Nazioartekotzeko beken BEINT programa (Gobernu Bilera 2017-11-07)

logoconsejo.jpg

2017.eko azaroak 07

Eusko Jaurlaritzak nazioartekotzeko beken BEINT programa arautzen duen agindua onartu du. Bertan ezarri dira modalitateak, programa finantzatzeko kredituen zenbatekoa, eskabideak aurkezteko lekua eta epea, hautagaien merezimendua eta gaitasuna neurtzeko faktoreen ponderazioa eta fase bakoitzaren iraupena determinatuko dituen prozeduraren oinarriak.

Nazioartekotzeko beken programa berriak hiru fase izango ditu, eta gehieneko iraupena 23 hilabetekoa izango da. 

Prestakuntza-programa osoa 3 fasetan egingo da, eta bakoitzak bere epealdia eta ezaugarriak izango ditu:

1.Fasea: prestakuntza teoriko espezializatua

2. Fasea: prestakuntza praktikoa erakunde laguntzaileetan

3. Fasea: prestakuntza praktikoa enpresa laguntzaileetan

Fase bakoitza modulu bereizi gisa antolatzen da, eta bakoitzak bere prestakuntza-helburua betetzen du, programaren baitan, beraz, honako modalitateak egin ahal izango dituzte bekadunek:

a) A modalitatea: programako 1., 2. eta 3. faseen bidez ibilbide osoa egingo da.

b) B modalitatea: programako 1. eta 3. faseen bidez ibilbide murriztua egingo da.

Arauketa honen helburua da espezialisten giza kapitala sortzea eta dinamizatzea, nazioarteko merkatuetan enpresen ekimenei bermearekin heltzeko. Era horretara, nazioarteko mugikortasunaren eta nazioartekotzearen arloan titulua duten gazteak espezializatzeko programak hobetzea lortu nahi da. 

Enpresen Nazioartekotzeko Plana euskal enpresak nazioartekotzeko laguntza publikoak ordenatu eta sostengatzeko tresna da. 

Plan honek euskal enpresak merkatu globalean txertatzeko eta euskal enpresen nazioarteko lehiakortasuna sustatzeko jauzi kualitatiboa ahalbidetu nahi du. Balio erantsiko laguntza-esparru bat ezarri nahi da, jarduketak pertsonalizatuta eta segmentatuta, ekonomiaren nazioartekotze- eta irekitze-maila bultzatuta, kanpo-merkataritza indartu, sendotu eta dibertsifikatuta, atzerriko presentzia areagotuta eta agerian jarrita eta Basque Country marka maila globalean sendotuta.  

Helburu horiek betetzeko, zortzi ardatz estrategiko definitzen dira, eta horietako laugarren ardatza da nazioartekotzearen arloan espezializatuta dauden pertsona gaituak enpresetan integratzen laguntzea.