Musika Bulegoak saritu ditu Ramon Lazkano, Juan Ortiz, Elena Setién, Ruper Ordorika, Zuhainpeko Soinuak ikuskizuna, Berri Txarrak eta Jazzargia elkartearen lana

musik.jpg

2017.eko azaroak 29

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Etxepare Euskal Institutuak beste zenbait entitaterekin babesten duten Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteak (EHMBE) bere sarien bigarren edizioa ospatu du gaur, Donostiako Musikenen. Ramon Lazkano, Juan Ortiz, Elena Setien, Ruper Ordorika, Zuhainpeko Soinuak ikuskizuna, Berri Txarrak eta Jazzargia elkartea izan dira aurtengo sarituak, epaimahaiak hala erabakita. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ekitaldian parte hartu du.

Bigarren edizio honetako berritasun nagusietako bat Etxepare Euskal Institutuak ematen duen saria izan da, honen helburua euskal musikaren nazioarteko difusioa saritzea delarik. Erakunde honen zuzendari den Miren Arzalluzek Berri Txarrak talde nafarrari eman dio saria.

Berariaz eratutako epaimahai independente batek proiektuak aztertu ditu, guztiak 2016 urteko irailaren 1etik 2017ko abuztuaren 31 bitartean kaleratuak. Hainbat musikarik eta Musika Bulegoaren bazkideek parte hartu duten barne-prozesu batean proposatu dira nabarmendutako lan horiek. Zazpi sari horien irabazleetako bakoitzak 3.000€ eta Fernando Mikelarena eskultoreak egindako merezimendu sari bat jaso dute.

Aurtengo epaimahaia honako kideek osatu dute: Jon Bagüés, Eresbil musikaren euskal artxiboko zuzendaria; Aintzane Cámara, EHUko Musika Didaktikako irakaslea; YahVÉ M. De la Cavada, musika-kritikaria; Edurne Ormazabal, EITB-ko arlo komertzialeko zuzendaria; Ixiar Uria, musikagintzan aditua; Kristiñe Solano, trikitilaria eta musika irakaslea; Suso Saiz, musikari eta ekoizlea; eta Jose Miguel López, Radio 3 kateko Discópolis saioko zuzendaria.