Pedro Azpiazu sailburuak eta Cristóbal Montoro ministroak akordioa sinatu dute, Euskadi eta Estatuaren arteko finantza harremanak erregularizatzeko, hamar urteko ziurgabetasun garaiaren ostean

2017.eko maiatzak 03

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomiako sailburuak eta Cristóbal Montoro Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroak akordioa sinatu dute Madrilen, bi gobernuen arteko hamar urteko finantza-ziurgabetasunari amaiera emanez. Alderdi aipagarrienen artean, alde batetik, Estatuak itzuli beharreko zenbatekoa ezarri da, 2007-2016 epealdiko Kupoa eta enplegu politika aktiboen kalkuluen inguruko desadostasunen ondoren, 1.400M€ ezarri delarik. Eta, bestetik, 2017 urterako behin-behineko Kupoa ezarri da, 1.300M€-tan. Enplegu politika aktiboen zenbatekoa kendu ondoren, 344M€, 956M€-ko zenbatekoa geldituko da Estatuari ordaintzeko. Adostutako testua Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Misto batean onartuko da maiatzaren bigarren hamabostaldian. Horrek finantza-egonkortasun garaiari emango dio bide, bi gobernuen arteko harremanak normalizatu eta erregularizatu ostean.

Akordioak honako puntu hauek biltzen ditu:

1. 2007 oinarri-urtearen Kupo Likidoa eta eguneratze-indizea homogeneizatu dira.

2. 2007-2015 ekitaldietako behin betiko Kupo Likidoak eta finantza-konpentsazioak, eta 2016rako behin-behinekoak. Kitapenaren ondorioz, 1.248 milioi euro ordainduko zaizkio Euskadiri.

3. Enplegu-politika aktiboen kostuaren 2011-2015 epealdiko behin betiko balorazioa eta 2016 urterako behin-behineko balorazioa. Kitapena 152 milioikoa da.

4. 2017 urterako behin-behineko Kupo Likidoa: 1.300 milioi.

5. Enplegu-politika aktiboen 2017rako behin-behineko balorazioa: 344 milioi.

6. Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek osatutako lantalde bat eratuko da, MERCEDES BENZ S.A enpresaren operatiba-aldaketaren zerga-efektuak aztertzeko, eta bere lana irailaren 30a baino lehen amaituko du.

7. 2014-2019 epealdirako aurrekontu-egonkortasunaren alorreko akordioak berretsi dira.

Erabakitzeke zeuden zenbatekoak

Kupoaren kalkuluaren azken hamarkadako arazoaren jatorria Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoa 2011 urte hasieran bildu ez izana da. Batzorde hori, Kupoaren Legearen Bosgarren Xedapen Gehigarriak agindutakoaren arabera, oinarri-urtearen eguneratze-indizea eta, aldi berean, Kupo likidoa homogeneizatzeko deitu behar zen, baina ez zen hala gertatu.

Hori dela eta, aipatu 2007-2016 ekitaldien kupoak behin betikoz ixtea ekiditen zuten desadostasunak Bost Urteko Legearen 10. artikuluko eguneratze-indizearen desbideratzearen ondorio dira. Desbideratze hori 2011n gertatu zen, Estatuaren diru-sarreren aurrekontuan zerga-lagatzea jaso baitzen eta ez baitzen neutralizatu horrek Kupoan izango zuen eragina. Eusko Jaurlaritzak lortu du Estatuak 1.400 milioi euro itzultzea (1.248+152). Zifra hori Bosgarren Xedapenaren irakurketa bateratuaren ondorioa da, bosturtekoaren oinarri-urtearen (2007) eguneratze-indizeak eta kupoa homogeneizatu ondoren.

1.600 milioiko zifra bi gobernuen jarrera ezberdinen ondorio zen: eguneratze-indizea homogeneizatu baina oinarri-urtearen Kupoa ez (Estatuaren jarrera) eta bi kontzeptu horiek ez homogeneizatzea (euskal erakundeen jarrera, Batzorde Mistoak maiatzean jasoko duen akordio hau lortu arte).  

Pasa den urteetan erabaki gabe zeuden gaien artean enplegu-politika sailen likidazioak ere bazeuden, eta Azpiazuk eta Montorok sinatu duten akordioaren arabera, enplegu- eta prestakuntza-politika aktiboen 2011-

2015 epealdiko behin betiko likidazioak eta 2016ko behin-behineko balorazioa ezarri dira. Zenbateko hori, orotara, 152 milioi eurokoa da.  

Aipatu kitapenak datorren bosturtekoan zehar banatuko dira, eta ehuneko 10, 15, 20, 25 eta 30eko goranzko joeran, hurrenez hurren, ordainduko dira.

2017ko behin behineko Kupoa

Bestalde, sinatutako akordioan eta Kontzertu Ekonomikoan aurreikusitako metodologiaren arabera, Euskadik 2017 honetan Estatuko zama orokorrei 1.300 milioi euroko ekarpena egitea adostu da. Zenbateko horri enplegu-politika aktiboen alorreko programa eta jardueren balorazioaren ostean onartutako 344 milioiak kenduta, ordaindu beharreko behin-behineko Kupoa 956 milioi eurokoa izango da.

Behin-behineko kupo hori, halaber, datorren bosturtekoaren oinarri-urtearen kupoa izango da, hau da, 2017-2021 Bost Urteko Lege berriaren lehen oinarria. Lege berri hori Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan adostu eta, ondoren, Gorte Nagusiek onartuko dute.

Azpiazu sailburuak eta Montoro ministroak bigarren Batzorde hori uztailean deitzea adostu dute eta, ondorioz, Bost Urteko Legea aurten bertan onartuko da. Halaber, Batzordearen bigarren bilera horretan beste gai batzuk ere jorratuko dira, esaterako, egungo Kontzertu Ekonomikoaren zerga-alderdiei buruzko lotura-puntu batzuk.

Aipatu moduan, akordio honen bidez, Euskadi eta Estatuaren arteko finantza-harremanetan egonkortasun eta ziurtasunari eman zaio bide.