Osasun Publikoaren gaineko big data europar proiektu aurrendari batean parte hartzen ari da Euskadi

2017.eko otsailak 06

 

  • MIDAS proiektuaz ari gara, zeinaren helburua, Europan sei osasun-sistema hauek partekatzen dituzten big data aplikazioak sortzea den: Euskadi, Ingalaterra, Irlanda, Ipar Irlanda, Finlandia eta Arizona (AEB). 
  • Bizkaiko hiriburuan elkartu dira proiektu horren partaide guztiak, hots, herrialde horietako osasun-sistemen ordezkariak. 
  • MIDAS proiektuari esker, osasun-agintariek tresna berriak izango dituzte osasun-publikoaren gaineko politiken ondorioak aztertzeko eta, aldi berean, aurreikuspenak egin  ahal izango dituzte erronka epidemiologikoei –esaterako, haurren obesitateari– ekiteko. 
  • Askotariko iturrietatik (datu-baseak, app-ak eta sare sozialak) informazio klinikoa atera eta batera aztertzeko teknologiak sortuko dituen lehen proiektua da osasun publikoaren eremuan.

 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Osakidetzak, Osasun Berrikuntza eta Ikerketaren Euskal Fundazioaren (BIOEF) bidez, MIDAS proiektu europarrean parte hartzen du. Proiektu horren helburu nagusia, Europan sei osasun-sistemak (Euskadi, Ingalaterra, Irlanda, Ipar Irlanda, Finlandia eta Arizonakoa (AEB)) partekatutako big data plataforma aurrendaria garatzea da, osasun-publikoan erabakiak hartzen lagunduko duen ezagutza sortzearren.

Proiektua bukatzean, tresna berri horiek eta big data eremuan lortutako esperientzia beste osasun-sistema batzuetan erabili ahal izango dira.

MIDAS partzuergoaren lehen bilera gaur, otsailaren 6an –astelehena– izan da, Bilbon, eta horretan proiektuan esku hartzen duten guztiek parte hartu dute. Proiektu  hori Europako Batzordeak finantzatzen du (4,5 milioi euro), Europar Batasuneko H2020 Ikerketa eta Berrikuntzako Esparru Programaren eskutik, eta 40 hilabete iraungo du. Halaber, Partzuergoak Bilbo-Basurtu ESI eta Euskal Biobankuaren instalazioak bisitatu ditu.

Hauek dira, hain zuzen, proiektu horren bazkideak: Euskadi, Ingalaterra, Irlanda, Ipar Irlanda, Finlandia eta Arizonako (AEB) osasun-sistemak; Ulsterreko (Ipar Irlanda eta Ingalaterra) Unibertsitatea, proiektuaren koordinatzailea dena; Dublingo (Irlanda) Unibertsitatea; Lovaina Zaharreko (Belgika) Unibertsitate Katolikoa; Ouluko (Finlandia) Unibertsitatea eta Arizonako (AEB) Arizona State University-a.

Halaber, hainbat zentro teknologikok parte hartu zuten, hala nola, Vicomtech-IK4 izenekoak (Gipuzkoako Teknologikoan dagoena), Teknologian Tutkimuskeskus V Tt Oy izenekoak (Finlandia) eta IBM, Analytics Engined Limited  eta Quintelligence enpresek.

Osasun publikoa hainbat alderdiz arduratzen da, hala nola, gaixotasunak prebenitzeaz, bizitza luzatzeaz eta osasuna sustatzeaz, jokabide eta ingurumen- eta gizarte-faktoreen eragile kaltegarriak gutxituz. Osasunaren inguruan hainbat datu-base sortzen da (erregistroak, app-ak, sare sozialak…), baina horiek teknikoki modu eraginkorrean gainditzea eta elkarrekin lotzea zaila da, barne hartzen duten informazioaren tipologiagatik.

MIDAS izango da, hortaz, osasun-agintariek osasun publikoan erabakiak hartzeko ezagutza sortzearren askotariko iturrietatik informazioa atera eta ondoren batera aztertzeko teknologiak sortuko dituen lehenengo proiektua. Gaur egun ez dago datu-iturri horiekin aldi berean lan egitea ahalbidetzen duen plataformarik. Hori guztia, datu-babes eta etikako estandar zorrotzenak betetzen egingo da.

Proiektuaren ondorioz, beraz, Europako osasun-agintariek tresna berriak izango dituzte osasun publikoko politikek azter ditzaten herritar gehienengan eragina duten arazoetan (esaterako, haurren obesitatea edo adingabeen alkohol kontsumoa) dituzten ondorioak. Era berean, erronka epidemiologiko berriei ekiteko moduen gaineko aurreikuspenak egin ahal izango dituzte.

 

BERRIKUNTZA ETA IKERKETA, ILDO ESTRATEGIKOA

Osasun-emaitzak hobetzeko, osasun-sistema aldatzeko eta euskal gizartearen garapen ekonomikoa eta soziala garatzen laguntzeko asmoz abiarazitako Osasun Ikerketa eta Berrikuntza 2020 Estrategia aplikatzeko planak azaldu ditu berriki Jon Darpón Osasun sailburuak.

Horiek horrela, legegintzaldian, unibertsitateekin eta industria biosanitarioarekin koordinatuta, osasun-sistemaren barruan I+G+b jarduerak hobeto sartzeko abiarazitako jarduerekin jarraituko dela eta estrategiaren lau ardatzetan –Inpaktua, Integrazioa, Pertsonak eta Baliabideak– aurreikusitako jarduerak osatuko direla adierazi du sailburuak, hori guztia, emaitzen inpaktua handitzeko asmoz.

Hortaz, berrikuntza kudeatzeko eredua ezartzeko, lehentasunezko arlo klinikoetan ikerketa eta berrikuntza agendak zehazteko, eta beste eskualde eta herrialde batzuekiko elkarlana sustatzeko ekintzak egiten ari dira. Era berean, I+G+b programen inbertsioa handitzen jarraituko da, baita Biodonostia, Biocruces eta Bioaraba ikerketa-institutuen jarduera bultzatzen ere, eta horien artean eta unibertsitatearekin lankidetza-sareak eta taldeak ezartzen ere.

 

BIOEF FUNDAZIOAZ

Osasun Berrikuntza eta Ikerketaren Euskal Fundazioa (BIOEF) Osasun Sailak sortu zuen Euskadiko osasun-sisteman berrikuntza eta ikerketa sustatzeko asmoz. Autonomia-, estatu- eta mundu-mailan osasun-ikerketan eta berrikuntzan diharduten sektoreen lankidetza-, kooperazio- eta komunikazio-esparrua ere bada Fundazioa.

BIOEFek osasuneko eta sektore arteko programak eta politikak funtsatzen laguntzen du, Osasun Sistemari lehiakortasun handiagoa eta kalitate bikainagoa ekartzeko eta Euskadin aberastasuna sortzen eta garapen soziekonomikoa lortzen laguntzeko.

 

Bilbo, 2017ko otsailaren 6a