Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean eta Oiartzualdean enplegua sortzeko inbertsio produktiboa egingo duten enpresentzako laguntza programa finantzatzeko 6.000.000 " (Gobernu Bilera 2017-04-04)

logoconsejo.jpg

2017.eko apirilak 04

Eusko Jaurlaritzak 6.000.000 euro bideratuko ditu Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea indartzeko eta bertan enplegua sortzeko inbertsio produktiboa egingo duten enpresentzako INDARTU laguntza-programara, 2017ko ekitaldirako.

Industrializazio Planaren arabera, enplegua sortzeko inbertsio produktiboa sustatzea izango da Jaurlaritzaren jarduna zuzendu behar duten funtsezko ardatz estrategikoetako bat, eta INDARTU programa bat dator jardun horrekin.

Beharrezkotzat jo zen zona horiek indartzeko eta bertan enplegua sortzeko inbertsio produktiboa egiten duten enpresentzako laguntza-programa garatzea, betiere lurralde-mailako diskriminazio positiboko ahalegina eginda. Ahalegin hori langabezia-egoera larriagoa duten zonetara zuzenduko da —krisialdi ekonomikoak eragin handiagoa izatearen ondoriozko langabezia-egoera izan zein inguru horren garapena eragozten duen egitura-narriadura izatearen ondoriozko langabezia-egoera izan—.

Enpleguaren sorrera da Programa horren funtsezko faktorea. Muga egokiak ezarri beharko dira enpleguan eragina izango duten eta industria-ehun trinkoa sortzeko lagungarriak izango diren inbertsioak bildu ahal izateko. Kontuan izan behar da industria-ehun trinkoa izateak etorkizunean aberastasuna eta enplegua sor dezakeela. Horrenbestez, enplegua sortzen duen inbertsioak bolumen minimo batzuk behar ditu, ondorio adierazgarriak bermatuko badira.

Laguntzak, halaber, itzuli beharrik gabeko diru-laguntza modura egituratzen dira, eta aurreko eskakizunekin batera, aukera ematen dute finantza-egitura osasuntsuak dituzten enpresak izateko, inbertsioak finkatu aurreko urteak jasateko gauza izango direnak.

Agindu horren barruan emango diren diru-laguntzak, beraz, itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira, eta lagun daitekeen inbertsioaren % 10 izango dira.

Diru-laguntzek muga maximoa izango dute, eta ezin izango dira, inola ere, enpresako 3.000.000 eurotik gorakoak izan.

Enpresa handiek 3 M€-ko inbertsio onartua egin beharko dute, eta gutxienez 20 enplegu garbi sortu beharko dute. Enpresa txikiek eta ertainek 750.000,00€-ko inbertsio onartua egin beharko dute, eta gutxienez 5 enplegu garbi sortu beharko dute. Era berean, aurrez adierazitako gutxieneko inbertsio onartuetara iristen ez diren enpresetako inbertsioak hartuko dira aintzat, baldin eta enpresa handien kasuan gutxienez 100 enplegu sortzen badute, eta enpresa txikien eta ertainen kasuan gutxienez 25 enplegu garbi sortzen badute.

Eskaerak, eskakizunak, jakinarazpenak eta laguntzak emateko deialdi honen ondoriozko gainerako kudeaketak bitarteko elektroniko bidez egingo dira, Herri Administrazioen Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Eskaerak eta erantzukizunpeko adierazpenak bitarteko elektroniko bidez tramitatzeko moduari buruzko zehaztapenak eta egindako inbertsioen justifikazioen zehaztapenak Interneteko helbide honetan osatuko dira: www.euskadi.eus. Eskaeraren, erantzukizunpeko adierazpenaren eta justifikazioaren eredu normalizatuak ere helbide horretan daude.