Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak ikerketa soziolinguistiko bat garatzeko baliagarriak izango diren "Mingaina dantzan" udalekuak bisitatu ditu

Udalekuak_1.jpg

2017.eko uztailak 11

Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak ‘Mingaina dantzan’ udalekuen proiektua bisitatu du gaur, Mundakan. Ekimen honek eremu soziolinguistiko ezberdinetako gazteak bildu ditu eta beren arteko elkarbizitzaren testuinguruan ikerketa soziolinguistiko bat garatuko du. Analisi honen helburua erabilera sustatzeko tresnen eraginkortasuna aztertzea da, eta ondorioak baliagarriak izango dira etorkizuneko estrategiak diseinatzeko orduan.

Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, EUDELek eta UEMAk ere proiektu hau antolatzen kolaboratu dute. Proiektu pilotua da aurtengoa, eta lehen esperientzia honetan euskararekin harreman ezberdinak dituzten 30 gazte bildu dira Mundaka Hostelen. Euskadiko eskualde ezberdinetatik etorritakoak dira: Gasteiz, Barakaldo, Azpeitia, Oiartzun, Zumaia eta Gernika. Gazteak uztailaren 3an iritsi ziren udalekuetara eta bihar arte izango dira.

Miren Dobaran sailburuordeak proiektuaren funtsaz hitz egin du. “Gaztetxoentzako oso proiektu erakargarria landu da, eta lehen helburua eurek goza dezatela izan da. Hala ere, udaleku hauek berezitasun bat daukate: proiektu soziolinguistiko bati lotuta daude. Eremu soziolinguistiko ezberdinetako gazteak beren-beregi bildu ditugu leku zoragarri honetan, eta hemen sortzen den elkarbizitza horren inguruan ikerketa soziolinguistiko bat garatzen ari da”, azaldu du.

Izan ere, sailburuordeak azaldu duenez, erabilera sustatzea da Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren xede nagusietako: “Euskarak milaka eta milaka hiztun irabazi ditu azken urteotan, eta gehienak gazteak dira. Euskarak masa kritikoa irabazi du eta gaztetu egin da. Euskaldunon areagotze eta gaztetze prozesu horrekin batera, euskaldunon profila aldatu egin da. Hainbat hiztun eremu soziolinguistiko euskaldunetan bizi dira, baina beste askok ez dute euskara etxean jaso eta beren inguruan nahi baino aukera gutxiago dituzte euskara erabili ahal izateko”.

Ebete enpresa izango da ikerketa soziolinguistikoa garatuko duena, eta honen arduradun Iñaki Eizmendik proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu gaur. Zehaztu duenez, hiru mailatako tresnak erabiltzen ari dira udaleku hauetan, ahalik eta era ludikoenean: oinarrizko estrategiak, eusleen kontzeptuari lotutakoak eta erabileran gehien eragiten duten 12 faktore nagusien ingurukoa. “Baliabide batzuk lehenengoz garatzen ari dira, eta emaitzak oso positiboak izaten ari dira. Ikerketa honetatik aterako diren ondorioak oso baliagarriak izango dira etorkizunean”, azaldu du.

Ttakun Kultura Elkartea arduratu da udalekuen funtzionamenduaz; enpresa honetatik azaldu dutenez, egitarau erakargarria prestatu dute 12 eta 14 urte bitarteko gazte hauentzat. Aste honetan ETBko Goazen! telesaileko bisita izan dute gazteek, eta Urdaibai ingurua ezagutzeko aukera izan dute egunotan.