biosanitarioarekin lankidetzan; guzti hori, emaitzen eragina areagotzeko xedearekin.

Ondorioz. berrikuntzaren kudeaketa-eredu bat ezartzeko jarduketak gauzatuko dira, ikerketa eta berrikuntza agendak zehaztuko dira lehentasunezko arlo klinikoetan, elkarlana sustatuko da beste herrialde eta eskualderekin, etab. Era berean, I+G+B programei zuzendutako inbertsioa handitzen segituko da, bai eta Biodonostia, Biogurutzeta eta Bioaraba ikerketa institutuetako jarduera sustatzen ere, lankidetza-sareak eta -taldeak ezarriz beraien artean, bai eta unibertsitatearekin ere.

 

 

 

                                                 ABIAPUNTUA

 

Osasuneko Sailburuak abiapuntu dugun egungo egoera laburki aipatu du, nabarmenduz osasun politikak lehentasun argia izan direla Iñigo Urkullu Lehendakariaren Jaurlaritzarentzat eta, horren ondorioz, osasun arloan biztanleko inbertsio publikorik handiena egin duen Estatuko erkidegoa izan dela Euskadi azken urte hauetan. “Horri esker eta, nola ez, Osakidetzan lan egiten duten gizon eta emakumeen gaitasun, profesionaltasun, dedikazio eta konpromisoari esker, kalitatezko osasun zerbitzua eskaintzen jarraitu dugu, bere prestazio guztiak mantendu baititu; eta horrela izango da aurrerantzean ere”, nabarmendu du Jon Darponek.

Hona hemen azken 4 urteotan lortutako helburuen artean Sailburuak azpimarratu dituen horiek:

- Euskadik osasun sistemaren habeak mantendu eta babestu ditu, unibertsaltasuna eta diru-laguntzak mantentzeko neurriak garatuz koordainketa farmazeutikoaren hazkundearen eragina arintzeko xedearekin.

-Haurrak txertatzeko egutegiaren berrikuspen sakona, pneumokokoaren eta tosferinaren aurkako txertoak sartuz haurdun dauden emakumeentzat, beste aldaketen artean. Helduak txertatzeko egutegi bat proposatu zen ere, lehen aldiz.

-Metabolopatiak jaioberrietan bahetzeko Programaren Zabalkuntza:14 gaixotasun bahetzera iritsi gara.

-Bularreko minbizia eta kolon eta ondesteko minbizia bahetzeko programak estaldura, parte-hartze eta emaitzarik hoberenak dituztenak dira gure inguruan. Aurreko legealdian Euskadi, 2014. urtetik aurrera, kolon eta ondesteko minbizia bahetzeko programaren hartzaile guztiak artatu dituen lehen Autonomia Erkidegoa da, bai eta bakarra ere.

-Eusko Legebiltzarrak Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko Legea onartu zuen, erabateko adostasunarekin ia.

-Adingabeak eta Alkohola Programa martxan jarri zen.

-2013-2016 Pazientearen Segurtasunaren Estrategia ezarri zen, hamahiru esku-hartze esparru zehatzekin eta 2016/78 dekretua onartuz.

-Osasun arreta integratuko eredua hedatu zen.

-Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseilua indartu eta proposaturiko ekimenak garatu ziren 2013-2020 Arreta Soziosanitarioko Ildoen bitartez.

-Profil berriak sartu ziren, praktika aurreratuko erizainak bezalaxe, erizainen zainketa-praktika hobetzeko xedearekin, lehen mailako arretaren arloan batez ere.

-Zainketa Aringarrietako 2016-2020 Plana onartu eta lehen ekimenak martxan jarri ziren.

-C Hepatitisa Euskadin tratatzeko Estrategia zabaldu zen, Ministerioak proposaturiko estrategiarekin bat. Honela, gaixo guztien arreta bermatu da apurka-apurka, lehentasuna emanaz kasu larrienei.

-Historia kliniko elektroniko bakarraren eta errezeta elektronikoaren ezarpena eta hedatzea.

-178 milioi euroko inbertsioa egin zen teknologia eta osasun zentroak berritzeko. -Osakidetzako egiturazko langile guztiak mantendu ziren, aipatuak 700 pertsonetan handitu ziren eta 2 Lan-eskaintza publiko jarri ziren martxan.

-I+G+B osasun azpiegiturak berrantolatu ziren, Carlos III Institutuak akreditazioa eman zion Biogurutzeta institutuari eta Osasun Arloko Ikerketa eta Berrikuntza 2020 Estrategia.

  

 

Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 24a