Osasun sailak osasun arloko ikerketa proiektu eta garapenetan aurten egin duen 4 milioi euroko inbertsio publikoa osatzera datoz laguntza horiek (Gobernu Bilera 2017-11-21)

logoconsejo.jpg

2017.eko azaroak 21

Osasun sailak proposatuta, Gobernu Kontseiluak 436.948 euroko diru-laguntzen kudeaketa onartu du gaur. Horien xedea da osasun arloko ikerketa- eta berrikuntza-jarduerak sustatzea eta bultzatzea. 

Ikerketa eta berrikuntzara bideratutako laguntza horiek, alde batetik, endekapenezko neurologia-gaixotasunetako ikerketa biomedikoak estaliko dituzte EITB maratoiaren funtsekin batera; eta, bestetik, ikertzaile gazteak kontratzeko programan erabiliko dira. Aipatu bi esku-hartzeak BIOEF - Berrikuntza, Ikerketa eta Osasuna Eusko Fundazioak kudeatzen ditu. 

Euskadiko Osasun Sistemaren baitan ikerketa eta berrikuntza sustatzeko xedearekin Osasun sailak sortu duen instrumentua da BIOEF. Fundazioak, halaber, lankidetzarako eta komunikaziorako marko bat eskaintzen die arlo honetan maila ezberdinetan (erkidegoan, Estatuan, Europan eta nazioartean) inplikaturiko eragile ezberdinei. BIOEFek, halaber, arloen arteko osasun-programak eta -politikak sustatzen laguntzen du, gure Osasun Sistemaren lehiakortasuna eta kalitatea handitu eta Euskadiko aberastasuna eta garapen sozioekonomikoa areagotzen laguntzeko. 

Gaur onartutako diru-laguntzekin, hain zuzen ere, 376.948 euro endekapenezko gaixotasunen inguruko ikerketa-proiektuetara bideratuko dira eta beste 60.000 euroak ikertzaile bat kontratatzera, ikertzaile gazteak Euskadin mantendu eta, halaber, pazientetan eta biztanlerian oinarritutako ikerketa sustatzeko ere. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak osasun arloko ikerketa-proiektu eta -garapenak diruz laguntzeko 2017. urte honetan egin duen 4 milioi euroko laguntza ekonomikoak osatzera datoz laguntza horiek.