Javier Diéguez, Basque Cybersecurity Centre zentroko zuzendaria

Javier Diéguez, Basque Cybersecurity Centre zentroko zuzendaria

2017.eko irailak 22

Francisco Javier Diéguez Barriocanal da Basque Cybersecurity Centre-ko zuzendaria. Eusko Jaurlaritzak SPRI Taldearen bitartez sortu zuen Basque Cybersecurity Centre, zibersegurtasuna txertatzeko euskal enpresen artean. Bi zeregin handi ditu zentroak: bata, Euskadi Europako erreferentzia bihurtzea informazio- eta komunikazio-teknologia berrien aplikazioan eta, bestea, euskal industriari eta azpiegitura kritikoei estaldura eraginkorra eta fidagarria ematea, prebentzio- eta erreakzio-lanak eginez zibermehatxu edota zibererasoei erantzuteko.

Diéguez Ingeniaritza Informatikoan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, eta esperientzia zabala du zibersegurtasun arloan. Bere ibilbide profesionalari dagokionez, IKTen sektorean jardun du 20tik gora urtez, eta horietatik 12tan zibersegurtasun arloan aritu da lanean.

 

Javier Diéguez Zibersegurtasun arloko negozioaren garapeneko kudeatzaile izan da INDRA SISTEMAS konpainian, eta beste kargu batzuk ere bete ditu horren aurretik, hala nola, Espainia iparralderako eta enpresa elektrikoentzako zibersegurtasun arloko proiektuen kudeatzailea, IT aholkulari estrategikoa eta Segurtasun ikuskaria. Hainbat proiektu garatu eta abiarazi ditu mundu osoko enpresa pribatuetan, erakunde publikoetan eta gobernuetan.

 

Orobat irakasle izan da Madrilgo U-TADek, Teknologia eta Arte Digitaleko Unibertsitate Zentroak, antolatutako Zibersegurtasun Masterraren hiru edizioetan, non “Kontrol Industrialeko Sistemen Zibersegurtasuna” ikasgaia irakatsi baitu. Diéguezek aditu bezala kolaboratu zuen Azpiegitura Kritikoen Babeserako Zentro Nazionalarekin (CNPIC) Negozio Elektrikoaren Plan Estrategiko Sektorialak definitzeko prozesuan. Hainbat artikulu argitaratu ditu hedabide espezializatuetan eta hizlari aritu da zibersegurtasunari buruzko  zenbait aurkezpen eta hitzalditan.

 

Javier Diéguezek esan duenez, “Zibersegurtasun Zentro berri honekin urrats handi bat eman dugu Euskadik aurrera egin dezan etorkizun digitalerantz,  zibersegurtasuna funtsezko elementua baita pertsona guztion eskubideak bermatzeko eta industria-sarearen lehiakortasuna hobetu eta babesteko.”  

 

Une honetan, Zentroa azken tramiteak egiten ari da hemendik aste gutxira bere kudeaketa Arabako Teknologi Parkean kokatzeko. Zuzendaria bere karguan da irailaren hasieratik eta, Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantxa Tapiak duela gutxi esan bezala, dagoeneko hainbat tramite egin ditu Basque Cybersecurity Centre-k gertakari guztien kudeaketa koordinatu dezan eta nazioarteko beste CERT batzuekin koordinaturik jardun dezan. Zentroa etengabe harremanetan egongo da Ertzaintzarekin eta, hasieran, Alerta Goiztiarreko zerbitzua emango du, gertakariak atenditu eta kudeatuko ditu eta gai honi buruzko prestakuntza eta sentsibilizazioa eskainiko du.